Bilboko Miribilla auzoko etxadi batean, ikasleak eskolako jolastokian jolasean dabiltzan bitartean, beste hainbat herritar erosketak egiten ari dira. Urretxindorra ikastolak eta Mercadona supermerkatuak bat egiten dute bertan. 2014an, akordioa egin zuten: ikastetxeak jolastokiaren zati bat emango zion enpresari, eta lortutako diruarekin azpiegiturak handituko zituen. Hala, gaur egun Lehen Hezkuntzako eraikinak eta supermerkatuak bat egiten dute. 2023an, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak supermerkatua eraisteko agindu zuen. Mercadonak, baina, bertan jarraitzen du gaur egun.
Mercadonaren auzia ez da kasu bakan bat. Azken urteotan, hainbat eraikin eraisteko agindua eman dute ebazpen ugarik. Hala ere, agindu horietako asko oraindik ez dituzte bete. Javier Olaberri abokatuaren arabera, eraikin baten kontrako salaketa jartzerakoan, epaiketa irabaztea litekeena da, baina «epaiketa baino bost aldiz korapilatsuagoa» izango da gero eraistea. «Mundu guztiak ahal duen guztia egiten du eraistea gerta ez dadin», aitortu du.

Mercadona supermerkatua eraikitzeko, HAPO hiri antolamenduko plan orokorra aldatu zuen Bilboko Udalak, eta lizentzia 2015ean eman zion enpresari. 2023an, baina, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eraikin hori eraisteko agindu zuen, ebatzi baitzuen udalak emandako lizentzia «legez kanpokoa» zela. «Interes pribatuak asetzeko» hirigintza «nahierara» moldatu izana leporatu zion. 2017an ere supermerkatuaren aurkako beste ebazpen bat eman zuen Auzitegi Nagusiak.
Hala ere, eraikinak bertan jarraitzen du, udalak eta enpresak helegitea aurkeztu baitute Auzitegi Nagusian bertan, baita Espainiako Auzitegi Gorenean ere. Eraikina eraisteko, bi organoek ondorio bera atera behar dute. Urte asko luzatu daiteke prozedura.
Konponbide «erraza»
«Nahiz eta teorian auzitegiek diotena eztabaidaezina izan, mundu guztiak ahal duena egiten du eraikinak ez botatzeko, baita udalek ere. Besteak beste, legez kanpokoa zena legezkoa izateko, plangintzak aldatzen dituzte, edo denboraren poderioz exekutatu gabe uzten da, ea bestea aspertzen den...», salatu du Olaberrik. Eta erantsi du «oso zaila» dela zerbait eraistea dakarren epai bat betearaztea. Haren ustez, konponbidea «erraza» litzateke: «Epe bat eman beharko liekete eraistearen ardura duten horiei, eta, ez badute eraisten, zigorra ezarri».

Aiako Talaiamendin (Gipuzkoa) ere legez kanpoko beste eraikin batez ohartarazi du aurtengo urtarrilean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Duela hamarkada bat eraiki zuten Maite Garrastazuk eta haren senideek 11 logela eta 11 komuneko txaleta; Garrastazu EAJren Hirigintza eta Obra zinegotzia zen orduan Zarauzko Udalean. Txaletak lehengo baserriak baino egitura handiagoa zuela eta leku berean eraiki ez zutela argudiatuz, salaketa jarri zieten. Hamar urteren ondoren, epaitegiak txaleta eraisteko agindu du, hura eraikitzea legez kanpokoa zela ebatzita.
Aiako Udalak onartutako dekretu batzuk beteta eraiki ahal izan zituzten etxea eta hara iristeko bidea. Auzitegiak arau hauste oso larritzat jo du eraikuntza, eta bidea ireki du etxearen jabeei, Aiako Udalari eta eraikuntzan parte hartu zuten teknikariei isuna ezartzeko. Epaia oraindik ez da irmoa. Beste auzibide bat ere zabalik dago, Zarauzko Udalak etxe hori urez hornitzea erabaki izana epaitzeko.
«Udalak promotorearen aldeko eta herritarren kontrako neurriren bat hartu badu, zer norbanako joango da epaitegira udalari erreklamazioa aurkeztera? Ia inor ez»
JAVIER OLABERRIAbokatua
Eraikin osoak botatzeko aginduez gain, zati batzuk eraisteko aginduak ere eman izan dituzte epaitegiek. Besteak beste, EAEko Auzitegi Nagusiak 2011n agindu zion Jose Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiari Gautegiz Arteagan (Bizkaia) zuen etxearen teilatua eraisteko, eta txaletaren altuera 37 zentimetro jaisteko.
Olaberrik azaldu duenez, Euskal Herrian ez da «arraroa» legez kanpoko eraikinak salatzeko auzitara joatea, baina ez da ohikoa ere. «Udalak akatsen bat egiten badu, promotoreak salaketa aurkez dezake, dirua eta baliabideak dituelako auzitara jotzeko». Herritarrek, ordea, zailagoa dute salaketa jartzea: «Udalak promotorearen aldeko eta herritarren kontrako neurriren bat hartu badu, zer norbanako joango da epaitegira udalari erreklamazioa aurkeztera? Ia inor ez».
Salaketa jartzea, garesti
Olaberriren ustez, horren arrazoiak dira «herritarren asoziazionismoa oso ahula» dela eta «oso garestia» dela. Duela urte batzuk, administrazioarekiko auzi errekurtso bat jarriz gero eta auzitegi batera joz gero, auzi eskea jarri zutenek ez zuten kosturik ordaindu behar. «Hau da, salatzaileek euren abokatuari eta prokuradoreari ordaindu behar zieten bakarrik; galtzen bazuten ere, ez zuten kontrako aldearen abokatuaren eta prokuradorearen kostua ordaindu behar». Orain, baina, ez da horrela. Epaiketa galduz gero, beste aldearen gastuak hartu behar dituzte euren gain.
Kostuak, beraz, «izugarri» egin du gora, eta horrek zaildu du herritarrek salaketa jartzea. «Legeak gogortu dituzte ekintza publikoa zailtzeko», kritikatu du Olaberrik. Eta gehitu du sarri abokatuek euren jardueraren zati bat dohainik egiten dutela, herritarrek eskuragarriago izan dezaten auzitara jotzea.
Xabi Alonso futbolari ohi eta entrenatzailearen Igeldoko txaletaren kontrako elkarteak —Haritzalde eta Ieltxo— ordezkatu eta laguntzen ditu Olaberrik. Iazko urtarrilean, Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. epaitegiak ebatzi zuen Donostiako Udalak baimendutako txalet hori legez kanpokoa dela eta eraitsi egin behar dela. Sententziaren arabera, txaletak ez du zerikusirik jatorrizko baserria berreraikitzearekin.
Ikusi gehiago
Donostiako Udalak orduan jakinarazi zuen helegitea aurkeztuko zuela, eta Eneko Goia Donostiako alkateak ukatu egin zuen epaiak txaleta eraistera behartzen duela. Urtebeteren ondoren, txaletaren auziak zabalik jarraitzen du. Udalak aurkeztutako helegiteaz gain, Auzien Salan beste demanda bat aurkeztu dute elkarteek. «Obra klandestinoa dela ebatzi dezaten nahi dugu, txaleta ez zutelako eraiki lizentzia eman zioten tokian; mugitu egin zuten», zehaztu du Olaberrik.
Nork ordaindu behar du?
Zergatik da garrantzitsua, baina, obra klandestinoa den ala ez zehaztea? Olaberrik azaldu duenez, eraistearen gastua nork ordainduko duen zehaztuko baitu horrek. «Gauza bat da obra bat legezkoa edo legez kanpokoa izatea; legez kanpokoa bada, bota egin behar da. Eta bota behar bada, ordaindu egin behar da». Olaberrik aitortu du «konplexua» dela gastuaren auzia. Obra klandestinoa baldin bada, promotoreak ordaindu behar du, udalak ez baitu erantzukizunik; obra lizentziarekin egin bada, aldiz, udalak ordain dezala exijituko du promotoreak.
Lehenengo salaketa aurkeztu zutenean, elkarteek ez zekiten txaleta lizentziari ez zegokion leku batean egin zenik. Adituek txostena egin zutenean izan zuten horren berri, eta horregatik erabaki dute orain auzi eskea jartzea. Elkarteen arabera, txaleta legez kanpokoa da, baita klandestinoa ere. «Donostiarrek ez dute inolako erantzukizunik bere udalaren bitartez hori ordaintzeko». Olaberriren arabera, eraikina botatzeko gastua hiru milioi eurokoa izango da.
«Gauza bat da obra bat legezkoa edo legez kanpokoa izatea; legez kanpokoa bada, bota egin behar da. Eta bota behar bada, ordaindu egin behar da»
JAVIER OLABERRIAbokatua
Xabi Alonsoren txaleta, baina, ez dute egun batetik bestera botako. Olaberrik justiziaren geldotasuna azpimarratu du, eta zehaztu horrelako prozesuak luzatu egiten direla batzuetan. Donostiako Udalak jarritako helegitea atzera bota eta sententzia berresten badute, «epaia betearazteko prozesua» jarriko dute martxan, eta ordainketari buruzko eztabaida hasi. «Gu aurreratu egin gara, eta horri buruzko auzi eskea jarri dugu jada. Esango nuke urtebete barru izango dugula auzi horri buruzko epaia. Nire ustez, klandestinoa dela esango dute». Legez kanpokoa dela berresten badute ere, kasazio errekurtsoa aurkezteko aukera egongo litzateke. Hortaz, «gutxienez urtebete» falta da «zerbait ikusten hasteko», Olaberriren arabera.
Irregulartasunik larrienak
Eraikinak legez kanpokoak direla ebazteko, haien irregulartasunak hartzen dituzte kontuan. Olaberrik esan du irregulartasunik «larrienak» plangintzan egiten dituzten horiek direla. «Urbano deitzen diote urbanizagarria den horri», kritikatu du Olaberrik, eta zehaztu beti bilatzen dituztela «ahalik eta karga gutxien» promotorearentzat.
«Irregulartasun puntualak» ere egiten dituzte udalek. Igeldoren adibidea aipatu du abokatuak: «Bertan dauden txaleten %80 legez kanpo baimendu zituzten bere garaian, ikusten ez duten funtzionarioen edo arduratzen ez diren udalen bidez». Batez ere, mendi inguruetan hausten dute legea, «zuzenean ikusten ez diren tokietan». Hala ere, gauza «harrigarriekin» egin du topo Olaberrik. «Donostiako Parte Zaharrean, bost solairuko eraikinak baimenduta dauden toki batean, zazpi solairukoak eraikitzeko baimena eman izan dute».

Eraikinak eraisteko zenbait agindu, dena den, urte askoan luzatu diren arren, bete egin dira. Esaterako, 2019ko urrian bota zuten Hondartzape erretegia, Astondo Gorlizko (Bizkaia) hondartzan zegoena. Kasu horretan, Espainiako Gobernuak sustatu zuen eraikin hori botatzea.
2007an, Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak Gorlizko hondartzako dunak berreskuratzeko plana jarri zuen martxan. Hori dela eta, ez zuen erretegiaren emakida berritu, eta hura eraisteko agindua ezarri zuen 2013an. Jabeek eraisketa atzeratzea lortu bazuten ere, duela sei urte bota zuten.