'Egunkaria'-ren itxiera: 20 urte. Imanol Murua Uria. Kazetaria

«Erantzunik onena, indartsuena, zen egunkaria kalean jartzea berriro»

Itxi zuten egunkariaren parte zen; lehen lerroan aritu zen 'Egunero' egin zuen taldean ere. Kazeta haren bidea kontatu du orain Murua Uriak liburu batean. Sortu zen unetik, sorrera bera, erabakigarria izan zen.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
arantxa iraola
Zarautz
2023ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
«Traumatikoa» izan zen Egunkaria-ren itxiera. Gertaerari laztasunik ez zaiola kendu behar uste du Imanol Murua Uria kazetariak (Zarautz, Gipuzkoa, 1966). Baina kemena ere izan zen egun hartan, buru argitasuna, konpromisoa. Otsailaren 20 hartan bertan urratsak egin ziren hurrengo egunean berriro kioskoetan egoteko. Egunero kazeta egiteko prozesu hartan lehen lerroan egon ziren lankideetako bat izan zen. EHU Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle ari da egun, eta lehenengo egun horren eta egunkariak kalean egin zituen lau hilabeteen kontakizuna egin du liburu batean: Egunero behar genuen. Unibertsitatean bidea hasi zuenean eginiko lan akademiko batean du sorburua testuak, baina agerikoa da idazkeran kazetariaren begirada, egiteko era. Bertatik bertara ikusi zuen bidearen zati bat; «lehen pertsonan» daude hainbat pasarte. Gainerakoak oinarrituta daude Oskar Angulo, Andres Gostin, Joanmari Larrarte, Pilar Mendibil, Mikel Sorozabal, Igor Sota eta Manex Txopeitia kideei egin zizkien elkarrizketetan; orduan ardura postuak zituzten guztiek, eta denen ikuskerak josita osatu du kontakizuna.


Egunero, batez ere, «katebegia» izan zela adierazi duzu hitzaurrean. Zer esan nahi duzu?

Egunero, bere xumean, egunkari txiki bat izan zen. Bizialdi laburra izan zuen: lau hilabete. Gutxienez hamasei orrialde, eta gehienez ere 32 argitaratzen ziren, zuri-beltzean, erredakzio arrunt batek baino kazetari gutxiagorekin... Kazetari ikuspuntutik, gauza txiki bat zen. Baina nik uste dut denok jabetzen garela; garrantzi handia izan zuen guretzat. Garrantzia izan zuen alde horretatik, bereziki: katebegia izan zen. Ez dakit, uste dut une horretan intuizioa izan zela; ikusten genuen katea ez etetea inportantea zela. Indarrez itxi zigutenean, goiz hartan, aurreneko erabakia, aurrenetakoa, eta denok oso garbi genuena zen hurrengo goizean kalean jarri behar genuela euskarazko egunkaria; itxierari eman geniezaiokeen erantzunik onena, indartsuena, zen egunkaria kalean jartzea berriro. Eta lortu genuen lehenengo egun horretan; mirari txiki bat izan zela esango nuke. Gero, egunez egunez jarraitzea, euskarazko egunkariaren katea ez etetea inportantea izan zen. Egunero-k hori egin zuen; zubi lana izan zen Egunkaria-ren eta BERRIAren artean; hiru egunkari dira, baina proiektua bat da.

1998ko uztailaren 15ean Egin itxi zuten; hurrengo egunean kioskoetara heltzea lortu zuten erredakzio hartako kideek ere. Zer erakutsi zuen bide horrek?

Nik uste dut eragin handia izan zuela. Egunkaria itxi zuten egun hartan bertan, goiz hartan, erabaki hori garbi izan genuen, bagenekielako bost urte lehenago, Egin itxi zutenean, Egin-eko langileek horixe egin zutela: itxierari erantzun zioten Euskadi Informacion hurrengo egunean kalean jarrita, eta izenburuan Egin egingo dugu iragarrita. Kapitulu bat eskaini diot esperientzia horri, garbi ikusten dudalako bidea erakutsi zutela. Eta Egunkaria itxi eta hurrengo egunean, Egin egingo dugu jarri beharrean, Itxia, baina ez isildua jarri genuen guk, antzeko espirituarekin.

Egunero-k jaso zuen babesa izan zen beste ezaugarri nabarmenenetarikoa...

Egunkaria-ren itxieraren erantzunaren kontakizuna egiteko horren inguruan egon zen olatu guztia kontuan hartu behar da. Erantzuna, gainera, ez zen mugatu Egunero ateratzera eta gero BERRIA Sortzera. Hor dago mobilizazio ikaragarri bat, mobilizazio kate bat, ekitaldi pila bat, eta herriz herri antolamendu bat horri erantzuteko... Eremu politikoan ere adostasun handia egon zen gurekin bat egiteko. Elkartasun orokor horren barruan, zentzu praktikoago batean, laguntza handia eduki genuen alor askotan. Egoitzak doan utzi zizkiguten, altzariak, ordenagailuak... Laguntza handia eduki genuen. Gure sektorean ere bai, non inprimatu erabakitzeko orduan-eta. Iruñean inprimatu genuen egunero, baina, badaezpada ere, Guardia Zibila agertuko ote zen ez genekienez, Gara-rekin eta Diario Vasco-rekin ere hitz egin genuen; haiek ere prest zeuden Egunero han inprimatzeko. Aurreneko egunean ez geneukan agendarik, argazkirik, artxiborik, eta beste hedabideetako langileek ere asko lagundu ziguten gutxieneko horiek lortzen. Eta, gero, Egunero-k izan zituen Egunkaria-k eduki zituena baino askoz ere irakurle eta erosle gehiago...

Oso arrakastatsua izan zen...

Bai, Egunkaria itxi zutenean, oker ez banago, 20.000 ale botatzen ziren egunero. Egunero-ren lehen zenbakiarekin, 60.000 inguru. Hurrengo egunetan ere hor ibili zen. Gero, pixkanaka jaitsiz joan zen. Euskarazko egunkari bat inoiz ez zen horrenbeste saldu, inoiz ez zituen horrenbeste irakurle izan. Jende askok Egunero-rekin izan zuen lehen harremana euskarazko prentsarekin: hori pentsatzea ere polita da.

Ikusi gehiago:«Urdina: urdina alde guztietan»

Ez zen inoiz egunkari estandar bat izan. Ez zen nahi ere, ezta?

Aurreneko bederatzi egunetan monografikoa izan zen, albiste bakarreko egunkaria: Egunkaria-ren itxierari buruzko egunkaria. Gero ja hasi ginen egunkari estandarraren itxura ematen, informazio orokorreko egunkari bihurtu genuen, baina inoiz ez zen izan itxi ziguten egunkari horren antzeko produktu bat. Egia da behin hasierako kolpea pasata posible genuela Egunero oparoago bat egitea, orrialde gehiagorekin, koloretan... Baina erabaki zen, eta nik uste dut oso egoki, egunkari berria sortu bitartean garbi utzi behar genuela behin-behineko egunkari bat zela.

Instituzioen jarrerari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren partetik izan zen ahalegin bat egitasmoaren izaera birbideratzeko. Kultura sailburu Miren Azkaratek Egunero-n bertan argitaratu zuen artikulu batekin hasi nahi izan zuen eztabaida. Nola erantzun zion horri lantaldeak?

Egunero kalean jarrita azpimarratu genuen guk genuela Egunkaria-rekin jarraitzeko zilegitasuna, Egunkaria-ren espiritu berarekin jarraitu nahi genuela, eta uste genuela gure irakurleek ere hala nahi zutela. Gero, Egunero bazen iritzien plaza bat ere: Egunkaria-ren itxieraren kontrako plaza ere bihurtu zen, eta horren inguruan sortu ziren eztabaiden plaza. Eta momentu jakin batean bai, Eusko Jaurlaritzatik iritzi bat etorri zen, Miren Azkaratek sinatua, borondatea agertzen egunkari berriaren sorreran esku hartze zuzena izateko, eta eragile askoren artean zerbait berria egiteko, iradokita zerbait «pluralagoa» behar zela... Langileok horri berehala beste iritzi artikulu batekin erantzun genion. Elkarlana, independentziatik zuen izenburua. Esan genuen egunkari berria Egunero egiten genuenok egiteko borondatea geneukala, zabaltasun berarekin, pluraltasun berarekin, espiritu berarekin... Instituzioekin elkarlanean, baina independentziatik. Azkenean, garbi geratu zen zein bide hartuko genuen, eta egunkari berriaren oinarriak lehengoak izango zirela.

Prozesua gertutik aztertuta, zeuk barruan dituzun oroitzapenetatik ere edanda, zer uste duzu? Zein izan zen aurrera egiteko erregaia?

Funtsean, nik uste dut zegoela proiektuarekiko atxikimendu handi bat. Hor lan egiten genuen guztiok geneukan atxikimendu indartsu hori: hori ez zen guretzat ofizio bat, edo ez zen behintzat ofizio bat bakarrik, askoz ere gehiago zen. Eta bidegabekeria hori egin zigutenean, hain gurea sentitzen genuen proiektu hori hain modu bidegabean itxi zigutenean, horrek erregaia eman zigun... Hor nahastu ziren, batetik, proiektuarekiko atxikimendua, eta, bestetik, egin zigutenaren erreakzioz sortu zitzaigun amorrua. Hor erantzutea beste biderik ez zegoen, eta uste dut talde moduan kohesio handiarekin funtzionatu genuela. Beraz, Egunkaria-ren itxierak dituen alde txar guztiekin ere, zeren eta alde txarrak ditu, batez ere; euskaldunoi egin ziguten erasoa, atxilotu eta torturatuei giza eskubideen aldetik egin zietena, adierazpen askatasunari edota informazio eskubideari egindakoa, edota langile guztioi ere bai: kale gorrian geratu ginen guztiok... Alde ona da, ordea, erantzuna: nola erantzun zitzaion, nola erantzun genion guk, gu oso zabal bat hartuta. Erantzun horretan kontakizun asko egon daitezke, eta horietako bat da Egunero-rena. Erantzunaren gakoetako bat da Egunero.

Ikusi gehiago:ATZERA-BUELTARIK GABEKO INJUSTIZIA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.