Erakundeen euskarazko komunikazioa laguntzeko sarea aurkeztu dute

Jendaurrean Erabili du izena, eta Soziolinguistika Klusterrak eta EHUk bultzatu dute. Interesa duten erakundeei zabalik dago aurrerantzean

Jon Zarate, Mikel Irizar eta Olatz Olaso, atzoko aurkezpenean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2016ko urriaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Euskarak urrats handiak egin ditu gurea bezalako taldeen komunikazioan. Baina gure susmoa zen urteak generamatzala geldi, pauso berriak eman gabe», aitortu zuen atzo Gorka Quevedo ELA sindikatuko komunikazio taldeko kideak. Horregatik erabaki zuten Jendaurrean Erabili proiektuan parte hartzea. «Euskarazko komunikazio publikoa errazteko eta hobetzeko sarea da», azaldu du Soziolinguistika Klusterreko lehendakari Olatz Olasok. EHU Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean sortu dute, eta atzo egin zuten sarearen aurkezpen publikoa, Bilboko Bizkaia Aretoan. Orain, bigarren faseari ekin diote.

Euskal Herriko bederatzi erakundek osatu dute praktika komunitate izena ipini dioten taldea: Adegi Gipuzkoako patronala, AEK, Athletic futbol taldea, EHU bera, EITB, ELA sindikatua, Getxoko Udala, Bilboko Guggenheim Museoa eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Atzoko aurkezpenarekin, interesa izan dezaketen gainontzeko erakunde guztiei ireki dizkiete ateak. Horregatik, hedabideentzako egindako agerraldiaren ostean, hainbat erakunderentzako aurkezpena egin zuten. Eta, era berean, web orri bat ere ipini dute martxan: www.jendaurreanerabili.eus.

Iaztik euskaraz komunikatzeko garaian sortzen zaizkien zailtasunak eta zalantzak partekatzen ibili dira, batetik. Bestetik, oztopo horiei zelan aurre egin dieten ere azaldu diote elkarri. «Esperientzia eta ezagutza handia pilatu dute urteetan», zehaztu du Olasok. Azpimarratu du proiektua ikerketan oinarritzen dela: «Erakundeen beharrak kontuan hartu dira eta hori ikerketarako erabili da».

Gogoeta eta eztabaida

Lehen fasean parte hartu duten erakundeetako komunikazio arduradunek prestakuntza saioak izan dituzte, iazko azaroan hasita. Horien ondoren, gogoeta edo eztabaida saioa izaten zuten, eta bederatzi erakundeetako komunikazio arduradunen iritziak eta ekarpenak bildu dituzte. Horiek oinarri hartuta ekin dio ikerketari EHUko eta Soziolinguistika Klusterreko ikerketa taldeak. Izan ere, proiektuak badu alde zientifikoa.

EHUko Euskara errektoreorde Jon Zaratek unibertsitatearentzat tresna «oso garrantzitsua» dela azaldu du. Batetik, etorkizuneko profesionalak izango diren ikasle euskaldunak prestatzen dituztelako. Bigarrenik, EHUk baduelako ezagutza zientifiko bat eta adituak diren profesionalak, proiektuari ekarpen handia egin diotenak. Hirugarrenik, erakundearen beraren komunikazio beharretarako «ezinbesteko laguntza» izango delako sarea osatzen duten gainerako erakundeen esperientziak ezagutzea, eta beraiek eurenak azaldu ahal izatea.

Proiektua diruz lagundu dute hainbat erakundek; besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritzak. Mikel Irizar zuzendariak parte hartu du aurkezpenean. Proiektua joan den hamarkadan sortu zela gogoratu du, eta hasieratik ezagutu duela berak. Komunikazioan euskara lehenestea «bi hizkuntzen arteko oreka lortzeko modua» dela azpimarratu du. Era berean, erakundeen prentsaurreko eta ekitaldi publikoetan euskara erabiltzeko protokolo komun baten aldeko aldarria egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.