Gerra Ukrainan

Erakundeen eta GKEen arteko bilera izango da, Ukrainako errefuxiatuen krisia koordinatzeko

Estrategia zein izango den aztertuko dute gaur, 18:00etan hasiko den bilera batean. Erakunde instituzionaletako ordezkariez gain, errefuxiatuekin lan egiten duten hainbat elkartetako kideak izango dira bileran.

Ukrainako errefuxiatuak autobusera sartzen. RODRIGO JIMENEZ/ EFE
unai etxenausia
2022ko martxoaren 10a
16:35
Entzun

Euskal erakunde nagusiek eta errefuxiatuak hartzen dituzten hainbat elkartek oraindik ez dakite zenbat izango diren Ukrainako gerratik ihesi datozen pertsonak. Horregatik, datorrenari aurrea hartzeko estrategia zein izango den aztertuko dute gaur, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria buru izango duen bilera batean. Bilera 18:00etan hasiko da, eta, lehendakariaz gain, Eusko Jaurlaritzako hainbat sailburuk, hiru ahaldun nagusiek, Eudel Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Udalen Elkarteko presidente Gorka Urtaranek eta Espainiako Gobernuak duen ordezkari Denis Itxasok parte hartuko dute, Jaurlaritzako iturriek azaldu dutenez. Errefuxiatuekin lan egiten duten hainbat elkartetako kideak ere izango dira bileran: Zehar, Gurutze Gorria eta Caritas, besteak beste.

Pertsona horiei harrera egiteko ibilbide orria zein izango den aztertuko da bileran. Izan ere, Jaurlaritza beste erakunde batzuekin lanean ari da duela egun batzuetatik. Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu duenez, beste erakundeei aurkeztuko zaien dokumentuan, datozen aste edo hilabeteetako «agertoki desberdinak» jasotzen dira.

Errefuxiatuei harrera egokia emateko, erakundeen arteko «lankidetza eta leialtasuna» eskatu ditu sailburuak. «Asko sufritu duten pertsonak dira», gogoratu du. Eta, beraz, laguntza humanitarioaz gain hezkuntza, osasun eta mantenu baliabideak eskaini ondoren, beharrezkoa izango dela laguntza «emozionala» ematea.

Azken egunotan Ukrainatik iritsi diren zenbait haur eskolaratu dituzte dagoeneko; beraz, herrialde horretatik iristen diren pertsonek asiloa eskatzeko tramite ofizialak egitearen garrantzia azpimarratu du Artolazabalek: «Errefuxiatu izateak bermatzen dizkien eskubideak eskuratzeko».

Era berean, Euskal Herritarrek erakutsitako «elkartasun masiboa» modu «ordenatuan» bideratzeko eskatu du sailburuak, Ukrainako gerratik ihesi doazen errefuxiatuei erantzun egokia emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.