Zaldibar Argitu plataformak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak deituta, manifestazioa egin zuten atzo Zallan (Bizkaia), Zaldibarko zabortegiko hondamendiaren kudeaketa salatu eta «erantzukizun politikoak argitzeko» eskatzeko. Eusko Jaurlaritzari egotzi zioten Verter Recycling enpresari ardura egotzi eta erantzukizuna saihestu nahi izatea: «Eusko Jaurlaritzaren utzikeriaren aurrean, erantzukizunak eskatzen jarraituko dugu».
Hamabost hilabete dira Zaldibarren hondakindegia amildu zela. Bi langile desagertu ziren hondamendian: Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran. Sololuzeren gorpuzkiak joan den abuztuan aurkitu zituzten, eta Eusko Jaurlaritzak joan den astean iragarri zuen Beltranenak bilatzeko lanak bertan behera uztea erabaki zuela. Manifestazioan kontuak eskatu eta Beltranen senitartekoei elkartasuna adierazi zieten.
Zaldibar Argitu plataformak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak Jaurlaritzaren jokabidea kritikatu zuten. Azaldu zutenez, enpresak badu «ardura zuzena» gertatutakoan, baina Jaurlaritzari zegokion enpresaren jarduera kontrolatzea, eta ez zuen «ezer» egin, 2016tik zabortegia «arrisku larrian» zegoen arren.
Zaldibar Argitu plataformak azpimarratu zuenez, zabortegiaren hondamendiak «ez zuen gertatu behar», eta eragotz zitekeen zerbait zen. Salatu zuten, halaber, hondakinen kudeaketaren inguruan ez dela hausnarketarik edo norabide aldaketarik egin. «Herritarrek pauso argiak eta erabakiak behar dituzte Zaldibarren gertatutakoa ez errepikatzeko. Ez dugu onartuko gure arduradun politikoek beste alde batera begiratzen jarraitzea eta hain modu arduragabean jokatzea».
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren arabera ere, «ezinbestekoa» da erantzukizun politikoak argitzea eta «azken ondorioetaraino» iristea, «jazotakoaren egia ezagutzeko, justizia egiteko eta hondamendia berriro ez errepikatzeko bermeak egoteko».
«Erantzukizun politikoak» eskatu dituzte Zaldibarko auziaren harira
Manifestazioa egin dute Zallan. Jaurlaritzak ardura hartu ez izana salatu dute. Astebete da Beltranen gorpuzkiak bilatzeko lanak utzi zituztela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu