Amaia Fontang. Zutik kolektiboko kidea

«Eraildako emazteek izen bat eta bizi bat dituzte, norbait dira»

2004an sortu zen Zutik kolektiboa, Baionako karriketan izaniko talde bortxaketa bat salatzeko. Besteak beste, indarkeria jasan duten emazteak lagundu dituzte urte luzez. Orain, kolektiboa desegitea erabaki dute.

GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2023ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko mugimendu feminista markatu du Zutik bortizkeria sexisten aurkako kolektiboak. Hemeretzi urteko ibilbidea egin du, eta irail bukaeran bukatutzat jo zuten beren bidea. Hasieratik kolektiboko kidea izan da Amaia Fontang (1959, Baiona). Azaldu du zer testuingurutan sortu zuten kolektiboa, eta azken bi hamarkadetan gizarteak izan dituen eraldaketez mintzatu da. «Xumeki» ireki duten bidean lekukoa pasatzeko garaia heldu da, haren ustez.

Noiz eta nola sortu zenuten Zutik kolektiboa?

2004ko otsailean sortu genuen, gertakari berezi baten ondorioz. Baionako karriketan, ostegun arratsetako festa horietako batean, 16 urteko neska bat taldean bortxatu zuten. Elkartu ginen feminista batzuk, baina garai hartan ez zen talde feminista anitz Ipar Euskal Herrian —Emaztek Diote bazen—, eta batzuk umezurtz ginen mugimendu feministan.

Nolako jendea elkartu zineten?

Denetarik. Bortxaketa salatzeko emazte batzuk hurbildu ziren, sekula talde batean izan ez zirenak baina kontzientzia feminista zutenak. Emazte gazte batzuk ere bai, eskandalizatuak zirenak gertatutakoarekin, ez zirenak baitezpada feministak. Orotara, 30 bat emazte bildu ginen, oso desberdinak. Denek argi genuen festa giroan bortxaketak gelditu behar zirela, eta, gutxienez, sentsibilizazio lana egin behar genuela.

Zutik-en sartu aitzin, jadanik militante feminista zinen zu. Gaztetan sartu zinen mugimendu feministan. Nolako bilakaera izan du zure ibilbide feministak?


1977an sartu nintzen Euskal Herriko talde feminista ezkertiar eta abertzale batean: EBA zuen izena. Gaztea nintzen, 17 urte nituen, eta garai hartan bazen askapen fase bat, militatzen baitzuen sexu askapenaren alde. Garai hura biziki inportantea izan zen niretzat, lehen aldia baitzen zapalkuntza hirukoitzaren kontzeptua aditu nuela. Ulertu nuen hiru aldiz zapalduak garela: emazte gisa, langile gisa eta euskaldun gisa. Angela Davisen liburuek, zentzu horretan, inportantzia handia izan zuten guretzat.

Emazte, langile eta abertzalegisa, beraz, nola bizi izan zenuen garai hura?

Emazte anitzentzat askapen prozesu bat izan zen. Eta abertzaleontzat ere bai: EBA taldean militatuz manera izan genuen gure burua inposatzen ikasteko, ondoan bagenuelako gizon militanteen postura ezegokia. Bagenekien inposatu behar genuela, eta bi aldiz gehiago frogatu behar genuela gai ginela.

Zutik sortu zen garaian, zein zen giroa feminismoaren ikuspegitik?

1970eko eta 1980ko hamarkadetan lege aldetik aldaketak izan ziren: abortua, dibortzioa... 1990ean, beste urrats bat izan zen: genero ikuspegia jendartean sarraraztea. Afera da egunerokoan aldaketa horiek ez zirela hainbeste gauzatzen. Legeak bai, izan dira, mugimendu feministari esker, baina jendarteak ez zuen beti segitzen. 2000. urtearen inguruan, beherakada bat izan zuen mugimendu feministak, eta Zutik garai horretakoa da.

Kolekitboa sortu zenutenean, zer egiten hasi zineten? Zein ziren zuen lan ardatzak?

Lehenik, aipatutako talde bortxaketa horren afera segitu genuen. Eta gogoeta bat eraman genuen: zergatik gertatzen dira bortxaketak festetan? Sentsibilizazio lan handia egin behar genuela pentsatzen genuenez, festetan ateratzen hasi ginen; guhaurek eginiko afixa batzuk kolatzen genituen. Emeki, ohartu ginen gure presentziak eragina bazuela festetan, baina ez genuela baliabide aski Ipar Euskal Herri osoko festetan egoteko. Beraz, sustut Baionako bestetan ibili ginen gero.

Indarkeria jasaten zuten emazteak ere lagundu dituzue.

Bai. Aldi berean, lan bat abiatu genuen prokuradorea interpelatuz, ikusten genuelako bortizkeria matxista jasaten zuten emazteak polizia etxeetara joatean ez zirela ongi hartuak. Hasi ginen lan hori eramaten: nola aldatu prokuradoreen eta polizien postura ezegoki horiek? Egin genituen hainbat komunikatu, prentsa agiri eta prentsaurreko. Orduan etorri ziren jazarpena edo bortxa jasaten zituzten emazte batzuk guregana.

Nola lagundu dituzue?

Talde berezi bat genuen entzuteko eta laguntzeko. Formakuntza bat bagenuen gehienek, arlo sozialean. Gure asmoa ez zen emazte horiek osoki laguntzea, instituzioak bazirelako horretarako. Beharbada hastapeneko garai hartan ez hainbeste; gerora eraiki dira. Beraz, hastapenean, bai, gure rola zen entzutea eta laguntzea. Pixkanaka, batez ere izan da emazte horiek behar bezalako instituzioetara bideratzea.

Feminizidioak salatzeko lana eraman duzue.

2004an hasi ginen salatzen emazte batzuk hiltzen zirela beren bikotekideek erailda, gizon horiek pentsatzen zutelako jabegoa bazutela emazteengan, nahi zutena egiten ahal zutela haien biziarekin. Gaia landu dugu, eta, Hego Euskal Herriko talde feministekin batean, protokolo bat martxan jarri genuen. Euskal Herrian, emazte baten erailketa bat bazelarik, 48 ordu bagenituen elkarretaratze bat antolatzeko. Landu dugu gure diskurtsoa ere. Erailak izan ziren emazte guzien izenak irakurtzen hasi ginen, 2004tik duela bi urtera arte. Emazte horiek norbait zirela erran nahi genuen, izen bat bazutela, bizi bat bazutela. Erakutsi nahi izan dugu feminizidioak jendarte arazo bat zirela, eta ez direla afera pribatu ba; hau da, denek ardura bagenuela horretan.

Lehen erran duzu Baionako bestetan lan pedagogikoa egin duela Zutik kolektiboak. Zer-nolako esperientzia izan da?

Bestak hasten zirelarik, afixak kolatzen genituen, eta, egunero, besten denboran ere bai. Gure asmoa zen bestetan hor egotea. Jende pisua bazen, baina emeki ikusi dugu jendeen erreakzioa aldatu dela. Gerora, sartu ginen herriko etxeko besta batzordean. Hor gure harria ekarri dugu, baina guretzat inportanteena zen karrikako lana eramatea, eta ez genuen gure tokia arrunt atzeman batzorde horretan, nahiz eta gauza batzuk aldarazi ditugun.

Zer adibidez?

Afixa batzuk egin zituzten plantako janzkera behar zela erranez. Hori aldarazi genuen, eta lortu genuen Bestetan, zure janzkera egokitu idaztea. Baina noski, hori ere guretzat ez zen onargarria, eta, beraz, batzorde horretatik ateratzea erabaki genuen. Gero, karrikako lana egiten segitu dugu; besteak beste, gertatzen ziren bortxaketak salatuz, elkarretaratzeak antolatuz. Nahiz eta lan zaila zen, prokuradoreak informazioa blokeatzen zuelako.

Zergatik eman diozue bukaera zuen ibilbideari?

Gure lana egin dugula uste dugu, eta lekukoa pasatzeko garaia heldu dela. Badira talde feministak lekukoa hartzeko. Sentitzen ditugu motibatuak eta azkarrak. Pentsatzen dugu Iparraldean feminismoaren bide bat ireki dugula.Bide horrekin ados izan ala ez, bide bat ireki dugula uste dugu, eta, beraz, horretan bukatzen dela gure lana, talde bezala behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.