Erantzun alternatibo bat gatazkentzat

Centre Delas elkarteak antolatutako Bake Eskoletan mugimendu antimilitaristak eta bakezaleak izan dituzte hizpide. Egoerak hala behartuta, Ukrainako gerra eta herrialde hartan esku hartzeko bideak izan dira eztabaidagai nagusiak.

Iñaki Otamendi, Donostiako Teila Fabrikan eginiko jardunaldian, atzo. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iosu Alberdi.
Donostia
2022ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
«Gizarteak gatazkatsuak dira», eta «gatazkak ez dira bere horretan negatiboak». Bi ideia horiek oinarrizkotzat jo ditu Granadako Unibertsitateko Bake eta Gatazken Institutuko ikerlari Diego Checak. Hortik aurrera, erabaki beharra dago: «Indarkeria erabili edo gatazka bide baketsuetatik jorratu». Indarkeriarik eza, antimilitarismoa eta ekintza pazifista izenburupean eginiko mahai inguruan azaldu ditu Checak posizio horien arteko aldeak, Centre Delas elkarteak antolatutako Bake Eskolek Donostian egin duten geldialdian. Ezinbestean, Ukrainako afera ere presente egon da hitzartzeetan, gerrari erantzun ez-biolento bat emateko balizko urratsei begira.

Gatazken kudeaketarako, ikuspegi antimilitaristaren defentsa egin du Checak, indarkeriaren erabilera baino eredu egokiagoak daudelakoan. Nazioartera begira, gogoratu du Nazio Batuen Erakundearen araudiek bi baldintza ezartzen dituztela gerrara joan izana justifikatzeko: eraso batetik defendatzeko beharra, eta nazioarteko bakea eta segurtasuna bermatzeko ahalegina. Halere, gatazkak gerra izatera igarotzea galarazi dezaketen tresnen erabilera defendatu du, baita armen erabileraz gaindiko defentsa ere, haiek lehertzen direnean praktikan jartzeko: «Bakearen, gatazkaren eta defentsaren ikuskera berri bat eskatzen du horrek, indarkeriaren logikatik urrunduta».

Indarkeriaren inguruko ohiko ikuspegia kritikatu du Bake Ekintzako kide Iñaki Otamendik ere: «Gerra historiaren motorra denaren ideia saldu nahi digute, baina gatazken kudeaketarako kolaborazio esperientzia gehiago daude». Hala, gaia Ukrainako testuingurura eramanda, kritikatu du pazifismoa «modu interesatuan» interpelatu dela, azken urteetan egin diren ekarpenei muzin eginda: «Autodefentsa kontzeptuaren pean, urgentziaz esku hartze armatuak defendatzeko eskatzen zaigu». Ez da hala egiten den lehen aldia. Balkanetako gerra gogoratu du Otamendik, eta hark mugimendu antimilitaristan eragin zituen eztabaidak: «Nolabait esku hartzeko beharra azaleratu zuen».

Egungo testuinguruan, Checak nabarmendu du Ukrainara armak bidaltzea baino eraginkorragoa litzatekeela Europako Batasunak indarkeriaz gaindiko mekanismoak erabiliko lituzkeen talde bat prestatu izan balu, ukrainarrak defentsa ez-biolentoan laguntzeko. «Gerrara helburu on batekin jotzea bera zalantzagarria da, herritarren sufrimendua areagotzen lagundu dezakeelako», argudiatu du, eta gehitu indarkeria horrek ez duela bermatzen herritarren defentsa. Kontrara, kostu politiko, sozial eta ekonomiko handiak ditu, haren esanetan, baita huts egiteko aukera asko ere: gatazken kudeaketarako oldarraldi armatuen laurdenek lortzen dituzte euren helburuak.

Mehatxu berriak

Nazioarteko gatazketatik egungo gizartearen arriskuetara salto eginda, galdera bota du ikerlariak: «Indar armatuek defendatzen omen gaituzte, baina zertaz?». Checak argudiatu du gizartearen beharrei erantzutetik urrun daudela armadak, haien eginbeharrak herritarren segurtasuna eta interes nazionalen defentsa izan arren. «Indar armatuek ez gaituzte babesten herritarren segurtasunerako kontu garrantzitsuenetan», defendatu du.

Azken bi urteak jo ditu horrek adibide garbitzat. Pandemia bat izan da gizartearen arrisku nagusia, eta aurrera ere osasun, ingurumen, energia eta elikadura alorretatik iritsiko dira mehatxuak, ikertzailearen ustez. Hala,COVID-19ak baliabide militarren erabilera «zalantzan» jarri duen garaian, kritikatu du indar armatuak ez dagozkien aferetan jarri dituztela lanean, haien «existentzia justifikatzeko» asmoz: «Zertarako erabiltzen dira militarrak babes zibilerako unitateei beharrezko baliabideak eman beharrean?».

Hala, segurtasun kontzeptua zabaltzeko beharra adierazi du Checak, ikuspegi «gizatiarrago» baten bila. Estatuaren segurtasuna baino, herritarrena izanik oinarria. «Bake positiboa» aipatu du, bakea sortzera eta giza beharrak asetzera bideratutako tresnen bidez lortuko dena.

Egiturak zalantzan

Globaletik lokalerako bidean, urrats bat gehiago egin du Otamendik, ekintzailetza bakezaleak eta antimilitarismoak Euskal Herrian izan duen presentzia aztertuta. Indarkeriarik ezaren aldeko eta militarismoaren aurkako taldeek «politika ulertzeko beste modu bat» azaleratu eta ekintzara jo zutela gogoratu du, «egitura militarren planteamenduak» zalantzan jarrita.

Haien bidetik, indarkeriarik eza aktiboki jorratzeko modua babestu du Otamendik: «Ez dugu gure txikian geratu nahi». Kontrara, konponbideak bilatzeko proposamenak egitearen aldekoa da, estrategia eta ekintzen bidez: «Mugimendu antimilitarista ez da desagertu. Bere espiritua beste mugimendu batzuetan dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.