Erantzun bakarrik ez

Jaurlaritzako Hizkuntza sailburuordeak dio arnasguneei buruzko analisia ezin dela mugatu gune geografikoetara, beharrezko diren arren

Donostian aurkeztu zuten kanpaina berria, atzo. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena
Donostia
2015eko otsailaren 13a
00:00
Entzun
«Kezkaz eta arduraz» ikusten du Eusko Jaurlaritzak «euskaldunen kontzentrazioa» txikitzea herririk euskaldunenetan, baina uste du egoera soziolinguistikoaren analisiak hori baino gehiago hartu behar duela kontuan. Hala esan du Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak: «Badakigu beharrezkoa dela behar besteko dentsitate demografikoa egotea, euskaraz dakienak erabili ahal izan dezan; ez dela nahikoa gero eta gehiago izatea, ez badago sakabanaketa gainditzen ez duen nukleo geografikorik. Baina gune horiei buruz aritzen garenean gune geografikoetara mugatzen badugu analisia, eta gune funtzionalen garrantzia ahaztu, analisi erraz samarrak egiteko arriskua dago. Horregatik, ez dago erantzun bakar bat».

Hausnarketa hori egin du Soziolinguistika Klusterrak egindako azken ikerketaz galdetuta—eremu euskaldunenetan ahultze bat nabari da—. Baztarrikak argitu du ez dituela esku artean datu horiek, baina Eustatek egindako V. Mapa Soziolinguistikoaren (2011) datuak gogoan eman du erantzuna. Hor modu askotako aldaketek eragin dutela azaldu du, eta «txanponak bi alde» dituela. Adibidez: «Orain dela 35 urte, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako familia gehienetan ez zegoen kide bat bera ere euskaraz zekiena. Gaur, etxerik gehienetan bada norbait euskaraz dakiena, gutxiago izan arren kide guztiak euskaldunak dituzten familiak».

Hori ikusirik, hiztunen komunitatea «trinkotu eta aktibatu» beharra dagoela nabarmendu du, «euskararen erabilera gero eta leku eta testuinguru gehiagotan legitimatu» behar dela.

'Txipa aldatuko bagenu?'

Helburu horrekin jarri dute abian Eta txipa aldatuko bagenu? egitasmoa ere: «Hiztunak bilatzeko». Egunerokoan «oso ohikoak» diren egoerei buruz hausnartzeko gonbita egin nahi diete euskaldunei. Erabiltzekoa, alegia; askotan «hain erraza» ezdela jakin arren. «Korapilo» asko baitaude hizkuntza batera edo bestera jotzeko hautuaren atzean: «Ahal dugun eta nahi dugun herritarrok, askotan, intuizioz hautatzen dugu lehen hitza: zalantzaren bat dugunean erdarara joz, ohartzeke».

Sei bideo egin dituzte, umorea erabilita, eguneroko egoeretan agertzen diren jarrerei buruzkoak. Bat, adibidez, zenbait testuingurutan lehen hitza euskaraz egitearen inguruan; beste bat, euskaraz ikasten ari direnekiko jarrerez; eta, beste bat, taldean erdaldunen bat dagoenean euskara baztertzeko joerari buruz. Umorearen bidez eragin nahi dute hizkuntza ohitura horietan. «Euskaldun garenontzat, ez gara ezer berri esaten ari. Ez gatoz inori errieta egitera».

Webgune batean bildu dituzte bideoak; lau daude ikusgai oraingoz, eta datozen «bizpahiru hilabeteetan»jarriko dituzte beste biak. «Txipa aldatzea» da nahi dutena: #aldatutxipa traola erabiliko dute sare sozialetan ere. Poziktibity kanpainaren barruan dago egitasmoa, eta herritarrei dei egin diete zabaltzen laguntzeko. Jarrera «positiboa» izateko: «Etsipenezko mezu ilunek ez diote ezer ekartzen euskarari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.