Eraso arrazisten aurka, batera

Merkataritza gune bateko zaindariek eginiko erasoa salatu du Mauritanian jaiotako gizon batek

Elurrak ez zuen uxatu jendea; elkarretaratzerako deiari askok erantzun zioten. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2015eko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Eraso arrazista gehiagorik ez lelopean dozenaka pertsona eta elkarte bildu ziren atzo, Gasteizen, elurteari aurre eginez. Gasteizko Arrazakeriaren Aurkako Plataformak deitutako elkarretaratzean sindikatu, alderdi politiko eta esparru anitzetako elkarte eta erakundeen ordezkariak elkartu ziren Urrezko Zeledoien plazan. Batetik, hirian salatutako azken eraso arrazistaren —gizon batek esan du eraso egin diotela— aurkako jarrera azaltzea zuten jomuga; bestetik, salaketa jarri duen gizonari babesa eskaintzea.

Salatu zuten gertaera iazko abenduaren 31n gertatu zen, Gasteizko Boulevard merkataritza gunean. Cheikh Ould Sid Mohamedek, Mauritanian jaiotako 46 urteko gasteiztarrak, orduan bizitakoa gogorarazi zuen elkarretaratzean. 19:50ean, denda batera joan zen jostailu bat aldatzera, sei urteko alabarekin lagunduta. Denda ixteko hamar minutu falta ziren arren, dendariak uko egin zion jostailua aldatzeari, denda itxita balego bezala.

Cheikhek «errespetu faltatzat» hartu zuen jokabide hori, eta jostailua aldatzeko eskubidea zuela esan zuen. Eztabaidan hasi ziren, merkataritza guneko zinpeko zaindariak agertu ziren arte; dendariek eman zieten azaltzeko abisua. Cheikh gela batean atxiki zuten Ertzaintza heldu bitartean, alabagatik bananduta.

Gela batean atxikia

Atxiki zuten unetik eraso fisikoak jasan zituela jakinarazi du Cheikhek, eta, besteak beste, «irain arrazistak» ere bai: «Zure herrira itzul zaitez, putaseme halakoa», «Gure dirua xahutzen ari zara»...Egun horretan bertan jarri zuen salaketa Ertzaintzaren aurrean; eraso fisikoen argazkiak aurkeztu zituen, eta ospitalean emandako txostena. Alabak ere arreta medikoa behar izan zuen; ospitalean antsietate sintomak atzeman zizkioten.

Cheikhek jakinarazi du oso minduta dagoela gertatutakoarekin, eta halako gertaerak ezagutaraztearen garrantziaz ohartarazi du. CEAR Iheslariak Laguntzeko Euskadiko Batzordera jo zuen, babes juridiko bila. CEAR Eraberean sareko kidea da —Tratu berdintasunerako eta diskriminaziorik ezerako sarea—, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Sailarekin eta etorkinen alorrean, ijitoenean eta LGTB kolektiboetan lan egiten duten beste 11 elkarterekin batera. Kasua aztertu zuten, baita salatzaileak aurkeztutako «datu objektiboa» aintzat hartu ere: ospitaleko txostena, salaketa... Egun informazioa osatzeko lanean ari da CEAR; besteak beste, Cheikhek salatutako gertaeretan parte hartu zuten zinpeko zaindarien nortasuna argitzen saiatzen ari dira, baita egun horretan segurtasun kamerek grabatutako irudiak eskuratzen ere.

Boulevardeko arduradunek jakinarazi dutenaren arabera, zinpeko zaindariak denda batean agertu ziren, hango langileek eskatuta. Langileen eta Cheikh Ould Sid Mohameden artean «bitartekari lanak» egin zituzten, baita Ertzaintzari hots egin ere, halakoetarako protokoloak agindutakoaren arabera. Boulevard merkataritza guneko arduradunek berretsi dute protokoloa bete zutela, «alde guztien segurtasuna bermatzeko».

Halaber, jakinarazi dute «zorrotz arbuiatzen» dituztela jokabide arrazista eta xenofoboak, baita sexua, arraza, erlijioa edota jatorriagatik gerta daitekeen diskriminazio oro ere.

Protokoloa, abiarazita

Gasteizko Arrazakeriaren Aurkako Plataformak protokolo bat prestatu du, eraso arrazistaren bat gertatzen den bakoitzean jarraibide batzuk izateko. Halako gertakari baten berri izandakoan, plataformak 30 minutuko elkarretaratze isil bat deituko du, Urrezko Zeledoien plazan. Halaber, erasoa salatu duen pertsonari babesa eskainiko diote gertatutakoa salatzeko orduan, bai plataformak berak, bai elkarretaratzearekin bat egiten duten gainerako elkarteek ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.