EAJk otsailean abiatu zuen Entzunez Eraiki, herritarrek, hainbat adituk eta alderdikideek alderdia eta herria nola ikusten duten jakiteko. Prozesu horren koordinatzaile lanetan aritu da Xabier Barandiaran (Ataun, Gipuzkoa, 1969). Ondorioak aurkeztuta, pozik dago, baina «lana orain hasten da».
Iazko Biltzar Nagusitik dator Entzunez Eraiki prozesua. Orduan, EAJk ez zuen txosten politikorik aurkeztu, ohi bezala. Zergatik?
Kontsideratzen zen alderdiak aurreko urteetan onartu zituen ponentzia politikoek gaurkotasuna zutela. Diagnostiko bat aurkeztu zen, eta erabaki genuen martxan jartzea entzute aktiboko prozesu bat, ikusten genuelako aldaketa handiak ematen ari direla.
Zeintzuk?
Batetik, aldaketa globalak daude, eta Euskal Herrian ere aldaketa handiak ematen ari dira; bai ekonomiaren alorrean, bai sozialean, baita politikoan ere. Pentsatu genuen turbulentzia garaiotan gizartearekin pultsua berreskuratu, entzun eta hausnarketa konpartitu bat egin behar genuela.
Baduzue kezka herritarren eta EAJren —oro har, klase politikoaren— arteko distantziaz?
Bai. Orokorrean, politikarekiko desatxikimendu prozesu bat ematen ari da mendebaldeko gizarteetan, eta, bereziki, kontsumoko gizarteek bizi duten indibidualismo prozesuaren ondorioz. Horrek krisi puntu bat sortu du demokrazia liberaletan. Gurea oso errotua dagoen alderdi bat da, herriarekin konexio handia duena, eta egoera honetan ere egon nahi izan dugu herritarrekin. EAJk historia luzea du, baina historia horren arrakasta nagusia izan da irakurketa egokiak egiteko gaitasuna izan duela.
Desatxikimendu hori islatzen da hauteskundeetan.
Parte hartze kuantitatiboa dago, baina, beste alde batetik, zenbateraino norbanakoak lotura sentitzen duen komunitate politiko batekin eta horretan parte hartzearekin. Gure herrian, tradizionalki, sekulako atxikimendua izan dugu komunitate politikoarekiko. Horrek zentzu, indar eta kohesio maila handiagoa ematen dio politikari.
Prozesuaren zer ondorionabarmenduko zenuke?
Lehenik, prozesua bera. Merezi duela eta etorkizunean alderdi guztietan instalatzen joango dela. Herritarrei entzun nahi diegu. Ikasgai ikaragarri bat izan da; bileretan, jendeak libre hitz egin du; egin dizkigute kritikak, baina esan dizkigute gauza onak ere, eta jaso dugun informazioa izugarri baliagarria da; prozesuak hezi gaitu.
Eta edukiei dagokienez?
EAJri aitortzen zaio zentralitatea eta utilitatea. Erakundeen lidergoa aitortzen zaigu: euskal gizartean zentralitate inportante bat. Aldi berean, ikusi dugu agenda politiko berri bat. Gizon-emakumeen berdintasuna, trantsizio ekologikoa, ongizatearen kezka... Bada agenda bat, berria edo berritua. Bestalde, ikusi dugu, eta hau positiboa da, exijentzia maila on bat erakundeekiko eta EAJrekiko.
Besterik?
Kritikak egiten zaizkigu, eraikitzaileak. Eragile batek adiskidekeria hitza erabili zuen, esateko: «Urte asko daramatzazue boterean, kontuz horrelako gauzekin». Ardatz ekonomikoan ere esan digute: «Adi, inportantea baita». Gizarte politiketan, eskatu zaigu euskal sistema hobeto koordinatzeko, deskoordinazio puntu bat dagoela. Euskararen eta kulturaren arloan, esan ziguten benetan sinistu behar genuela eta lehentasuna eman behar geniola.
Adiskidekeria, kontserbadorea, irudi maskulinoa, adin batetik gorakoa... Ez da ohikoa alderdi batek bere buruaz hori jasotzea. Autokritika handi bat da?
Beharrezkoa da. 40 urte euskal erakunde sistema lideratzen daraman alderdi batek gauza asko ongi egin ditu, eta egiten ditu, baina hobetzeko gauza asko daude. Euskaldunak halakoak izan gara beti: begia eduki dugu non hobetu eta zer aldatu. Ikusita gure testuinguru sozial eta politikoa nolakoak izango diren, behar-beharrezkoa da. Autokritika ezinbestekoa da alderdi guztietan.
Euskararen arloan eskatu dizuete «determinazio handiagoa» izateko; beharrezkotzat jo duzue «itun handi bat» egitea.
Determinazioa behar da. Ikusten da denbora politiko berri batean gaudela; aitortzen digute euskarak sekulako aurrerapausoa eman duela hezkuntza sisteman, komunikabideetan, administrazioan... Eboluzioa inportantea da. Baina une honetan ikusten da kezka nagusia gizarte erabileran dagoela, bereziki gazteetan, eta nolabait eskatzen zaigu denbora politiko horri aurre egiteko adostasunean oinarritutako itun bat.
Zereginen artean aipatu duzue «eraikuntza nazionaleko proiektuarekin hobeto identifikatzea». Zer zentzutan?
Alderdiaz, ikusten dute eraginkorrak garela, utilak, baina XXI. mendean emozionatuko duen kontakizun baten falta sumatzen dute. Gaur egun erakundeetan edo herrigintzan herri politika ondo egitea ez da nahikoa; ezinbestekoa da, baina gogoeta hori atera da: errelato bat behar dela, beste elementuak kontuan hartuko dituena.
Proiektu nazional horrek zer ezaugarri izan behar ditu?
Indarrean dauzkagun ponentziak balekoak dira, baina etorkizunak hiru ardatz erakusten ditu: agenda politiko berrian sakontzea, gobernantza ereduan lankidetzaren aldeko apustua egitea eta eraikuntza nazionala integrala izatea. Euskal eraikuntza nazionala ezin da bakarrik erakunde publikoetatik egin; gizarte zibilaren eta antolatuaren esparruetan egin behar da, eta integrazio maila handi batek egon behar du hor.
Estatus politikoa berritzeko prozesua geldirik dago.
Ezinbestekoa da elkarrizketa eta sukalde lana. Estatus berriaren aldeko estrategia bat ezin dugu eztabaida publikoko eta elektoraleko estrategia bilakatu.
Esana duzu ezker abertzaleak basamortuan zeharkaldi bat egin beharko zuela eta EAJri ere egokituko zitzaiola. Alderdien kontakizunek agortze zantzuak al dituzte?
Trantsizio politikoaz geroztik denbora politiko berri batean gaude, eta hori ez da bakarrik ezker abertzalearentzat; EAJrentzat ere bada, testuinguru soziala asko aldatu delako. Politikagintza eta herrigintza ezin da bakarrik identifikatu erakunde publikoetatik egiten dugun lanarekin, baizik eta zerbait integralagoa izan behar du. Ezker abertzalea ari da ibilbide hori egiten, eta gu ere bai.
Nola islatuko da Entzunez Eraiki EAJren etorkizuneko ildoetan?
Hori dena EAJren bide orrira eraman behar da; bai herri politikarako, udal eta foru hauteskundeetarako, baina baita aurreragoko hauteskundeetarako eta bere ekimen politikorako ere. Hor entzundakoekin zipriztindu behar dira gure bide orri guztiak.
Xabier Barandiaran. EAJko Berrikuntza Politikoko arduraduna
«Eraikuntza nazionala ezin da soilik erakunde publikoetatik egin»
EAJk 'Entzunez eraiki' prozesuaren ondorioak aurkeztu zituen hilaren 19an. Barandiaranek beharrezkotzat jo du ariketa, besteak beste alderdia «agenda politiko berrira» egokitzeko eta garaiari erantzuteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu