Psikologia sozialean aditua da Itziar Gandarias (Bilbo, 1982). Saharaz hegoaldeko Afrikatik etorritako emakume batzuen historia jaso du Bizirik nago: Saharaz hegoaldeko Afrikatik datozen emakumeen erresistentzia kartografiak lanean, CEAR Euskadik eskatuta.
Zertan datza lan hori?
Hiru emakumek Afrikatik etortzeko egindako bidaiak dira. Askotariko indarkeria jarraitua pairatu zuten bidaian eta, iritsitakoan ere, horrela gertatu da: arrazakeria, indarkeria instituzionala, ekonomikoa, edota bikotekidearen indarkeria. Hiru emakumeak dira Clara, Sara eta Jeanne. Lehen biek Nigeriatik alde egin zuten, hirugarrenak Kamerundik. Behartutako ezkontza batetik ihesi atera zen bat, beste bat salerosketaren biktima izan zen, eta hirugarrena mehatxupean zegoen lesbiana izateagatik. Oraindik ezin dugu kontatu haren historia, oraindik orain mehatxupean baitago.
Zenbat iraun zuten bidaiek?
Clarak hiru urte behar izan zituen Marokora iristeko, eta han buelta asko eman zituen, egoera oso larria baita mugen inguruan. Jende guneak sortzen dira eta bertan bizi dira pertsonen trafikatzaileak. Emakumeek ahal dutena egiten dute bizirauteko eta bidaia ordaintzeko dirua lortzeko. Clara musulmana da, eta enpresa ikasketak dauzka; bidaian ezagutza horiek baliatu zituen. Sara, berriz, salerosketaren biktima izan zen, eta hegazkinez ekarri zuten: Greziatik sartu zuten agiri faltsuekin eta gero Valentziara [Herrialde Katalanak] eraman zuten. Engainatu zuten, zerbitzatzera zetorrela esanez, baina hemen, prostituzioan jardun beharko zuela jakinarazi zioten, zorra kitatzeko. Kontuan izan behar da Europaz daukaten irudia: bizitza oso erraza dela sinestarazten diete; iparraldearen fetixismoa da. Valentzian familia baten etxean eduki zuten, gela batean, beste lau andrerekin, eta kalean lan eginarazten zieten. Kontrola izugarria zen. Pare bat urtean lortu zuen zorra ordaintzea eta saretik ateratzea. Bitxia bada ere, etxe horretakoek uste dute mesede bat egin diotela, eta eurekin harremana mantentzen du. Gerora ere oso zaila da aurrera egitea: emakumea eta beltza izanda, oso zaila da lana topatzea. Ez dute hizkuntza menperatzen, eta ez dira fio inorekin. Sarak, Bilbora etorritakoan, bi urte behar izan zuen elkarte batengana gerturatzeko.
Bizirauteko erabili dituzten estrategiak ere jaso dituzu?
Urteetan biziraun behar dute bidaian, askotariko indarkeria jasanda. Oso indartsuak dira. Bizia galtzeko arriskuan egon dira, oso gertutik ikusi dute heriotza. Bidaia beti da arriskutsua, are arriskutsuagoa emakumeentzat. Asko bidean geratzen dira.
Zer azpimarratuko zenuke?
Afrika barruko mugen politika gero eta gogorragoa dela. Europak inbutuak jartzen ditu, mugak gainditzea zailduz, jende kopurua gutxituz joan dadin, ahalik eta gutxien irits daitezen Europako mugetara. Horren erantzukizun osoa dauka Europako Batasunak. Bestalde, arrazakeria aipatuko nuke: nahiz eta Europara iritsi, bertan arrazakeria pairatzen dutelako.
Itziar Gandarias Goikoetxea. Psikologoa
«Erantzukizun osoa dauka Europako Batasunak»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu