Eraikin bat, egiazko hormekin

Beskoitzeko ikastola eraikin prefabrikatuetan dago. Aurten Herri Urratsen lortzen den dirua eraikin berri bat egiteko izango da.

Beskoitzeko ikastolako eraikinak. GUILLAUME FAUVEAU
Beskoitzeko ikastolako eraikinak. GUILLAUME FAUVEAU
gurutze izagirre intxauspe
2024ko maiatzaren 12a
05:00
Entzun

«Egiazko hormak dituen ikastola» eskaini nahi diete Beskoitzeko (Lapurdi) haurrei, eta hori lortzeko bidean lagungarri izango da aurtengo Herri Urrats, eraikin hura eraikitzeko izango baita lortzen den dirua.

Aurten hamar urte beteko ditu ikastolak. Guraso baten etxean sortu zen, Xabi Irigoienenean, duela hamar urte. Abiatu eta hilabete batzuetara, herriko etxearekin harremanetan hasi ziren gurasoak, eta lortu zuten hiri barnean lur bat alokatzea ikastola ezartzeko. «Han daude haurrak geroztik, eraikin prefabrikatuetan», Julen Jauregik azaldu duenez. Jauregi Beskoitzeko ikastolako administrazio kontseiluko kide izan zen sei urtez, eta lehendakari azken bi urteetan.

Beskoitzeko ikastolak 51 haurrei eskaintzen dizkie eskolak euskaraz. Inguruko herrietatik ere badatoz haurrak, eta eraikin prefabrikatuetako baldintza makurrei irtenbide bat nola eman pentsatzen ari dira azken hiruzpalau urteetan. Herriko etxearekin hainbat gatazka izan dira geroztik. Fabienne Aiensa auzapezak uko egin zion alokairua luzatzeari, eta haurrak kanporatzeko agindua eman zuen. «Ikastola txikia zenean ez zegoen arazorik, folklorizatu zuten. Baina indartzen hasi zenean hasi ziren arazoak».

Gurasoek etengabe izan dituzte elkarrizketak herriko etxeko ordezkariekin, eta lortu dute beste urtebetez luzatzea alokairua. Aiensa ez zetorren bat erabaki horrekin, eta dimisioa eman zuen. Ekainaren bigarren eta hirugarren astean dira herriko bozak auzapeza hautatzeko.

Jauregi ezin eskertuago dago azken hilabeteetan izan den gatazkaren ondorioz Beskoitzeko ikastolak jaso duen babesarekin, «ehunka sostengu ekitaldi izan dira». Gurasoek segitzen dute aurrera begirako irtenbideak pentsatzen. «Datorren urte honetan behar dugu irteera bat finkatu. Betiere, ahaztu gabe hau: haurrak dira erdian».

Ikastolaren aldeko tema ez da ausazkoa. Euskararen erabilera ia desagertua zen Beskoitzeko kaleetan. Lapurdiko ipar aldean dagoen herri bat da. Guraso euskaltzaleek antolatzen zituzten zenbait ekintzatan baino ez zuten euskara erabiltzen. Euskarari beste zoru bat emateko abiatu zuten ikastola, eta egin dute bide bat. Hainbat guraso ere ari dira euskalduntzen. Euskara dute ardatzean antolatzen dituzten ekitaldi guztietan.

Sustapen horrekin segitu ahal izateko eta haurrei ikasteko toki duin bat eman ahal izateko jasoko du aurtengo Herri Urratseko dirua Beskoitzeko ikastolak. Herri Urratseko leloa gogora ekarrita, Jauregik adierazi duenez, «aurten ortzadarrarekin behar dugu eraiki gure Euskal Herrian ortzadar eder bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.