Emakundeko zuzendaria

Miren Elgarresta: «Erakundeek hartu behar dute zaintzaren lidergoa»

Indarkeria matxistaren biktimek arreta integrala izan dezaten, zerbitzuen koordinazioa eta eraginkortasuna jorratzen ari dira, Emakundeko zuzendariak nabarmendu duenez. Zaintzaren arloan «paradigma aldaketa bat» ikusten du.

MIREN ELGARRESTA
Miren Elgarresta, Gasteizen, Emakunderen egoitzan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Gasteiz
2024ko urtarrilaren 23a
05:10
Entzun

«Azkar pasatu da urtea; oso mamitsua izan da». 2022ko urrian izendatu zuten Miren Elgarresta (Zumarraga, Gipuzkoa, 1965) Emakundeko zuzendari, berdintasun lege berritua onartu eta gutxira. Agintaldiaren azken txanpan den arren arauaren garapenean eta bortizkeria matxistaren aurkako jardunean zentratuta dagoela adierazi du.

Legegintzaldi hasieran, Emakunde Lehendakaritzatik Berdintasun Sailera mugitu zuten. Pentsatzekoa da aldaketari buruzko balorazio bat egingo dela. Zer ondorio atera duzu?

Izendatu nindutenean, garbi nuen ez nuela auzitan jarriko iraganean lehendakariak hartutako erabaki hori, baizik eta berdintasun politikak aurrera eramango nituela.

Ondo ikusten duzu, beraz, Emakunde Berdintasun Sailean?

Leku batean zein bestean, inportantea da tresna egokiak edukitzea. Berdintasun politikek Euskadin bide luzea egin dute Emakunde sortu zenetik; une hartan leku estrategiko bat behar zuen, eta Lehendakaritzan kokatu zen. Orain, Gizarte Politiken Departamentuan metatzen dira hainbat zerbitzu, eta oso positibotzat jotzen da, baina, aldi berean, baditugu nahiko tresna eta egitura beste sailetan eragiteko.

Azaroaren 30ean, mugimendu feministak eta hainbat eragilek greba feminista orokorra egin zuen zaintza eskubide kolektiboaren alde. Nola ikusi zenuen?

Paradigma aldaketa batean gaude. Greba feminista aipatu duzu, baina egun batzuk lehenago zaintzari buruzko kongresu bat egon zen, Berdintasun Sailak bultzatuta; uste dut mezu nagusian nahiko bat gatozela, batez ere zaintzaren hornidura publiko-komunitarioarekin. Zaintzaren ezaugarri batzuk gogoetara ekarri behar ditugu, batez ere feminizazioa eta familiarizazioa. Baditugu tresnak paradigma aldaketa horretarantz joateko; adibidez, sailak elkarrizketa sozialerako mahaian adostutako zaintzarako herri ituna.

Mugimendu feministak Jaurlaritzarekin biltzeko eskatu du, sektore arteko mahai bat osatze aldera. Erantzunik izango du?

Une honetan, eredu aldaketa horretarako Emakunderen batzordearekin ari gara. Emakumeen elkarteak ordezkatuta daude, eta bertan ari gara lantzen eta garatzen zaintzarako herri ituna; oinarrizko dokumentu bat badago dagoeneko. Ez dakit beste espazio bat beharko zen, baina badago solaskidetzarako espazio bat.

Zein izango dira herri itun horren ardatz nagusiak?

Berdintasun politiketan behin eta berriz agertzen da zaintzak eragina duela gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunean. Zaintzari balio handiagoa eman behar zaio, herritarrak sentsibilizatzen lan gehiago egin behar dugu. Baita zaintzaren banaketan ere, alde handiak baitaude, Eustaten datuen arabera; gure helburua da gizon gehiagok egitea zaintza lanak. Halere, inflexio puntu bat ikusi dugu eszedentzietan, 2019an aitatasun baimenak erregulatu zituen dekretuaren eraginez; ordura arte, eszedentzien %90 emakumeek hartzen zituzten, eta 2021ean %70era jaitsi da portzentajea, eta gizonena %30era igo. Niretzat oso datu positiboa da: politikak horretara zuzenduta daudenean, erantzun baikorra lortzen da.

«Zaintzaren ezaugarri batzuk gogoetara ekarri behar ditugu, batez ere feminizazioa eta familiarizazioa»

Jaurlaritzak sistema publiko-komunitarioa babesten du. Nola ulertzen duzue publiko-komunitario hori?

Gizarte osoaz ari gara, batera edo bestera inplikazioa duten eragileez. Adituek beti aipatzen dituzte familiak, instituzioak, merkatua eta gizartea. Komunitate osoa.

Zaintza desfamiliarizatzeak eskatzen du instituzionalizatzea?

Neurri handi batean, instituzioek lidergoa hartu beharko dute.

Horrek esan nahi du, adibidez, adinekoen zaintzan, egoitzetan toki gehiago beharko direla?

Edo beste modu batera antolatzea. Egoitzetako lekuen antolamendua ez dago gure esku, baina garbi dago, eta hor badaude azterketak, jendeak nahiago duela ahalik eta denbora gehien etxean geratu; zerbitzu berritzaileagoak jarri beharko dira martxan.

Greban asko kritikatu da zaintza zerbitzuen pribatizazioa; besteak beste, zahar etxeak enpresen esku utzi dira, eta sarri multinazionalen edo funts putreen esku. Horiek publifikatzeko premia ikusten duzu?

Ñabardura horietan ez naiz sartuko. Herri itunean lidergo publiko-komunitarioa ezarrita dagoenean, horrela ulertzen da; gainera, hirugarren sektoreak sekulako pisua dauka zaintzan. Paradigma aldaketa horretara joateko, bidea egin behar da. Ñabarduretan, zeintzuek parte hartu behar duten? Nazioartean, Zaintzen Aldeko Aliantza Globalean enpresa pribatuak ere sartzen dira; zer pisurekin, hori ez dut nik zehaztuko, baina garbi dugu erakundeek hartu behar dutela zaintzaren lidergoa.

Erakundeen lidergo hori ez al da galtzen zerbitzuak enpresa pribatuek kudeatzen dituztenean?

Lidergoa erakundearen esku badago, ez dut halakorik ikusten.

Indarkeria matxistaren arloan, berriki aurkeztu duzue EKIM webgunea, biktimentzako baliabideak bildu dituena, eta martxan jarri nahi duzue biktima bakoitzaren espediente elektroniko bateratua. Zergatik dira garrantzitsuak horrelako neurriak biktimentzat?

Biktimek arreta integral bat behar dute eta merezi dute. Azken hogei urteetan, 26 zerbitzu jarri dira martxan; emakumeak aukera du ibilbide horretara ate diferenteetatik sartzeko, eta hori oso positiboa da, baina zerbitzu gehiago martxan jarri ahala, guztiak koordinatzea erronka handiagoa da erakundeentzat. Konpromiso bat da, legean jasota, ahalik eta eraginkorrenak izatea, birbiktimizazioa saihesteko eta emakumea sisteman galdurik ez ibiltzeko, denborarik ez galtzeko batetik bestera... Horregatik lortu nahi da gestio integratu bat espediente bakarrarekin.

«Indarkeria matxista oso fenomeno konplexua da, eta zitala. Harremanetan mendekotasun emozionala ere izaten da, eta horrek sarri berekin dakar emakumeak bere burua biktimatzat ez hartzea»

Badago kezka bat emakumeen babesarekin. Eztabaida handia piztu zuten Maialen Mazonen eta Rebeca Huaytaren hilketek, biek salaketa jarria zutelako eta erakundeek bazutelako haien egoeraren berri. Zer hausnarketa egiten ari zarete?

Bi kasuak aztertu dira; Maialenena izan da lehena babes sisteman egonda ez dena lortu bere hiltzailearengandik babestea. Horrek gogoeta bat eskatzen du, eta horixe da indarkeria matxistaren aurkako erakunde arteko hirugarren akordioan gaudenon zereginetako bat: ahalik eta ondoen koordinatzea, eta akatsak identifikatzea. Gure lanak hiru arlo ditu: koordinazioa, arreta eta segurtasuna. Kasu horietan, identifikatu da arriskuaren balorazioa etengabe berrikusi behar dela, eta arreta areagotu behar dela. Beste aldagai inportante bat komunitatearen balioa da: arreta zerbitzuetara hurbiltzen laguntzeko, biktimei sentiarazteko zerbitzuak lagungarriak direla... Izan ere, indarkeria matxista oso fenomeno konplexua da, eta zitala, bi kasuotan ikusi denez. Harremanetan, mendekotasun emozionala ere izaten da, eta horrek sarri berekin dakar bortxa pairatzen duen andreak bere burua biktimatzat ez hartzea, eta, hainbatetan, erasotzailearengana itzultzea. Eta ulertu behar dugu andreek erabakitzeko ahalmena dutela. Horrek zailtasun asko gehitzen dio babesteko prozesuari; horregatik da inportantea arreta ematen duten eragileak trebatzea.

Pornografiaren inguruan egin zenuten azaroaren 25eko kanpaina; aurkezpenean, erakundeetatik bertatik kalitatezko sexu hezkuntza eskatu zenuten. Baina Hezkuntza Legeak apenas egin dion aipamenik gaiari. Kontuan izanda berdintasun politikek zeharkakoak izan behar dutela, aukera galdu bat da?

Badaukagu espazio bat Hezkuntza Sailarekin lan egiteko, hezkidetzako bigarren planean. Legearen markoan ez dugu lanketa berezirik egin, gure mezua sailetik harago doalako: gizarte osoarentzat da. Hezkuntza ikastetxeez harago doa: berdintasunerako balioak eta printzipioak etxetik hasten dira. Familiei helarazi nahi genien sexua badela nerabeen intereseko gai bat, eta gurasoei kostatu arren konfiantzazko eremuak sortu behar direla, pentsamendu kritiko bat behar baitugu irudi horien aurrean gazteak ondo informatuta egoteko, ezin baitira eredu izan haien sexu harremanetan.

Duela ia bi urte berritu zen berdintasun legea. Hura aplikatzean, zer karpeta daukazu irekita?

Karpeta nagusia indarkeriarekin lotuta dago. Halere, oso inportantea da enpresa munduko desberdintasunak murriztea: espazio estrategiko bat da. Lanketa batzuk abiatzeko asmoa badago, Ekonomia Departamentuarekin batera, emakumeen lidergoa areagotzeko. Europako Genero Berdintasunerako Indizeak ere hala ezarri digu: Euskadi oso herri aurreratua da berdintasun politiketan, baina zeregin handia dago andreen ordezkaritza politiko, sozial eta ekonomikoan.

Iaz lehen aldiz joan zinen Irunera eta Hondarribira alarde parekideak ikustera. Zelan itzuli zinen?

Pozik, agertoki berri bat dagoelako, batez ere Hondarribian. Keinuak oso inportanteak dira. Eta Hondarribiko Udalaren keinua, eta baita Gipuzkoako Foru Aldundiarena ere [bi desfileei harrera egitea, lehen aldiz], urrats garrantzitsu bat izan da. Emakunde beti prest egongo da zubi lanetarako.

Gipuzkoako Berdintasun zuzendari izan zinen urteetan ez zinen desfileetara joan. Aldundiaren Bizikidetzarako Zuzendaritzak landu zuen gaia, bizikidetza arazo bat zelakoan, berdintasunari lotua baino gehiago. Ados zaude ikuspegi horrekin? 

2015az ari gara: orduko testuinguruaren irakurketa egin zen; auzia luze irauten ari zen, eta ez zegoen modurik aurre egiteko. Ikuspegia aldatzea erabaki zen, auzia beste bide batetik garatzeko. Ez zen erabaki erraza izan, baina nik uste dut ausarta izan zela; bitartekari lana zaintze aldera hartu zen.

2019an, Guztion Alardea taldea sortu zuten Hondarribiko desfile baztertzailearen inguruko gazte batzuek. Pentsatzekoa zen pandemiaren geldialdia aprobetxatuko zutela erakundeek talde hori palanka gisa erabili eta konponbidea bideratzeko, baina halakorik ez da izan. Zertan ibili dira instituzioak? 

Guztion Alardea oso ongi etorria izan da: oso inportantea da hainbeste urteren ondoren belaunaldi berriak indartsu etortzea. Emakundek garbi du bere helburua: emakumeek herriko jaietan eta ospakizunetan berdintasunez parte hartzea. Helburu horrekin sortzen diren ekimenek Emakunde bidelagun izango dute, behingoagatik auzi hori amaitzeko.

«[Alardeen auzia Bizikidetzara eramatea] ez zen erabaki erraza izan, baina nik uste dut ausarta izan zela»

Emakundek edo aldundiak ez dute lanik egin talde horrekin edo udalekin?

Nik dakidanez, lanean aritu dira azken urteetan, udalarekin eta. 

Eta udalekiko lan horrek zer emaitza izan du?

Udalari galdetu beharko diozu.

Alkateak aldatu dira bi herrietan, eta Hondarribian, gainera, alderdi politikoa ere bai. Aldaketa gehiago etor daitezke?

Keinua ezin da antzua izan; keinuek eraikitzaileak izan behar dute, eta espero dut hala izatea. Gu prest gaude bidelagun izateko.

Hondarribian eta Irunen eskatu izan da alardeak udalek antolatzea berriro: publikoak izateak andreen parte hartzea bermatuko luke. Gatazka konpontzeko bide bat izan daiteke?

Haiek erabakiko dute: ez naiz sartuko udalaren eskumenetan. 

Presioa egin dakieke udalei?

Mandatu legala hortxe dago. Gure lana da gizartearen esparru guztietan eskubide hori bermatzea.

Baina agindu legala ez da bete.

Eta aldarrikapen bat egon da urtero andreek berdintasunez parte hartzeko. Emakundek beti lagundu dio alarde berdinzaleari; eta jarraituko du, konbentzituta, zubi lanean. Beste ordezkari politikoek nola kudeatzen duten bere lana, hor ez naiz sartuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.