Erandioko Indumetal Recycling zigortu dute, ingurumenaren aurkako delituengatik

Bizkaiko Epaitegiaren arabera, enpresak ez zuen bete tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak kudeatzeko legea, «sistematikoki».

Indumetal Recyclingen planta baten artxiboko argazkia, 2002koa. JON HERNAEZ / FOKU.
Indumetal Recyclingen planta baten artxiboko argazkia, 2002koa. JON HERNAEZ / FOKU.
inaut matauko rada
2024ko ekainaren 4a
14:40
Entzun

Erandioko (Bizkaia) Indumetal Recycling enpresa 60.000 euro ordaintzera zigortu du Bizkaiko Auzitegiko 1. Atalak, ingurumenaren aurkako delitu batengatik. Enpresaz gain, hainbat kargudun ohi ere zigortu dituzte: 2008tik 2018ra bitarteko presidenteordeari eta zuzendari nagusiari, bi urteko espetxe zigorra eta 19.500 euroko isuna; 2013tik 2017ra bitarteko plantako buruari eta kalitate, ingurumen eta lan arriskuen prebentzioko arduradunari, berriz, zazpi hilabeteko kartzela zigorra eta 7.500 euroko isuna.

Bizkaiko Auzitegiak frogatutzat jo du 2013tik 2016ra enpresak «sistematikoki» urratu zituela tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak kudeatzeko lege eskakizunak, eta zigortuek zuten ardura mailaren araberako zigorrak ezarri dizkiete. Epaiaren arabera, hondakinak «leku eta modu desegokian» biltegiratzen zituen enpresak. Antza, enpresak aparatu elektrikoen hondakin guztiak modu egokian kudeatzeko nabe bat izan arren, «izpi katodikoen hodiak eta kristal likidoko pantailak zituzten ekipo asko 0 lerroan sartzen zituzten», eta leku horretan bertan aurrez kutsadura kendu gabeko ekipoak apurtu eta birrintzen zituzten, «hauts fluoreszentea eta merkurioa kontrolik gabe eta xurgatu gabe» askatuz.

«Tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak modu desegokian kudeatzearen ondorioz, barruan zeuden elementu kimikoak airera, lurzorura, jalkinetara eta uretara askatu ziren, eta horrek arriskua sortzen zuen airearen, lurzoruaren eta uraren kalitatean funtsezko eragina izateko», azaldu dute epaian. Epaileek ebatzi dute presidenteorde eta zuzendari nagusi ohiek prozedura «desegokiak» diseinatu eta ezarri zituztela, eta beste langileek jarraitu beharreko protokolotzat hartu zituztela jarraibide horiek.

EAEko Auzitegi Nagusiak ohar bidez adierazi duenaren arabera, epaia irmoa da, eta ezingo dute helegiterik jarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.