Eraldaketarako administrazioen inplikazioa eskatu du Hekimenek

'Euskal komunikabideak berrikuntzaren bidean' jardunaldiak antolatu ditu Hekimen elkarteak. Hedabideen digitalizaziorako bidean, inbertsioak ezinbestekotzat jo dituzte

Igor Astibia, atzo Oronak Hernanin duen egoitzan emandako hitzaldian. JON URBE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Hernani
2021eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Eraldaketa sakonak eta azkarrak gertatzen ari dira komunikazioan. Hala ziurtatu zuen atzo Igor Astibia Hekimen euskal hedabideen elkarteko koordinatzaileak. Garai berri horretara nola egokitu aztertzeko asmoz, Euskal komunikabideak berrikuntzaren bidean jardunaldiak antolatu zituzten atzo, Hernanin (Gipuzkoa). Besteak beste, Astibiak eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak hartu zuten hitza. Berrikuntzarako gakoetako bat eman zuen Astibiak: «administrazioen inplikazioa eta konplizitatea» behar dute.

Hedabideak azken urteetako aldaketetara eta gertatuko direnetara egokitzeko gako nagusiez eta horretarako beharko duten laguntzaz aritu da Astibia. Egungo egoeraren argazkia egin du. Haren hitzetan, digitalizazioak «bete-betean» eragin dio euskarazko komunikabideen munduari. Hainbat aldaketa ikusten ditu: negozio eredua «goitik behera» aldatu dela, publizitatea sare sozialetara pasatu dela...

Etorkizunera begira ere jarri da. Eraldaketa digitalerako, hiru elementu nagusi daudela aipatu du. Alde batetik, sektorearen inplikazioa behar dela nabarmendu du: «Hedabideok egin behar ditugu berrikuntza prozesu horiek». Beste aldetik, administrazioaren laguntza eskatu du: «Behar dugu erakunde publikoen sustapena edo inplikazioa, eta, hein batean, konplizitatea ere bai». Azaldu duenez, Europan egon daitezke berrikuntzarako eta digitalizaziorako aukerak, eta, besteak beste, horiek identifikatzeko laguntza behar dute. Beste elementu «garrantzitsu» bat ere aipatu du: jendearen aldekotasuna. «Herri ekimeneko hedabideak izanda, gure indarguneetako bat hori da, eta lantzen eta garatzen segitu behar dugu».

Eta zein da helburua?Astibiak badaki elkartearen bazkide bakoitza egoera desberdin batetik abiatzen dela; halere, finkatua dute datorren urteetan zein hedabide eredu izatera iritsi nahi duten. «Gure bihotzean, edukiak egongo lirateke: edukien sorkuntza hori gure funtsa da, eta informazioa eta entretenimendua egongo lirateke hor». Baina eduki horiek hedatzeko, orain arte erabili ez dituzten euskarriak ere baliatu nahi dituzte. Eta presente egongo dira sare sozialetan ere: «Sare sozialetan ere egon behar dugu, ez soilik sortzen duguna hedatzeko, baizik eta sare sozial horietako bakoitzera egokitutako edukiak sortuz, eta plataforma desberdinek eskatzen dituzten hizkuntza eta kodeak baliatuz».

Helburuak lortzeko landu beharreko zortzi ildo zehaztu ditu Astibiak. Azaldu duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeekin ari dira datozen hiru urteetarako diru laguntzak adosten. Oraingo deialdiak «trantsiziozkoa» izan behar lukeela zehaztu du: «Gaur egiten dugunaz harago, beste euskarri batzuetan aritu, beste eduki mota bat egin... nahi badugu, ezin dugu egungo deialdiko zurruntasuna mantendu». Erakundeen «sustapena, inplikazioa eta konplizitatea» eskatu ditu berriro: «Iruditzen zait funtsezkoa dela bertako administrazioen inplikazioa».

Inbertsioen garrantzia

Inbertsioak ere ezinbestekotzat ditu. Edukiak egokitzeko beharko dituzte. «Alor teknologikoan sekulako aldaketak datoz. Eskatzen dituzte teknologia mailako inbertsio batzuk, eta baliabideak behar dira». Baita eduki horiek plataforma eta euskarri desberdinen bidez hedatzeko ere: «Behar ditugu kazetari edo sortzaile trebatuak, horretan arituak diren pertsonak... Eta prozesu horiek ere baliabideak eskatzen dituzte». Horrekin lotuta, formakuntza ere galdegin dute, ez soilik teknologikoa, baita lantaldea kudeatzeko ere.

Hedabideen arteko elkarlana ere «oso garrantzitsua» iruditzen zaio Astibiari: «Hedabideen arteko elkarlana sustatu eta lagundu beharko da: bakarrik ezin da». Gainera, begiz joak dituzte datugintza eta metrika berriak garatzea eta komunikabideen kudeaketaren modernizazioa ere.

Eta komunikabideen jarduna egokitzearekin batera, edukien hartzaileei begiratu behar zaielakoan dago Astibia: «Lortu behar dugu beste konpromiso eta harreman bat gure hartzaileekin».

Finean, honatx zein den xedea: «Euskal Herriaren kulturak, hizkuntzak eta komunikazioak euskarazko komunikabide indartsuak, askotarikoak eta kalitatezkoak eskatzen dituzte, jendartearen komunikazio beharretara ongi egokituak, modernoak». Bide horretan lanean ari direla nabarmendu du.

Zupiriak, hiru proposamen

Zupiriak onartu du egungo egoerak «panorama zaila» planteatzen duela: «Irakurleak galtzen dituen sisteman gaude; kontsumo digitalak nagusitu dira; informazioa gero eta gehiago sakelakoen bidez jasotzen dugu —gainera, jaso egiten dugu; ez dugu guk bilatzen—; askok ez dute gaitasunik euskaraz irakurtzeko, alfabetatu gabe daudelako; eta gazte gehienek ihes egiten diote euskarri tradizionaletan sortzen eta hedatzen den edukiari».

Hiru proposamen ere egin ditu. Batetik, programa bat sortzea, Europako aukera eta laguntza berriak identifikatzeko eta aztertzeko. Azaldu duenez, «aholkularitza pertsonalizatua» izan liteke. Bestetik, formakuntza, «eraldaketen aurrean zein aukera dauden eta teknologiaren erabileraren ikuspuntutik elkarrekin zer egin dezaketen asmatzeko». Azkenik, egitasmo pilotuak sustatzea planteatu du, «ikusteko nola sor daitekeen hedabideen sistema osoarentzat erreferentzia izan daitekeen proiekturen bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.