Koronabirusa

«Erantzukizun politikoak» exijitu ditu LABek osasun artaren egoeragatik

Sindikatuak Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari egin dizkio kritikak. Inbertsio publiko handiagoa eskatu diete bi erakundeei

Atzo, txostenaren aurkezpenean, Bilboko egoitzan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Javi West Larrañaga.
2022ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Osasungintzako zerbitzuen «etengabeko pribatizazioa» eta kudeaketa «merkantilista» deitoratu zituen LAB sindikatuak atzo Ipar Hegoa Fundazioarekin batera aurkeztutako Osasungintza Hego Euskal Herrian. Eraldaketa baten beharra txostenaren aurkezpenean, Bilbon. Hego Euskal Herrian konfinamendua ezarri eta urte bitara argitaratu dute, eta epe honetan egindako kudeaketaren balantzea egin.

Langileen lan baldintzak hobetzeko «premia» dagoela azpimarratu du sindikatuak, Osasunbideko eta Osakidetzako behin-behinekotasun tasa %65 eta %50 inguruan dagoelako hurrenez hurren. Egoera azaltzeko hainbat datu zerrendatu dituzte aurkezpenean, eta, esan dutenez, pandemiak agerian utzi ditu lehenagoko «murrizketa, desegite eta pribatizazio politikak». LABeko idazkari nagusiaren alboko Igor Arroyok zenbait alderdi politikori egotzi die ardura: «Langileen profesionaltasunak eta entregak ezin izan du saihestu EAJren, UPNren eta PSOEren politikek hondatutako osasun publikoko sistema baten kolapsoa».

Ikerketaren arabera, sektore publikoak osasungintzan duen pisua «ahuldu» egin da azken urteetan: 2009an osasun gastu osoen %75a finantzatzen zuen sektore publikoak, eta, 2019an, %68,9. Ohe kopuruaren murrizketak ere kalitatean eragina duela azpimarratu dute aurkezpenean. Europako Batasunean 100.000 biztanleko 532 ohedaudela gogorarazi dute, etaEuskal Autonomia Erkidegoan 336 direla, eta Nafarroan, berriz, 326.

Sindikatuak osasun gastuan ere ipini du arreta. Osasungintza publikoan jartzen den diru kopurua gutxienez BPGaren %7 izateko eskatu dute, eta, azaldu dutenez, %6,1ekoa da proportzioa Euskal Autonomia Erkidegoan, eta %5,4koa, berriz, Nafarroa Garaian. Hortik, %25 lehen arretarako erabili beharko litzatekeela eskatu dute txostenean. Gainera, behin-behinekotasuna amaitu behar dela aldarrikatu du sindikatuak, eta «belaunaldi aldaketa kontuan hartuko duen enplegu plan bat» negoziatzeko eskatu du, datozen hamar urteetan langile finkoen erdiek erretiroa hartuko duelako Osasunbidean eta Osakidetzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.