Estatuaren indarkeriaren biktimak ez daude pozik erakundeek, batez ere Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritzak, azken bolada honetan hartu duten norabidea ikusita. Salatu dutenez, azken hilabeteotan ugaldu egin dira «ikuspegi inklusiborik gabeko ekinbideak», eta kezka agertu dute «ziklo aldaketa» hori dela eta.
Santiago Brouarden eta Josu Muguruzaren hilketen urteurrena baliatu dute arrangura horren berri emateko. 40 urte bete dira Brouard Bilboko bere kontsultan hil zutenetik, eta 35 urte Muguruza Madrilen tirokatu zutenetik. Haien aldeko omenaldi ekitaldian, Egiari Zor fundazioko kide Pilar Garaialdek esan du badaudela «zuzenean sigla politiko zehatzak zipriztintzen dituzten erantzukizunak», eta alderdi horiek ez daudela erantzukizun horiek onartzetik «salbuetsita»: «Zeregin hori betetzeke dago, eta arbitro gisa jokatzen dutenek oraindik dena dute egiteko».
Estatuaren indarkeriaren biktimek ekainean kokatzen dute «ziklo aldaketa» horren hastapena. Orduan, Eusko Jaurlaritza osatzeko negoziazioen ostean, justiziaren, memoriaren eta biktimen inguruko gaiak PSE-EEren esku gelditu ziren, eta Marisol Garmendia Espainiako Gobernuaren ordezkari izendatu berria hasi zen bere lorratza uzten karguari dagokion jardunbidean.
Estatuaren indarkeriaren biktimen ordezkariak Gogora institutuaren kontseilutik kanpo uztea izan zen norabide berri horren lehen urratsa. Garaialderen esanetan, «hamarkada oso bat atzera egitea» dakar erabaki horrek, eta EAJren eta PSE-EEren «ezinbesteko babesarekin» hartu zuten.
Ikusi gehiago
Estatuaren indarkeriaren biktimak «polizia abusuen biktima» edo «poliziaren legez kontrako indarkeriaren biktima» gisa izendatzea ere arbuiatu du Garaialdek: «Terminologia horrek helburutzat du minimizatzea eragin zizkiguten giza eskubideen urraketen larritasuna; birbiktimizatu eta umiliatu egiten gaitu».
Garaialderen ustez, beharrezkoa da «botere politikotik inpunitate osoz, eta Estatuaren baliabide guztiekin, milaka pertsonari giza eskubideak urratzea ahalbidetu zuen errealitateari heltzea». «Argitu gabeko krimenak argitzeko» eskaeraz ere mintzatu da Garaialde: «Argi dago horrelakoak esaten dituztenean ez direla gutaz ari. Eskubide hori ukatzen digute, hain zuzen ere, gure aurka egindakoak argitzeko aukera beren esku dutenek».
Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak Guardia Zibilari egindako omenaldi publikoak ere hizpide izan ditu Garaialdek. Salatu du horrek biktimak «birbiktimizatu» egiten dituela, eta «eraso» egiten diela: «Horrelakoek sortzen diguten zirrara guztiz doakoa da, ulertezina; are gehiago, gure biktimarioak goresten, goratzen eta kondekoratzen dituztenean, guri egin ziguten guztiak zigorrik gabe dirauela jakinda».
Edonola ere, Egiari Zor fundazioan biltzen diren biktimak ez daude prest «urte hauetan aurreratutakoa suntsitzeko», eta eskatu dute benetako «ziklo aldaketa bat», baina «pausoak ematen» jarraitzeko: «Aitortzaren legegintzaldia izan behar du honek, biktimek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidearen defentsaren legealdia». Estatuaren indarkeriaren biktimen aburuz, «adostasuna» egon beharko luke erakundeen eta alderdi politikoen artean, «arlo honetan atzerapauso gehiago ez emateko».
Omenaldi bikoitza
Ohi legez, bikoitza izan da Brouardi eta Muguruzari egindako omenaldia. Brouarden omenez Bilboko Ametzola parkean eraikitako oroitarriaren aurrean egin dute ekitaldiaren lehen zatia; han, aurreskua dantzatu dute, eta lore gorriak jarri dituzte oroitarriaren aurrean, GALek, BVEk eta gainerako talde parapolizialek hildako biktima guztien izenak irakurtzen zituzten bitartean.
EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean eta Bilboko Udalean dituen ordezkari ugarik parte hartu dute ekitaldian, Brouarden eta Muguruzaren senitartekoekin batera. Ezker abertzalearen kide historiko ugari ere bertaratu dira: besteak beste, Tasio Erkizia, Jone Goirizelaia, Joxerra Etxebarria eta Iñaki O'Shea han izan dira. Alfredo Retortillo Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak ere parte hartu du ekitaldian, eta lorea jarri du oroitarriaren aurrean.
Ekitaldia amaituta, bertaratutakoek Errekalde plazara jo dute, eta han egin dute omenaldiaren bigarren zatia. Ane Zabala aktore eta kazetariak Brouarden eta Muguruzaren ibilbideen zertzelada batzuk eman ditu, eta Arkaitz Estiballes eta Jon Maia bertsolariek ere parte hartu dute.
cabacasen gurasoek «okerra zuzentzeko» eskatu dute
Cabacas Lizeranzu sendiaren abokatu izandako Jone Goirizelaiak esan duenez, Iñigo Cabacasen gurasoak «minduta» eta «durduzatuta» daude, ikusita Bilboko Udalak «behar beste argitu ez diren» kasuen artean sailkatu duela haien semearen hilketa: «Batez ere Finak [Lizeranzu, Iñigo Cabacasen ama] oso egun txarra igaro du, honek zauria berriro ireki diolako». Abokatuak esan du gurasoek gutuna igorri dietela Bilboko Udalari eta Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topaguneari, egindako okerra zuzen dezatela eskatzeko. Goirizelaiak gogorarazi du ez dela egia Cabacasen heriotzaren ingurumariak argitu gabe daudenik: «Bi epaik argi azaltzen dute Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zela». Esan duenez, segurtasun indarrek hildako beste biktima batzuen kasuan ere hilketaren egile zehatza ezezaguna da, baina hori ez da oztopo izan biktima horiek sailkapen horretan sartzeko.
Bilboko Udalak, berriz, esan du biktimak omentzeko plakan ez dagoela inolako «okerrik», hura egiteko Eusko Jaurlaritzaren eta Gogora institutuaren agiri ofizialak aintzat hartu dituztelako: «Hori da oinarria, eta horrela adostu zen biktimekin eta adituekin duela zazpi urte». Bilboko Udalaren iturriek Europa Press agentziari azaldu diotenez, norbaitek aldaketaren bat egin nahi izanez gero, Jaurlaritzari, Eusko Legebiltzarrari edo Gogora institutuari egin beharko lioke agiri ofizial horiek aldatzeko eskaera, eta hori onartuko balitz, orduantxe egingo lukeela udalak aldaketa.