Eraso homofobo bat salatu dute bi gaztek Iruñean

Biktimetako batek X sare sozialean kontatu duenez, gizon talde batek irain homofoboak egin zizkien bi gazteei, San Fermin Txiki jaietan.

Eraso homofobo bat salatzeko elkarretaratzea, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Eraso homofobo bat salatzeko elkarretaratzea, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko irailaren 24a
10:30
Entzun

Iruñeko bi gaztek San Fermin Txiki jaietan gertatutako eraso homofobo bat salatu dute. Biktimetako batek X sare sozialean kontatu du gertatutakoa. Igande goizaldean, Alde Zaharreko Erronda pasealekuko harresian eserita zeuden gazteak, eta zazpi gizonezko gerturatu zitzaizkien, irainka: «Goizeko seiak ziren, eta Descalzos kaleko atzealdean geunden biok elkarrekin. Zazpi gizonez osatutako talde bat agertu zen, eta dirua eskatu ondoren gu inguratu eta komentario homofoboak botatzen hasi ziren», idatzi du gazteak. Haren esanetan, «maritxu zikinak» eta «hauek marikoiak dira, ze nazka» bezalakoak esan zizkieten, gaztelaniaz.

«Gero eta gertuago zeuden, eta haien jarrera oso oldarkorra zen», azaldu du gazteak X-ko mezuan: «Orduan batek bota zuen: 'lasai, nik dena errespetatzen dut, e? Gaixotasun guztiak', eta denak barrezka hasi zitzaizkion, eta beste batek 'zuek duzuen horretarako txertoa atera dute, baina ez duzue jarri, ze nazka' esan zuen bukatzeko». Zazpi gizonak «gero eta biolentoago» ari zitzaizkiela salatu du gazteak, baina, azkenerako, alde egin zuten: «Argi dugu guztiak izan zirela erasotzaile, hitz egin ez zutenak ere erasotzaileak baitira, konplize jokatu baitzuten».

Bukatzeko, halako erasoen inpunitatea bukatzeko deia egin du gazteak: «Horrelako gertakariek ezin dute inpunitaterik izan, eta argi esaten diegu kaleak ere gureak direla! Ez gaituzue beldurtuko! Gora borroka transbibollomarika!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.