Irungo Harrera Sareko kidea da Oihana Galardi. Migratzaile asko egoera aski gaitzean ikusten dituzte; Frantziak ezartzen dituen kontrol zorrotzek eta Hegoaldeko administrazioek harrerako ezartzen dituzten irizpideen mugek guztiz estutzen dituzte etorkinen bizitzak. Erabaki arriskutsuak hartzera bultzatzen ditu horrek usu, bizitza arriskuan jartzera.
Beste heriotza bat Bidasoan. Nor da erantzulea?
Lehen erantzulea Frantziako Estatua da, muga itxi egiten duelako. Schengengo Itunak argi dio ez dagoela mugarik, baina Frantzia ari da hegoaldeko herrialdeekin dituen mugak ixten. Migrazioa kontrolatzeko ari da egiten. Ematen den argudioa da alarma terroristarengatik egiten direla kontrol horiek, baina hegoaldeko herrialdeekin dituen mugetan bakarrik existitzen dira. Migrazio kontrolerako erabiltzen dira, beraz; baina Europako Batasunak ez dio belarritik tira egiten.
Parisen erantzukizuna argia da. Eta Hegoaldean zer egin daiteke hobeto migratzaile horien harrera egokiagoa izateko?
Guk beti esan dugu pasabide seguruak behar direla. Baina pasabide seguruek Irunen bertan hasi behar dute. Finean, han dago harrera toki bat, eta han egoteko muga gaur egun hiru gauekoa da. Hori akuilu bat bihurtu da migratzaile askorentzat; haiekiko presioa handitu egiten da. Beraz, erakundeei galdegiten diegu pasabide seguruak eskatzeko, baina ez ardura jartzeko bakarrik Frantziako erakundeetan. Harrera herria gara, eta osoa izan behar du harrera horrek; gainerakoan presiopean hartutako erabakietara bultzatzen dituzte migratzaileak. Zein izaten dira bideak? Baliabide ilegalak erabiltzea, edo Bidasoa zeharkatzeko ahalegina egitea.
Beraz, hiru eguneko epe hori luzatzea da zuen eskabide nagusietako bat gaur egun?
Bai, zeren eta beste une batzuetanastebete ere egon dira harrera zentroan. Muga hori inoiz baino zorrotzagoa da orain, beste garai batzuetan malguagoa izan da. Eta esan dut lehen: erakundeek pasabide seguruak eskatzen badituzte, ulertu behar dute horiek etxean hasten direla.
Zer ari zarete ikusten zuen eguneroko jardunbidean? Migratzaile asko ari dira Irunera heltzen?
Aldi berean jende asko ez dator.Etengabe heltzen da, baina momentu jakin batzuetan iritsi da jende asko. Atera denean hedabideetan-eta jende asko etorri izan dela, askotan gehiegikeriaz jardun dute.
Oihana Galardi. Irungo Harrera Sarea
«Erakundeek ulertu behar dute pasabide seguruak etxean hasten direla»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu