Aralarko Done Mikel santutegiari (Uharte Arakil, Nafarroa) eraso egin diote gaur goizean. Nafarroako Eliza katolikoak salatu duenez, ezezagun batzuek juduen ikur den Daviden izarra margotu dute atean, eta jude idatzi dute izarraren behealdean —judua, alemanieraz—. Naziek juduak eta beraien ondasunak markatzeko erabiltzen zituzten sinbolo horiek. Atean pintaketak egin ostean, su eman diote.
Nafarroako elizak ohar bidez azaldu duenez, santutegiaren ondoan gaua pasatzen duen zaindaria ohartu da sutearekin. Abisu eman dio kapilauari, eta sutea itzaltzeari ekin. Suhiltzaileak eta foruzainak bertaratu dira, eta Foruzaingoak ikerketa bat ireki du gertaerak argitzeko. Suhiltzaileek ziurtatu dute sua ondo itzalita zegoela eta ez zegoela berriz pizteko arriskurik.
Elizak gaitzetsi egin du «Nafarroako zentro espiritual zaharrenetako eta errorik handieneko batek» erasoa jasan izana. Foruzaingoak gertatutakoa «ahalik eta azkarrena» argitzea espero du, eta «tolerantziaren eta errespetuaren alde» egitera deitu du. Aralarko Done Mikel santutegiak aurrerantzean ere «ateak zabalik» izango dituela adierazi du, «historia, debozioa, kondaira eta artea uztartzen dituen parajera biltzen diren fededunak, erromesak eta bisitariak hartzeko».