Mila Elorza. AHT Gelditu Elkarlana koordinakundeko eleduna

«Erantzun sendoagoa espero nuen AHTaren aurka; ahultzera jo du»

Gardentasun falta sumatu du Elorzak erakundeen egitekoan. Salatu du zenbait hedabide «parte hartzerik eza» sustatzen ari direla, eta posible deritzo oraindik AHTa etetea. Tokian tokiko garraio sare baten alde da.

Oihan Vitoria.
Donostia
2014ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Bergarako Angiozar auzoa (Gipuzkoa) du bizitoki Mila Elorzak (Bergara, 1963). AHT Gelditu Elkarlana taldeko ordezkaria da, eta parez pare dauka tren lasterraren Bergarako lotunea: hurbiletik bizi ditu «ondorioak». Mesfidantzaz begiratzen dio Eusko Jaurlaritzari, enpresen menpe ari delakoan.

Euskal Y-aren zati gehienak eraikitzen ari dira jada. Zein da proiektuaren egoera uneon?

Lanak zatika egiten hasi dira, jendeak pentsa dezan bide onean eta amaitzear daudela. Baina gezurra da. %40 ere ez dago martxan, eta hiriburuetarako sarbideak argitu gabe daude: ez dakigu noiz, nondik eta nola egingo diren. Arazo ekonomikoa ere agerikoa da: Gipuzkoako lanak egiteko, Jaurlaritzak mila milioi euro baino gehiago aurreratu ditu bere patrikatik, eta %77 jasotzekoa du Madrildik.

Berriki, justifikatu gabeko kostu irregularrak atera dira argitara.

Proiektuak %20ko gainkostua du. Salatua dugu lehenago ere enpresei lanak eman aurreko azterketak ez direla behar bezala egiten.

Zer dela-eta gertatzen da hori?

Lan guztiak ahalik eta kopuru baxuenaren truke adjudikatzen dituzte erakundeek. Eraikuntza enpresek badakite ez dela aski, baina erakundeek ez dute ezertxo ere egiten hori saihesteko. Enpresen menpe daude sarritan, eta tartean beti daude ezusteko arazo teknikoak eta. Zergatik gertatzen da hori? Aurretik ez dutelako azterketa era aproposean egin. Begi bistakoa da: trikimailuak dituzte bien interesen alde egiteko.

Ustelkeria kasuak ere azaleratu dira Madril-Bartzelona tartean. Halakorik egon al da hemen?

Bagenituen susmoak aspalditik, eta, azkenean, berretsi egin dira. Iruzurren atzean dauden enpresak agerian geratu dira, eta gurean lanean jarraitzen dute oraindik. Corvian-Isoluxek, adibidez, bederatzi milioi euroko gainkostua du Tolosa-Hernialde tartean. Auzipetua ere badago. Egoera horretan, ez luke segitu beharko lanean. Azken finean, euren artean banatzen ari dira pastela. Herritarrok ez dakigu ezer horri buruz, publikoa behar lukeen informazioa ezkutuan gordetzen baitute.

Zer-nolako harremana du Eusko Jaurlaritzak AHT Gelditurekin?

Batere ez. Orain dela hilabete gutun bat entregatu genion, bilera formal bat galdegiteko, eta oraindik ere ez dugu erantzunik jaso.

Espainiako Gobernuak Bergarako lotunea egiteko lanen kudeaketa Jaurlaritzaren esku utzi du. Nolako ondorioak izango ditu?

Osasunean, hezkuntzan, gizarte laguntzetan... Murrizketak ekarriko ditu. Eusko Jaurlaritzak bere gain dituen betebeharrak albo batera laga beharko ditu. Jakinda Sustapen Ministerioak banketxeekin, Europako Batasunarekin eta Jaurlaritzarekin duen zorra, zelan da posible dirua aurreratzeko prest egotea? Ez dut ulertzen.

Posible da oraino AHTa etetea?

Posible soilik ez, beharrezkoa da. Ondorengoei zerbait utzi nahi badiegu, derrigorrezkoa dugu gelditzea. Indarrak metatzea eta eztabaidak prestatzea dagokigu, iritzi trukeak egon daitezen. Goitik behera aldatu behar dugu eredua.

Zer esango zenioke AHTa gelditzeko itxaropenik ez duen horri?

Esku hartu behar dugula, kapitalismoaren atzaparretatik ihes egiteko. AHTa kapitalismo basatiaren ikurra dela, muturreko azpiegitura bat. Dirua du funts, multinazionalen zerbitzura jartzen baikaitu. AHTaz harago doa arazoa; sistema jarri behar da zalantzan.

Aldarria apaldu egin dela dirudi.

Erantzun sendoagoa espero nuen AHTaren kontra. Ahultzera jo du mugimenduak. Etsipen giroa igarri dut, eta hedabideek badute zeresana; interesengatik, parte hartzerik eza bultzatzen ari dira. Mugimendua gutxietsi, eta beldurra zabaldu dute. Geure mezua isilarazteko erabiltzen dute boterea. Kontzientzia handiagoa behar da.

Zein garraio sare duzue ontzat?

Tokian tokiko beharretara egokitutako garraio sarea behar dugu. Udalerri txikietara iristen den garraio duina, jendea duena oinarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.