«Indar hori barnean daramagu, gurea da, eta ezin digute kendu. Gurea delako, gure herrikoa». Aginte makila esku batean zuela egin zituen adierazpen horiek Jose Luis Elkoro Bergarako (Gipuzkoa) alkate ohiak. 1977ko Alkateen Mugimenduko kidea izan zen, eta frankismoa amaitu berritan «udaletxeak jendearen ardurapean jarri» zituztela gogoratu zuen. Hori zen oholtza gainetik aldarrikatu zuen indarra, jendeak herrietan daukana. «Alkateen Mugimenduak aurrera egin du, eta orain pozik egon gaitezke», esan zuen. Eraldaketarako motorra herrietako indarra dela gogorarazi baitzuen. EH Bilduko zinegotzi eta alkateen aurrean egin zituen adierazpen horiek, eta azken zortzi urteetan egindako lana goraipatu zien horiei guztiei.
Alderdi abertzaleak antolatutako MugiDa jardunaldian egin zituen adierazpen horiek Elkorok. Hain zuzen, udal hauteskundeen atarian omendu zuen EH Bilduk duela 42 urte sortutako Alkateen Mugimendua: «Udal mailako politikari asko zor diogu, eraiki nahi dugun herria nolakoa den erakusten duelako; 1977ko Alkateen Mugimendukoen lana egun loratzen ari da, gainera». Omenaldi ekitaldian gidari lanak egin zituen Aitziber Ibaibarriaga egungo Bilboko zinegotziak, eta orduko politikari horien lana goraipatu zuen taula gainetik.
Joseba Asiron Iruñeko alkateak ere berdin egin zuen: «Pertsona hauek [Alkateen Mugimenduko kideak] erakundeetan sartu ziren frankismoari aurre egiteko, eta herriaren ahotsa zabaldu zuten». Orduan ezarritako lorratzari jarraikiz lanean jarraituko dutela esan zuen ostera: «Historia egiten jarraitu nahi dugu, eta erregimenari aurre egingo dugu Bergarako taldeak bere garaian egin zuen bezala; mugitzen den herria delako hau, eta horrela jarraitu nahi dugu».
Mugimendu hori erakusteko asmoarekin antolatu zuten atzoko MugiDa eguna Bilbon. Herri mugimenduetako aktibista ugari elkartu ziren, eta jai giroan igaro zuten eguna. Arratsaldean, manifestazioa egin zuten, eta, amaieran egindako ekitaldian, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak esan zuen eragile sozial horik guztiek «komunitate familia bat» osatzen dutela.
Orain Errepublikak
Familia hori handitzeko ekitaldia egin zuten, gainera, atzo goizean. Izan ere, EH Bildu, ERC, BNG, Ahora Canarias, Andecha Astur eta Puyalon de Cuchas alderdiek osatutako Orain Errepublikak koaliziorako akordioa sinatu zuten atzo Bilbon. «Demokrazia, eskubideak eta askatasunak» izango dira koalizioaren oinarri nagusiak Josu Juaristi EH Bilduko zerrendako bigarrenak azaldu zuenez: «Behar-beharrezkoak dira oinarri horiek, kontuan izanik Europatik eta, batez ere, Espainiatik datorren autoritarismo eta atzeranzko joera».
Otegik batuta aurkeztearen garrantzia azpimarratu zuen arratsaldeko ekitaldian: «Europara, Kongresura eta Senatura batuta goaz; amaitu da sigla moduan jokatzea, herri moduan eta indarrak batuta goaz hauteskundeetara». Espainia «krisi larrian murgilduta» ikusten baitu, eta eskuinak egoera horretan «errepresioaren bidea» erabiltzen duela zioen. «Ezker aurrerakoiak jendearen eguneroko arazoez arduratu beharra dauka».Horregatik egin dute bat, esan zuenez.
Eraldaketarako munizipalismoa aldarrikatu du EH Bilduk Bilbon
Alkateen Mugimendua eta Jose Luis Elkoro omendu dituzte MugiDa jardunaldietan. Orain Errepublikak koaliziorako akordioa sinatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu