Eraldatu edo suntsitu, eztabaida bizi-bizi

Hautsak harrotu ditu azaroaren 20an Erorien Monumentua eraldatzeko akordio politikoak. Sinatzaileek uste dute egungo blokeoa gainditzeko irtenbidea dela, eta talde memorialistek eraispenaren alde egitea nahi dute.

(ID_14448137) ESPAÑA MONUMENTO CAÍDOS
Erorien monumentua, Euskal Herriko eraikin faxistarik handiena. IÑAKI PORTO / EFE
joxerra senar
2025eko urtarrilaren 15a
05:00
Entzun

Iruñearen erdigunean, 82 urtez zutik dago Euskal Herriko ikur frankistarik handiena: Erorien Monumentua. Azaroaren 20an, EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik eraikin hori sakon eraldatzea eta beste esanahi bat ematea hitzartu zuten. Akordio politiko hori «historikotzat» jo zuten hiru indarrek. Memoria historikoan diharduten 30 eragile inguruk, norbanako gisa, ekinaldiari babesa eman zioten, baina elkarte memorialisten artean hautsak harrotu zituen. 31 elkarteak batzen dituen plataformak monumentua eraistea babesten du, eta aldarrikapen hori kalera eramango du larunbatean. Eraldatu edo suntsitu, erorien monumentuaren gaineko eztabaida oso bizirik dago.

«Kalean exijituko diegu Nafarroako Gobernuari eta Iruñeko Udalari Erorien Monumentua eraisteko, eta hiru alderdietako zuzendaritzei exijituko diegu akordio politiko hori alda dezatela. Eskatzen diegu ez daitezela tematu eta entzun dezatela herritarren oihua», azaldu du Yolanda Ansok, Erorien Monumentua Eraistearen Aldeko Plataformako eledunak. «Nahiko genuke hirukoak egoera bideratzea eta egin behar duena egitea, eraistea. Ez dugu beste irtenbiderik ikusten», berretsi du Ansok.

«Jende asko dago eraistearen alde, eta erabat zilegi da, baina uste dugu sakon eraldatu behar dela eraikina, eta egungo zentzua galduko duela»

MIKEL ARMENDARIZGeroa Baiko Iruñeko hautetsia

Miren Zabaleta EH Bilduren Nafarroako koordinatzaile nagusiaren arabera, «eraikin horrek 82 urte daramatza ezer egin gabe; epe luze horretan ez da soluziorik eskaini». Abiapuntu horretatik, uste du azken urteetan Erorien Monumentuaren gainean egon den blokeo politikoa gainditzeko irtenbiderik egokiena eraikina sakon aldatzea dela, ikur frankista batzuk kenduz eta beste batzuk eraldatuz. «Eraitsi edo ezer ez, hori da elkarte memorialistek planteatzen duten tesi nagusia. Ez gaude ados horrekin. Soluzio egoki eta erradikal bat eman ahal zaio eraikinari, akordioaren baitan».

Mikel Armendariz Iruñeko Udaleko Geroa Bairen hautetsiak ere garrantzitsutzat jo du egoera desblokeatu izana. «Guretzat inportantea da gaia mugitu izana, urteak baitaramatza geldi». Armendarizek ulertzen du eraikin horrek sumina eragiten duela eta hura botatzearen alde dagoela sektore bat. «Jende asko dago eraistearen alde, eta erabat zilegi da, baina uste dugu planteatutako deseraikitze horrekin eraikina sakon eraldatuko dela eta egungo zentzua galduko duela».

Aurrekariak

Azken urteetan gertatutakoak pisu handia du. Bere lehen agintaldian (2015-2019), Joseba Asironen udal gobernuak eraikina dagoen plazaren izena aldatu zuen, eta Emilio Mola eta Jose Sanjurjo militar kolpisten gorpuzkiak bertatik atera zituzten. Gainera, eraikin frankista hori eta haren ingurunea eraldatzeko ideien nazioarteko lehiaketa bat bultzatu zuen. Guztira, 48  aurkeztu ziren, eta azken fasean epaimahaiak zazpi hautatu zituen. Prozesua 2019ko otsailean amaitu zen. Herritarren prozesu parte-hartzaile bati bide eman nahi izan zitzaion, baina eskuinak jarritako helegite batek auzitan jarri zuen prozedura administratiboa. 2022an, Nafarroako Administrazio Auzitegiak balioetsi egin zuen Asironen udalak hartutako bidea.

Aitzitik, udalaren aldaketarekin batera, duela urtebete, elkarte memorialistek eraikina botatzeko kanpainari ekin zioten. Ansoren ustez, ez dago eraikin horri beste esanahi bat ematerik. «Errotik kendu behar da. Gaur arrosaz margotzen dutenen atzetik itzal ilunak etor daitezke, eta eraikin hori belztu», arrazoitu du. Urrian, eraispenaren aldeko plataformak udalari eskaera hori egin zion. Juridikoki, argudiatzen dute 2022an Espainiako Kongresuak onartutako Memoria Demokratikoaren Legeak modua ematen duela eraisteko.

«Estrategia juridiko huts batekin ez dago irabazterik. Gaur egun ez bada estatuko legedia aldatzen, bide hori kamutsa da, ezinezkoa»

MIREN ZABALETAEH Bilduko Nafarroako koordinatzailea

Abenduan, udalaren zerbitzu juridikoek atzera bota zuten eskaera hori. Txosten batean ondorioztatu zuten 2022ko lege hori ez dela oinarrizko legedia eta ez duela eraistera behartzen, besteak beste ez duelako hitzez hitz jasotzen eraispen hitza. Gaur egun, eraikin hori Iruñeko hirigintza arloko araudiek babesten dute, eta haren gainean jarduteko, araudia aldatu behar da, gehiengo osoz. Azterlan horretan gehitu dute ez dagoela zertan eraikin frankistak bota baldin eta gorazarrerako elementuak kentzen badira.

Elkarte memorialistek, baina, bestelako bide juridikoa planteatzen dute: 2022ko legeak bide ematen dio eraispenari, eta, udala eraikinaren jabe den heinean, alkatearen eskumena da zer egin erabakitzea; hots, gehiengo politikoak ez dira beharrezko. «Nafarroako Gobernuak esan du 300 ikur frankista kendu direla; zergatik ez kendu 301.a? Zergatik ari dira kentzen plaka frankistak etxeetan eta erorien monumentuak herrietan?», galdetu du Ansok. Haren ustez, «nahasi egiten dira memoria guneak eta gorazarrerako eraikinak. Ez da gauza bera torturatu edo hil egiten den toki bat edo gorazarre faxistarako beste bat».

Korapilo politikoa

Eztabaida juridikoa eta auzi politikoa loturik daude. PSNk ez du hasieratik begi onez ikusten eraispena. Duela hilabete batzuk, iritzi artikulu batean, Martin Zabalza Gobernuko Memoria eta Bizikidetza zuzendari sozialistak Italia iparraldeko Bolzano hirian gertatutako ekarri zuen gogora. Hiriko udalaren eraikin nagusian, Benito Mussolini diktadorearen behe erliebe erraldoi bat aldatzera behartu zuen Italiako Gobernuak 2011n, eta hura kentzearen eta eraldatzearen arteko eztabaida bizia piztu zen. Azkenik, behe erliebea aldatu eta Hannah Arendt judu jatorriko filosofo alemaniarraren mezu bat jarri zuten. Zabalzaren irudiko, adibide horrek balio du erakusteko eraikinari guztiz bestelako esanahi bat emateko prozesuak baliagarriak direla.

Zabaletaren ustez, blokeo horiek gainditzeko beharrari erantzun dio PSNrekin lortutako akordioak, eta balioko du segurtasun juridikoa emateko. «Estrategia juridiko huts batekin ez dago irabazterik. Gaur egun ez bada estatuko legedia aldatzen, eraispenaren bide hori kamutsa da, ezinezkoa». Horregatik uste du eraginkorragoa dela adostasun zabalak lortzea, horrek zaildu egin ditzakeelako hura geldiarazteko saioak.

«Elkarteek ez dugu hau merezi, eta horregatik exijitzen dugu berriro planteatu dezatela. Eskuin muturra hor dago ezkerrak noiz huts egingo zain, eta ez eraistea hutsegite bat da».

YOLANDA ANSOEraispenaren aldeko Plataformako kidea

Geroa Baik ere onartu du zalantzak zituela eraispenaren inguruan, «politikoki bideraezina delako». Armendarizen arabera, nahiago izan dute akordioan euren ekarpenak egin. Adibidez, uste dute eraldatutako eraikinak ez duela talka egin behar Nafarroako Gobernuak Alde Zaharrean bultzatu nahi duen Memoriaren Institutuarekin. «Elkarren osagarri izan behar dira».

Gainera, Geroa Bai harremanetan jarri da elkarte memorialistekin, eta datorren astean haiekin bilduko dira aurrez aurre akordioaren edukia azaltzeko. «Inportantea da elkarrekin egotea. Eskatzen diegu jarrera irekia izatea, eta hasiko den prozesu parte-hartzailean parte hartzea. Gauza onak atera daitezke».

Aitzitik, Ansok espero du akordioa sinatu duten indarrek ikuspegia aldatuko dutela. «Elkarteek ez dugu hau merezi eta horregatik exijitzen dugu berriro planteatu dezatela. Eskuin muturra hor dago ezkerrak noiz huts egingo zain, eta ez eraistea hutsegite bat da».

Zabaletaren arabera, ordea, arreta eskuinerantz desbideratu beharko litzateke: «Ez dugu ahaztu behar. Ezin dugu langa jarri memoria demokratikoaren ikuspegitik zerbait egin nahi dugunon artean. Langa kokatzen dugu zerbait egin nahi dugunon eta eraikin hori mantentzeko borondatea dutenen artean. Uste dugu bidean elkar topatu beharko genukeela, helburu berak ditugulako».

Hemendik aurrerakoa

Datozen asteetan, «aurki», Iruñeko Udalak akordio politikoa gauzatzeko bide orriaren berri emango du. Alde batetik, eraldatzeak eskatuko du egungo 2013ko memoria historikoaren foru legea aldatzea Nafarroako Parlamentuan. Horri loturik, egungo eraikina babesten duten udal arloko eraikinen kalifikazioko araudia aldatu behar da, eta, horren ondotik, eraldaketak zehaztutako irizpideak betetzen dituzten proiektuen lehiaketa prozesuari ekin behar zaio. Haren barnean, herritarren prozesu parte hartzaile bat egingo da. Guztia burututa, irabazten duen proiektuaren gidaritzapean, lanak hasiko dira. Eraldaketa legealdi amaierarako egitea da akordioa sinatu dutenen borondatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.