Eskola Txikia zabaltzekoak dira hurrengo ikasturtean Barrundian (Araba). Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak baimenduta, Arabako lautadako udalerri horretako gurasoek han eskolaratu ahal izango dituzte 2 eta 12 urte bitarteko haurrak. Aurrematrikulazioak egin zituzten udaletxean, eta 21 ume izena emanda zeudela argitaratu zuen Hezkuntza Sailak otsail amaieran. Dena ongi, horrenbestez. Baina sail horrek berak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetarako datorren ikasturteko behin-behineko zerrendak kaleratu zituen joan den martxoaren 17an, eta Barrundiako Udalean ez dute jaso dagokien zerrenda. «Berez, zerrenda horretan agertu behar dira onartutako umeak», adierazi du Igor Medina alkateak. Duela bi aste idatzi bat bidali zion Hezkuntza Sailari, argibideak eskatzeko, baina oraindik ez diote erantzun. «Ez dakigu zer gertatzen ari den. Erantzun bat nahi dugu». Kezkatuta dago.
Izan ere, baliteke azkeneko urteotan Etxeako guraso elkartearen ekimenez Ozetan —hamahiru herrik osatzen dute Barrundia— gauzatu asmo duten proiektua kolokan egotea. Alkateak nabarmendu du eskola bat irekitzeko Jaurlaritzak ezarritako gutxienekoak betetzen dituela Barrundiakoak: «Eskola Txikia irekitzeko, beharrezkoa zen hamasei haur egotea; berdin du zenbat aurrematrikulatu diren Haur Hezkuntzan eta zenbat Lehen Hezkuntzan». Lehen zikloan hamabost haur matrikulatu dituzte, eta bigarrengoan, sei; hortaz, 21 guztira. Medinak gogoan dauka joan den urtarrilaren 15ean Hezkuntza Sailarekin egindako bilera: «Hezkuntza Sailak esan zigun gela bat edukiko genuela Haur Hezkuntzan eta beste bat Lehen Hezkuntzan». Bilera hartan ez zuten ezer idatziz erregistratu, ez zuten erabakia ofizializatu. «Erabakia behingoz mahai gainean jartzea nahi dugu». Hezkuntza Sailarekin hitz egiten ahalegindu da BERRIA, baina ez du auziari buruzko azalpenik jaso.
Bitartean, haserre daude Etxeako osatzen dutenak; «haluzinatzen», Aixona Saez de Okariz guraso elkarteko kidearen esanetan. Lehengo ostegunean, gainera, «albiste oso txar bat» eman zieten. «Hezkuntza Saileko norbaitek guraso bati deitu zion telefonoz, esateko Haur Hezkuntzako gela egongo dela, hori dirudiela, baina Lehen Hezkuntzakoa ukatuko digutela». Salatu du gurasoek ez dutela informazio ofizialik jaso. «Legez eskatutakoa betetzen badugu, zergatik nahi gaituzte baztertu?». Saez de Okarizek ezin du egoera ulertu. «Tratua nahiko iraingarria izaten ari da».
Kontatu diotenez, Hezkuntza Sailak Lehen Hezkuntzako gelarekin «atzera egiteko» arrazoia da haurrak matrikulatu dituzten familietatik hiru ez daudela Barrundian erroldatuta. «Iaztik jakina zen hiru familia horiek proiektuan parte hartzen ari zirela», jakinarazi du guraso elkarteko kideak. Iruditzen zaio hori ezin dela argudio bat izan. «Gure haurrak Aguraingo eskolara joaten dira. Hala dagokigu. Baina Barrundian badira familiak haurrak beste eskola publiko batzuetara eramaten dituztenak, eta ez da arazorik egon. Zergatik ezin dira etorri beste herri batzuetako familiak gure proiektuan parte hartzera?». Alkatearen iritziz, horrek ez luke arazo bat izan beharko.
Barrundiak 880 biztanle dauzka, eta horietatik 85 dira 2 eta 12 urte artekoak. Haurtzaindegia dute Ozetan, eta han dira Eskola Txikia irekitzekoak, behinola udaletxea egondako tokian, Ekinbide eraikinean. Saez de Okarizek gogoratu du egitasmoa bultzatzen hasi zirenean «utopia bat» iruditzen zitzaiela. Baina baieztatu zuten bazirela haur nahikoa, bazeukatela eraikin bat —udalak 74.000 euro inbertituko ditu Ekinbide zaharberritzen—, eta bazirela behar beste guraso «konprometituta» hurrengo ikasturtea Eskola Txikian egiteko. «Udalerri gisa dagokigun zerbitzu publiko bat da, botika, medikua edota udala bera ditugun bezala».
Barrundiatik hamabost bat kilometrora dago Agurain —gutxi-asko, Gasteiz bezala eta bere semeak egunero «lekualdaketa» hori saihestu ahal izatea nahi du gurasoak, «hurbilago» dagoen eskola batera, aukeratu duten bizimoduarekin «bat egiten duen» zentro batera joateko aukera eduki dezan. «Pribilegio bat dela dirudi, baina eskubide bat da hurbilekoa den eskola publiko bat edukitzea». Ulertzen ditu, ordea, haurrak beste eskola batzuetara eramaten dituzten gurasoak. «Haur batek sei-zazpi urte daramatzanean eskola batean, badago bi urterako eskolaz mugitzea gero aurrekora eramateko 12 urte betetzen dituenean... Normala da».
Etxeakoko kideak ez daki zein «asmo» dituen Hezkuntza Sailak, baina azpimarratu du familia batzuk «konbentzituta» daudela haurrak Eskola Txikira eramango dituztela. «Eta, gainera, haienseme-alabei» jakinarazi diete. Jaurlaritzari eskatu dio «haurrengan» pentsa dezala. Guraso elkarteak ez du baztertzen auzitara jotzea.
Ekinbidea aurrera doa. Medina alkateak azaldu duenez, arkitektoak osatu du eraikina zaharberritzeko proiektua, eta, hortaz, lizitazioa ateratzea eta lanak esleitzea dira eman beharreko hurrengo bi pausoak. «Koronabirusa dela eta, epeak luzatu egingo dira, baina uste dut denboraren barruan gaudela lanak burutzeko».
Ez du ibili nahi, «urte hauetan guztietan bezala», Hezkuntzakoen atzetik, baina mahai gainean erantzun bat eduki nahi du.
«Erantzun bat nahi dugu»
Jaurlaritzak ez du argitaratu Barrundian irekitzekoa den eskolan aurrematrikulatutako ikasleen behin-behineko zerrenda. Udalaren eta gurasoen esanetan, gutxieneko baldintzak betetzen dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu