Eusko Jaurlaritzak astelehenean argitaratu zuen gobernuaren egituraketa berria eta horien eginkizunak zehazten dituen dekretua. Aurreko osaerekiko badira berritasunak: Lehendakaritzatik kanpo uztea Bake eta Bizikidetza Idazkaritza, kasurako. Horrekin batera, ordea, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak bere sailetik atera du Emakunde, eta Berdintasun eta Gizarte Gaien Sailaren esku utzi; Beatriz Artolazabalek izango du datozen lau urteetan berdintasun politiken ardura. Emakundek, beraz, jeltzaleen ardurapean jarraituko du, baina haren kokapen berriak harridura eta kezka eragin ditu.
Erabaki horrek sorpresa eragin diola aitortu dio Maria Silvestre Emakundeko zuzendari ohi eta Deustuko Unibertsitateko irakasleak BERRIAri; ezustean hartu du albistea, batetik, Emakunde 1988an sortu zenetik egon delako atxikita Lehendakaritzara. «Hain justu, posizio hori eduki izana goraipatu da urteetan zehar». Kokapen berriak «degradazioa» eragin dezakeela erantsi du Silvestrek, Emakundeko buruak, Lehendakaritzan egonik, sailburuordeen maila daukalako.
Ados dago Arantxa Elizondo, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta Emakundeko idazkari nagusi ohia Silvestreren zuzendaritzapean: «Bestelako autonomia erkidegoetan, kasu gehienetan, Emakunderen antzeko berdintasun institutuak egon dira sektore batean, eta Emakunderen kokapena adibide gisa aipatu izan da ebaluazioetan; beti aipatzen da kokapen organikoaren garrantzia». Hortaz, ez daki «zergatik hori galdu, ez bada inolako eztabaidarik sortu».
Kokapen horrek pisu politiko esanguratsua dauka, Elizondoren arabera: «Bestelako organismo autonomo eta entitate batzuen sorrera legeetan, ez dute jarrita kokapen organikoa zein izango den; zehaztua dute «dagokien sailean» egongo direla; eskumenak dituen sailean kokatuko direla. Hortaz, gobernuek egituraketa aldetik aldaketak egiteko aukera irekita uzten du». Ez, ordea, Emakunderen sorrerakoak; 1988ko otsailaren 5eko legeak lehenbiziko artikuluan zehazten du Emakunde «Lehendakaritzari atxikitako jardute erakunde burujabe gisa sorrarazten» dela. Hortaz, Elizondok zalantzan jarri du gobernuaren egituraketari buruzko dekretuaren bideragarritasun juridikoa bera: «1988an Emakunderen proposamena egin zutenek eskatu zuten —eta hala atera zen aurrera— legean bertan lehen artikuluan jartzea kokapen organikoa Lehendakaritza izango zela. Bada ezaugarri garrantzitsua, eta ez dakit juridikoki zer esanahi izan dezakeen oraingo dekretuak, legea aldatu gabe. Ez dut uste juridikoki egin daitekeenik». Silvestreren iritziz, Emakunderen sorrerako lege hori erreformatu daiteke arazo juridikorik ez sortzeko, baina espero du Jaurlaritzak atzera egitea.
«Atzerapausoa»
Elizondok uste du gaur egun ere planteamendu bera mantentzen dela, «transbertsaltasuna emateko; kokapen organikoak badu garrantzia. Beste nonbait kokatuz gero, politika sektorial bat bilakatzen duzu». Ildo horretan, mugimendua «atzerapausotzat» jo du Silvestrek: «Genero politiketan transbertsaltasunez eragiteko gaitasun handiagoa duzu Lehendakaritzatik sail batetik baino».
Bat dator Elizondo; kokapenak badu esanahi sinboliko bat, baina baita erreala ere; «garrantzi berezi bat» ematen dio Lehendakaritzari atxikita egoteak: «Emakundeko zuzendaritza kontseiluan, funtsezko zuzendaritza organoan, lehendakariak dauka burua. Horrek izugarrizko garrantzia ematen dio deialdia egiten denean, goi mailako kargu guztiak doazelako, eta ez dutela beren bigarrenaren esku uzten. Ez da huskeria». Areago, «Emakundeko burua beste sailburu batzuekin hitz egitera doanean, badu lehendakariaren pisu hori, eta interlokuzio maila handitzen da».
Hortaz, uste du hori guztia galdu egingo lukeela aparteko sail batean egongo balitz, «nahiz eta argudiatu Emakunderen egituraketa, funtzioak eta aurrekontua ez direla aldatuko. Aldaketa handia da bakarrik kokapen organikoa aldatzea».
Eusko Jaurlaritza. Emakunde
Eragiteko ahalean «degradatua»
Emakunde Jaurlaritzako Lehendakaritzari atxikita egon da sorreratik, baina Gizarte Gaien Sailera mugitu du Urkulluk. Arduradun ohiek diote genero ikuspegiak transbertsaltasuna gal dezakeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu