Ttotte Etxebeste. Autonomia Eraikiko kidea

«Erantzuna eman behar dute alderdi frantsesek»

Gaur eta bihar autonomiari buruzko topaketak eginen ditu Autonomia Eraikik Baionan. Bertan izanen dira Aland uharteko ordezkariak eta Donostiako zein Gipuzkoako Aldundiko ordezkariak.

Aitor Renteria.
Baiona
2011ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Hirugarren aldiz antolatu du Autonomia Eraikik autonomiari buruzko topagune edo foroa. Frantziak lurralde erreforma egin nahi duen garaian, Pays izeneko egitura deuseztuko dutela dirudi, eta, ondorioz, dauden tresna xumeak desagertzeko zorian daude. Departamendua ere horren jomugan dago. Autonomiaren aldarriak gero eta sostengu gehiago biltzen ditu.

Hirugarren aldiz antolatu duzue autonomiari buruzko foroa. Zein da aurtengo berezitasuna?

Erakutsi nahi dugu biztanleria txikia bada ere posible dela egitura politiko azkarra ukaitea. Aland uharteak hartu ditugu adibide gisa. 26.000 biztanle ditu, eta Europako autonomiarik azkarrenetariko bat. Autonomia, beraz, ez da jende kopuruaren arabera baloratzen, eskumenen arabera baizik. Bigarren ardatza Euskal Herriaren ukazioa da. Ipar Euskal Herriak ez du erakunderik, ez du hitzik. Antolaketa politiko azkarra lortuko balu, ahalmenak genituzke Hego Euskal Herriarekin batera eraikitzeko garapena, behar ditugun lotura sendoak eginez. Herri bat gara, eta instituzioa urrats sendoa litzateke nazio eraikuntzaren ildoan.

Ipar Euskal Herrian ez da adostasunik lortu instituzioaren inguruan. Zatiketa gainditzeko erarik bada?

Departamenduaren gaia iragana da. Lurralde erreformarekin desagertzera doa epe laburrera. Horregatik, Baterak, departamendua baztertu, eta lurralde egitura eskatzen du. Eztabaida bi elementuren inguruan ematen da, lurralde egitura edo autonomia. Garrantzitsua ez da izena, tresnaren eskumenak baizik. Erakunde horren markoa zehaztea, batetik, eta, bertzetik, eskumenez hornitzea. Herri honek bizitzeko behar dituen eskumenak argitu behar dira. Instituzioak bereganatu behar ditu departamenduen eskumenak, Akitaniarenak eta estatuaren batzuk. Bereziki hizkuntza eta hezkuntza mailan, Hego Euskal Herriarekin harremanak garatzeko eskumenak, lurralde antolatzeko eskumenak...

Alsaziaren adibidea ekarriko duzue gogora topaketetan. Zer du berezi?

Ez da abertzaleen aldarria, herritar eta hautetsien gehiengoarena baizik. Alsazia bere osotasunean bilduko duen erakundea aldarrikatzen dute. Alsaziako kolektibitate bakarra deitzen dute. Lehen aipatu ditudan eskumenak eskatzen dituzte. Eredu ona dugu. Ez dut uste lurralde erakundearen eta autonomiaren arteko eztabaida edo borroka piztu behar denik. Funtsean osagarriak izan daitezke. Abertzale gisa, autonomia da egiturarik egokiena, baina ez da bihar lortuko. Premiak urratsak egitera bultzatzen du, eta lurralde erakunde hori autonomiara heltzeko urratsa da.

Herri galdeketa edo erreferenduma beharko litzateke, eta Frantziak ez du onartzen. Bada aukerarik bertako eragile guztiak ados jartzeko?

Ez gara hutsetik abiatu. Azken hogei urte hauetan izan dira urratsak. Herritarren eta hautetsien gehiengoak ezagupen instituzional berezia eskatzen du. Argi azaldu da hori Baterak egindako kanpainetan eta galdeketetan. Frantziak badaki nahi hori indartsua dela, eta horregatik ez du herri galdeketarik nahi. Demokraziaren arauak hausten ditu. Legeak onartzen ditu tokiko galdeketak, baina euskal herritarrei ukatzen digute. Korsikan onartu zuen erreferenduma egitea. Alsazian abenduaren 1ean hautetsien gehiengoak ofizialki eskatuko du instituzioa, eta 2012an erreferenduma eginen dute. Hemen ez dago horrelakorik.

Aieteko konferentziaren ondorioz, jarrerak aldatu dira. Aukerarik bada eragile politikoak ados jartzeko?

Gatazka politiko bat dago hemen, eta Donostiara joan diren hautetsiek onartu dute. Arazo politikoaren konponbidea ezagupen instituzionaletik pasatzen da. Abertzaleek hainbat proposamen egin ditugu hogei urtean. Orain hemengo hautetsiek eta alderdi frantsesek eman behar dute erantzuna, proposamenak eginez. Ekintzetara pasatzeko garaia da.

Tokiko hautetsi horiei ez ote dizkie Parisek mugarri berberak ezarriko?

Gerta daiteke. Abertzale eta ez abertzale, adostasuna lortu behar dugu indar harreman bat sortzeko Frantziako Estatuari begira. Frantziak ez digu deus oparituko. Ezin dira errepikatu joan den mende bukaeran gertatu direnak. Aldarriak isilarazteko, sasi-erakunde ugari asmatu zituzten. PaysPays basque izeneko egitura bat asmatu zuen Frantziak botere eta erabakitzeko eskumenik gabe. Tresna hori aldarria itotzeko zen. Lurralde erreformaren harira, euskal metropolia sortzea aipatzen dute batzuek. Hutsa errepikatzea da hori. Herritarrek erabaki behar dute nolako egitura nahi duten eta nolako geroa.

Gizartean edo alderdien artean eztabaida garatzeko markorik bada?

Eredu zehatz bat hartzeko, Korsikan indarrean dagoen egituratik abiatuko nintzateke. Egitura hori ez da bukatua, eta ez da abertzale gisa nahiko genukeena. Baina oinarri bat badu. Abia gaitezen horrelako eredu batetik, eta egokitu dezagun gure errealitatera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.