Seaskako hogei bat gurasok eta langilek ekintza bat egin dute Bordeleko errektoretzan, ikasleek azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko. Sarrerako atera kateatu dira batzuk, eta eraikinaren teilatura igo dira beste batzuk. «Mespretxuari stop!» eta «Azterketak euskaraz!» zioten pankartak zabaldu dituzte. EEPko ordezkariek eta Ipar Euskal Herriko parlamentariek bilkura egin zuten irailean Frantziako Hezkuntza Ministerioan, eta, ordutik, Pap Ndiaye ministroaren erantzun baten beha dira. «Ministerioak sortzen duen blokeoari guk ere blokeatze baten bidez erantzuten diogu», adierazi dute ekintzaileek. Frantziako hezkuntza administrazioak hizkuntza gutxituekiko eta bereziki euskararekiko duen politika «baztertzailea» salatu dute, eta Parisen «isiltasuna» eta «mespretxua» deitoratu.
07:30. Ateak irekitzekoak zituen oraindik Bordeleko errektoretzak. Orduan iritsi zen goizean goiz Ipar Euskal Herritik abiatutako guraso eta langile taldea. Horietako batzuek sarrerako atea itxi zuten giltzarrapo batekin, eta bi ekintzaile plastikozko hodi batekin kateatu ziren. Gauza bera egin zuten beste bi ekintzailek beste ate batean. Anartean, lau ekintzaile errektoretzako teilatura igo ziren zurubi baten laguntzaz, bertatik pankarta bat eskegitzeko.
Haserre mintzatu zen Jon Eiherabide gurasoa. «Aspertuta gaude egoerarekin. Urteak daramatzagu zilegi zaigun gauza bat eskatzen: azterketak euskaraz egitea». Irailean izandako bilkuratik isiltasuna erabatekoa dela gaitzetsi zuen, eta hori «mespretxu bat» iruditzen zaiela. «Bitartean, ondoko hilabeteetan brebeta eta baxoa pasatu behar dute gazteek, eta ez dute erantzunik», gehitu zuen. «Mespretxua» hitza erabili zuen Elena Etxeletek ere, atean kateatu zirenetako batek: «Ez dugu amore emanen, gure eskubidea baita azterketak euskaraz egitea».
Irailean izandako bilkuraren balorazio «baikorra» egin zuen EEPk, erantzunak «epe laburrean» jasoko zituztela erran baitzieten, baina ordutik ez dute berririk izan. Frantziako Hezkuntza Ministerioko ordezkariak Ipar Euskal Herriko hautetsiez «trufatu» zirela uste du Seaskak. «Hitz ederrekin lokartu» zituztela erran zuen Peio Jorajuria ikastolen lehendakariak urtarril bukaeran, eta iragarri zuen udaberrian «mobilizazio erraldoia» antolatuko dutela.
Seaskako kideek ekintza abiatua zutela, Anne Bisagni-Faure errektorearen kabineteko ordezkariek haiengana jo zuten bilkura bat nahi ote zuten galdegiteko. «Bilkurak egin ditugu aski; ez gara horretarako etorri», erantzun zien Santxo Ernaga gurasoak. «Orain erantzunak behar ditugu», aldarrikatu zuen. Frantziako Polizia ere bertaratu zen, baina ez zuen esku hartu. Ordu batzuen buruan, ekintza bukatutzat eman zuten Seaskako kideek. «Erakutsi dugu ez garela kontent. Ondokoan urrunago joateko prest gara», adierazi zuten Pantxika Jauregik eta Eiherabidek.
Ikasle, irakasle eta gurasoek desobedientziarako bidea hartu dute azken urteetan, eta ekintzak ugaritu dituzte. Iazko ekainean, Pirinio Atlantikoetako akademia ikuskaritzak Baionan duen egoitza okupatu zuten zenbait egunez. Anitz izan dira zenbait instantziarekin egindako bilkurak eta negoziazioak ere.
Erantzuteko eskatu dio Seaskak Parisi, errektoretzan kateatuta
Hogei bat gurasok eta langilek ekintza bat egin dute azterketak euskaraz egitearen alde, Bordelen, Hezkuntza Ministerioaren jarrera salatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu