Pasa den urtean euskararen inguruan gizarte mailan mintzagai izan direnak errepasatzen baditugu, enplegu publikoetako hizkuntza-eskakizunen inguruko albisteak nabarmentzen dira, sortu duten harrabotsagatik. Euskalgintza eta euskal hedabideetatik harago, gutxi dira eztabaida publiko zabalenera heltzen diren euskarari lotutako gaiak. Baina epaitegietako erabakien ostean, hauteskundeen baitan edo beste zenbait unetan solasa administrazioko hizkuntza-eskakizunen auzira murriztua aurkitzen dugu batzuetan. Gizarte mailan euskararen biziberritze osorako dagoen borondatea auzitan jartzen dela pentsa genezake. Izan ere, ekintza bat gauzatua izan dadin hiru osagai behintzat beharrezkoak dira: borondatea, ezagutza eta ahalmena. Borondatea baldin badago zerbait egiteko, hori nola egin daitekeen jakin behar da eta beharrezko baliabideak eskuratu.
Dena den, euskara bere garapen sozial osora eramateko eta euskaraz bizi ahal izateko aukerak ahalik eta gehien zabaltzeko borondatean ados dagoen hiztun komunitateak baditu hortik gaindiko erronkak beharrezko ezagutza eta baliabideak eskuratzeko bidean. Erronka horiek laburbildu ditzakegu esanez mundu mailako fenomenoei euskaratik eta euskaraz erantzuten edo egokitzen asmatu behar dugula.
Adimen artifiziala eta hizkuntza-teknologien garapena abiadura bizian gertatzen ari delarik, esate baterako, hizkuntza gutxituaren betaurrekoak jantzita begiratu behar diogu datorrenari. Teknologia hauek era kritikoan hartu behar ditugu, egiten dugun erabileraren eragin soziolinguistikoak neurtuz eta hizkuntza biziberritzearen mesedetara moldatuz. Korporazio handietatik zuzenean telefonora, ordenagailura, telebistara edo etxetresnetara heltzen zaizkigun tresnak inertzia hutsez erabiltzen baditugu, hizkuntza hegemonikoak elikatzea jausiko gara.
Antzera gertatzen da erakunde, enpresa edo elkarteek publikoki komunikatzeko garaian. Ohitura hedatuenari, hedabide handienei eta errazkeriari soilik erantzungo baliote, euskaraz komunikatzea oso arraroa litzateke. Baina badaude euskaraz (ere) komunikatu nahi dutenak erakundearentzat ona delako, profesionaltasunez jardun nahi dutelako, eleaniztasunean bizi garela kontuan hartzen dutelako eta ardura dutelako. Borondate hori duenak ikasketa prozesu bat eramaten du aurrera, beste erakundeetatik, adituengandik edo esperientzia propiotik ondorioak ateraz. Eta, gainera, hautuak egiteko eta komunikaziorako bere hizkuntza-irizpideak sistematizatzeko baliabideak behar ditu.
Mundu mailan eta teknologiari lotuta erabat aldatu den beste arlo bat ikus-entzunezkoena da. Telebista eta zinema eskaintza oso programatua eta mugatua izatetik ikus-entzunezkoen emaria etengabekoa, sakabanatua eta zabala izatera pasa da. Aldi berean, norbanakoon egunerokoan eta gizarte bizitzan duten papera gero eta garrantzitsuagoa denez, bide horretatik egiten den hizkuntza-erabilera eta hizkuntza-irudikapenak euskararen egoeraren seinaletzat har ditzakegu. Beharra agerian geratu da azken urteetan; eskean eta gose diren herritarrak asko dira, eta nola ase asmatzeak berebiziko erronka dakar.
Euskararen erabilera soziala handitzearen erronkari dagokionez ere, jakintza eta ahalmenaren adarrak dira indartu beharrekoak, zalantzarik gabe. Azken ikerketen argitan, duten hizkuntza-gaitasuna kontuan hartuta, euskal hiztunek espero zitekeena baino gehiago erabiltzen dute euskara. Borondate sendoa ikusten da datu horietan, argazki orokorrari begiratuta. Euskarazko hizkuntza-gaitasun nahikoa unibertsalizatuz erabilera hazteko baldintzak sortzen ariko ginateke, beraz. Hezkuntza sistemaren eta helduen euskalduntze-alfabetatzearen esparruko egitekoak eratortzen dira hemendik. Gaitasunetik harago, erdaren erabileraren aldeko inertziak apurtu eta hizkuntza-ohiturak eraldatzeko erronka nabarmentzen da. Hor kokatuko genituzke norbanako euskaldunak ahalduntzeko eta taldeetako hizkuntza-dinamikak eraldatzeko metodologiak, adibidez.
Bada beste erronka bat, borondateez harago, ezagutza eta ahalmenen behar larrian daukaguna: migratutako populazioaren integrazio soziolinguistikoa, hain zuzen ere. Gaia saihesteko edo helburu maltzurrekin baliatzeko saiakerak baztertu eta duen garrantziarekin heltzea presazkoa da. Jatorri anitzeko populazioetan hizkuntza-gutxitu baten biziberritze prozesua arrakastaz aurrera eramateko askoz gehiago jakin behar genuke geratzen denaz: herritarren bizipenez, bizi-baldintzez, esperientzia arrakastatsuez… baita aurreko belaunaldietan Euskal Herrian izandako migrazio prozesuen bilakabide soziolinguistikoaz ere. Ezagutza hori eskuratuta soilik garatu ahal izango dira urrun dauden herritarrak gerturatzeko eta mediazio komunitariorako esku hartze egokiak zein eraginkorrak.
Ikusi bezala, euskararen biziberritzeak adostasun zabalez gain bizi dugun unearen eta gizartearen gaineko azterketa zorrotza eta sakona behar du. Ikergaia agorrezina da, eta beharrak edo erronkak, antzera. Ezagutza zientifiko horrek soilik ekar dezake hiztun komunitate bezala ditugun indarrak eta baliabideak modu arrakastatsuan erabiltzen asmatzea, eta indarrean dauden inertziak gainditzea.