«Erantzukizun penalak eta politikoak» eskatu dituzte 'Kutxabank auzia' dela eta

Herri akusazioko eragileek adierazi dute epaiketan «argi» geratu dela arrazoia daukatela. Kutxabanken pribatizazioa gelditzeko eskatu dute

Herri akusazioko sindikatu eta eragileetako kideak, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2017ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Kutxabank auziaren epaiketaren balorazioa egin zuten atzo herri akusazioa osatzen duten sindikatu eta eragileek. LAB, ESK, Steilas, Bizkaiko EHNE eta Hiru sindikatuek, Pentsionistak Martxan-ek eta EKA kontsumitzaileen elkarteak «erantzukizun penal eta politikoak» galdegin dizkiete Kutxabank auziko «erantzuleei». Euskal gizarteari egindako «espoliazioaren barruan» jarri dute Mario Fernandez, Mikel Cabieces eta Rafael Alkortaren aurkako epaiketa, eta, horrekin batera, euskal aurrezki kutxak «likidatzea» eta hamabost pertsonaren akzioak «kapital pribatuari» saltzeko erabakia. Epaiketa aurreko astean bukatu zen, eta epaiaren zain dago orain.

Azaldu dutenez, akusatuen lekukotzek ezin izan dituzte ukatu leporatzen dizkieten delituak: administrazio desleiala, dokumentuen faltsutzea eta bidegabeko jabetzea. Hori dela eta, «argi» geratu zaie arrazoia zeukatela, eta iruzur hori salatu beharra zegoela Kutxabanken «fede onez» aurrezkiak sartuak zituzten aurreztaileen alde. Herri akusazio partikularra pozik agertu da egindako ibilbidearekin, baina lanean jarraituko du, «beste ordainketa bidegaberik edo klientelismorik» egon den argitzeko.

Fiskalak eta herri akusazioek bina urteko kartzela zigorrak eskatu dituzte Kutxabank auziko hiru akusatuentzat —Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohiarentzat, Mikel Cabieces Espainiako gobernuaren ordezkari izandakoarentzat eta Rafael Alkorta abokatuarentzat—. Fiskalak esan du hiru akusatuak ados jarri zirela Cabiecesi «lanik egin gabe» hilero diru kopuru bat ordaintzeko —5.873 euro hilean—, eta horrek «kaltea» ekarri ziola Kutxabanki.

Salatzaileek ustezko iruzurraren «bultzada politikoa» azpimarratu dute, epaiketan Fernandezek egindako adierazpenek erakutsi dutelako Cabiecesen kasua «ate birakarien betiko funtzionamenduarekin» lotzendela. Gainera, gogorarazi dute Cabiecesek Kutxabanketik ia 6.000 euro kobratzen zituen garai berean «antzeko kopurua» kobratzen zuela Iberdrolako Administrazioko Kontseiluan.

Jone Goirizelaia herri akusazioaren abokatuak azaldu duenez, ez dago jakiterik epaia noiz jakinaraziko duten, baina ez dute uste hiru auzipetuen defentsek «argudio nahikorik» izango dutenik epaimahaiak akusazioaren zigor eskaerak ukatzeko. «Gure argudioak teknikoki eta juridikoki oso ongi planteatuta egon dira, eta defentsak aurkeztutakoak ez dira nahikoa izan», adierazi du Goirizelaiak.

Herri akusazioko kideen esanetan, «arduradun politikoei» dagokie «aurpegia ematea eta ardurak euren gain hartzea». Kutxabanken «pribatizazio prozesuan» atzera egiteko eskatu dute, gizarteak «euskal finantza sistema publikoa» behar duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.