Greba osakidetzan

Erantzun zabalagoa izan du gaurko grebak Osakidetzan

Manifestazioak egin dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen, hitzarmen berriaren negoziazioak geldituta daudela salatzeko

Eserialdia egin dute Bilboko manifestazioan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Javi West Larrañaga.
2023ko maiatzaren 19a
13:53
Entzun

40 urte bete ditu gaur Osakidetzak, baina, urtebetetze borobila izanagatik ere, ez da alaia izan langile askorentzat. Bigarren greba eguna izan dute, Osakidetzaren «desegitea» salatzeko.

Jende andana bildu da sindikatuek Bilbon, Donostian eta Gasteizen deitutako manifestazioetan, eta salatu dute hitzarmen berriaren negoziazioak etenda daudela. Eurekin jesartzeko deia egin diote sindikatuek Osasun Sailari. «Urte hauetan galdutako erosahalmena berreskuratu nahi dugu, eta duela hamalau urteko lan hitzarmena eguneratu», aldarrikatu du ELAko Esther Saavedrak.

Sindikatuen arabera, erantzuna %65ekoa izan da gaur —atzo, %50eko datua eman zuten— baina Osasun Sailak %14,51n kokatu du —atzo, %10ean—. Datuen dantza hau gurata egin duela leporatu diote Osasun Sailari, «grebaren eragina gutxiesteko». Sindikatuek azaldu dutenez, Osakidetzak langile kopuru osoaren arabera kalkulatu du ehunekoa, eta ez zerbitzu minimoen ondorioz greba egiteko eskubidea zenbatek daukaten kontuan hartuta.

Hala ere, SATSE sindikatuko Amaia Mayorrek adierazi du oztopoak ipini dizkietela zenbaketarako, Osakidetzako zentralak agindu dielako osasun zentroei parte hartze datuak ez emateko. Haren berbetan, greba atzokoa baino oihartzun handiagoa izaten ari da, batez ere lehen mailako arretan, «haren egoeragatik».

Berriro «harrotasunerako arrazoia»

Osasun langileen prekarizazioan ipini du arreta Mayorrek: «Langileek ez dituzte kontratu duinak, eta lana eta familia bateratzea oso zaila egiten zaie». Bide luzeko arazoa dela uste du LABeko Jessica Gondrak: «Ez da bakarrik osasun langileen falta: pribatizazioa eta inbertsio falta ere arazoaren parte dira».

Sindikatuek lan eskaintza publikoen aferagatik ere kritikatu dute Osasun saila. Izan ere, langile askok oposizioak alferrik egiteko arriskua dute, aurreko LEP lan eskaintza publikoko azterketen emaitzak ez dituztelako jaso.

«Langile falta», «lan karga handiak», «plantillaren zahartzea» eta «bete bako akordioak» zerrendatu ditu UGTko Mari Feli Camposek, eta azpimarratu du «itxaron zerrenda luzeak» horien ondorioz sortzen direla. «Osakidetzaren sorreratik 40 urte igaro direla ospatu nahi badute, kontuan izan behar dituzte langileen eskaerak: entzun, negoziatzera jesarri eta baldintzak hobetu».

«Nahi dugu Osakidetza berriro izatea bertan lan egiten dutenen eta euskal gizartearen harrotasunerako arrazoia», aldarrikatu du SATSEko Mayorrek txalo artean, manifestazioaren akaberan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.