Zaldibarko luizia

Erantzuleak «mugiarazteko»

Zaldibar Argituk hiru orduko lanuztera eta manifestazio bateratura deitu du martxoaren 12rako

Zaldibar Argitu plataformaren prentsaurrekoa, atzo, Zaldibarko Eitzaga auzoan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Zaldibar
2020ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
«Behingoz erantzuleak mugi daitezen, guztia geldituko dugu». Horrela laburbildu zituen atzo Zaldibar Argitu plataformak hurrengo ostegunerako, martxoak 12rako, deituriko mobilizazioak. Verter Recyclingen luizia gertatu eta hilabetera gauza gehiegi argitzeke daudela iritzi diote, eta, hori salatzeko, hiru orduko «lanuzte herrikoi bat» antolatu dute Eibarren (Gipuzkoa), Ermuan (Bizkaia), Zaldibarren (Bizkaia), Elgetan (Gipuzkoa) eta Mallabian (Bizkaia), 12:00etatik 15:00etara. Herri bakoitzean manifestazioa antolatuko dute 12:30ean, herriko plazetatik hasita, eta arratsaldean, bateratu bat, 19:00etan. Eibar eta Ermua arteko biribilgunetik irtengo dira. Inguruko herrietako biztanleak parte hartzera deitu dituzte.

Mobilizazio horiekin, Zaldibar Argituk «erakundeak ematen ari diren normaltasun irudia» hautsi nahi du, eta «ezer gertatu izan ez balitz bezala» jokatzea leporatu zien atzo Eitzaga Zaldibarko auzoan eginiko agerraldian. Plataformak garbi du hondamenditik hilabete pasatu den honetan oraindik oso larria dela gertaturikoa, eta bi langile desagertuta daudela gogoratu zuen. Herritarrek jaso dituzten azalpen teknikoak «oso mugatuak» izan direla iritzi diote, eta «kezka nagusiek» ez dutela erantzunik jaso oraindik. Erantzukizun politikorik ere ez dela egon kritikatu zuten: «Higiene demokratiko hutsagatik, dimisioek mahai gainean egon beharko lukete», eta auzian egon diren «praktika irregular» guztiak zehatz-mehatz argitzeko eskatu zuten.

Herritarrei egin zieten dei hurrengo asteko mobilizazioei begira, baina eragile sozialek eta sindikalek ere parte hartzea nahiko lukete. Zaldibarkoa berriz gerta ez dadin neurriak hartu behar direla uste dute, eta egoera aproposa dela eskaeraren inguruan indarrak metatzeko. Heldu den ostegunean, halaber, hamabi puntuko aldarrikapen taula bat aurkeztuko dute, erakundeek aztertu eta bete dezaten.

Bide batez, atzoko agerraldia baliatu zuten herri plataforma publikoki aurkezteko. Orain arte herri ezberdinetako asanbladak zirenek bat egin dute. Jokin Bergarak eta Janire Lazkanok hartu zuten bozeramaile rola, baina guztira ehun lagun inguru elkartzen ditu. Plataformak, era berean, lau herritan ditu batzordeak: Eibarren, Ermua-Mallabian, Elgetan eta Zaldibarren. Guztiak batzar irekiak dira.

Zaldibarren bertan beste ekitaldi bat egin zuten atzo goizean, 150 herritarrek beste hainbeste erreklamazio ofizial aurkeztu baitzituzten udalean bilera informatibo bat egin dadin eskatuz. Luiziaren ondorengo lehen egunetan Jaurlaritzak antolaturiko bilerak Ermuan eta Eibarren egin ziren, oso jendetsuak biak, eta Mallabikoa bertan behera gelditu zen, teknikarientzat ataka gogorra izan zirelako aurrekoak. Zaldibarren, berriz, Verterren zabortegia hango lurretan egon arren, ez zen bilerarik egin. Jaurlaritzak esan zuen nahi beste egiteko prest zegoela.

Gaur, lore eskaintza

Hilabete beteko da gaur Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran luizian desagertu zirenetik, eta, haiek oroitzeko, Zaldibar Argituk lore eskaintza bat egingo du gaur, Eitzagan, 18:00etan. Zallan (Bizkaia) ere, Beltranen herrian, manifestazio batera deitu dute gaurko (19:30), eta kontzentrazio isil batera biharko, 17:00etan. Udal talde politiko guztiek babestu dute kontzentrazio hori. Biak Euskadi plazan izango dira.

Gaurko deialdiak dira horiek, baina atzo ere egon ziren mobilizazioak. Zaldibarren arratsaldez kontzentrazioa egin zuten, Baita Elgetan ere. Markina-Xemeinen (Bizkaia), berriz, manifestazioa egin zuten. Alberto Sololuze jaiotzez eibartarra zen, baina han bizi zen aspaldi, eta oraindik desagertuta dagoela gogoratzeko egin zuten deialdia herritarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.