Eraso homofobo bat salatu dute Errezilgo festetan

Udalak, festa batzordeak eta protokolo lantaldeak erasoa gaitzetsi dute, eta babesa adierazi diete jazarriei. Urola Erdialdeko Itaiak ere jazotakoa salatu du.

Eraso homofobo baten aurka egindako elkarretaratzea, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Eraso homofobo baten aurka egindako elkarretaratzea, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
nerea intxausti
2024ko ekainaren 17a
11:45
Entzun

Sanantonioak ospatu dituzte Errezilen (Gipuzkoa) asteburuan, baina, festa artean, eraso homofobo bat jasan du herriko bikote batek. Ostiral gauean gertatu zen, 22:30 aldera: bikotekide diren bi gizonezkok eraso homofobo bat jasan zuten beren bizitokian. Herriko nerabe batzuek txirrina jo zieten, atea behartu, eta leihora herriak bota; «espainol zikinak» eta «marikoiak» oihukatu zieten, gaztelaniaz. Erasoa egin zuten nerabeek aurpegia estalita zeramaten, eta indarkeriaz aritu ziren, Errezilgo Udalak jakinarazi duenez. 

Bikoteak aurrez ere jasan izan du jazarpena, erakundearen esanetan: etxeko txirrina jotzera joan izan zaizkie, baina ostiraleko erasoa «gogorragoa» izan zela adierazi dute. Udalak berak, festa batzordeak eta protokolo lantaldeak salatu dute gertaturikoa «larria» dela, eta ez dutela herrian inolako eraso homofobo, matxista edo baztertzailerik onartuko. Urola Erdialdeko Itaiak gaitzetsi du «LGTB kolektiboak egunerokoan bizi duen biolentziaren beste adibide bat» dela jazotakoa, eta erasoei aurre egin beharra nabarmendu du. 

Festen antolatzaileek babes eta elkartasun osoa adierazi diote bikoteari, baita dituzten beharrei erantzuteko prestasun osoa ere. Oraingoz, ez dute erasoa salatzeko elkarretaratzerik antolatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.