Eraginkortasuna ez dago 140 karakteretan

Sare sozialak ordezkari politikoen eta herritarren arteko komunikazioa lantzeko tresna garrantzitsu izan arren, euskal politikariek kolokan jarri dute erreminta digitalek eztabaidak sustatzeko duten gaitasuna.

Maneiro, Romero, Arrizabalaga, moderatzailea, Lopez de Munain, Hernandez eta Maura, herenegun, Donostian. J. C. RUIZ / ARP.
Donostia
2016ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Gero eta gehiago dira beren diskurtsoak 140 karakteretan ematera ohitu diren politikariak. Haiek ere aro digital berrira egokitu behar izan dute, mezuak eta mitinak ziberespazioan ere entzun daitezen. Izan ere, mezu horien hartzaile asko bertan bizi dira. Hortaz, txioak modu burutsuan eta zintzoan idazten saiatzen dira, jendearengana hurbildu eta natural aurkezteko. «Ez da moda bat, belaunaldi arteko prozesu bat baino». Hala aitortu dute Donostiako Miramar jauregian EHUko Uda Ikastaroan parte hartu duten politikariek. Herenegun Sare sozialak euskal politikaren jardunaren komunikazioan izan zuten hizpide Maria Eugenia Arrizabalaga EAJko batzarkideak, Igor Lopez de Munain EH Bilduko legebiltzarkideak, Rafaela Romero Gipuzkoako PSE-EEko zuzendaritzako kideak, David Hernandez Gipuzkoako PPko koordinatzaileak, Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkideak eta Eduardo Maura EAEko Ahal Dugu-ko zuzendaritzakideak.

Guztiak bat etorri ziren erreminta digitalen garrantzia nabarmentzeko garaian, uste baitute beharrezko tresna direla politikarien eta herritarren arteko interakzioa sustatzeko, baina jardunaldian garatutako hainbat ideiak kolokan jarri zuten sare sozialen benetako eraginkortasuna. «Endogamia asko praktikatzen da sarean. Uste duzu gizarte osoarentzat idazten ari zarela, baina oso zirkulu txikietan mugitzen gara. Etengabeko atzerako eragina dago. Hori garbi antzematen da sarri elkarretaratzeak egiteko egiten ditugun deialdietan. Whatsapp bidez bidaltzen ditugu kartelak, eta azkenean betiko Whatsapp taldeen bidez bueltatzen dizkidate, eta taldeko betikook baino ez gara agertzen», zioen Lopez de Munainek. Endogamiaren kontzeptuari eutsi zion Maneirok ere, uste baitu sare sozialek maiz «oztopatu» egiten dutela eztabaida, nahiz eta ahalbidetzeko tresna izan: «Batak besteari erantzuten dio. Batek arrazoi emango dizu; besteak, ez, eta hori blokeatu egingo duzu zure kontuan».

Izan ere, sare sozialek gutxi daukate magiatik; ongi erabili ezean, zaila da zuku osoa ateratzea erreminta digitalei, ez baitute arrakastarik bermatzen. Horregatik, Maurak zenbait «paradoxa» atera zuen mahai gainera. Tartean, duela gutxi Dilma Rousseff Brasilgo presidente ohiaren aurkako impeachment-a salatzeko Bilbon egindako elkarretaratzea. «Sare sozialetan asko zabaldu arren, kaleko erantzuna kontrakoa izan zen. Sare sozialak ez dira gai mezu bat erakargarri egiteko baldin eta igortzen den mezua erakargarria ez bada».

Horregatik, garrantzitsua da ondo aukeratzea zer kanaletatik igorri mezua. Hernandezen iritziz, «Gipuzkoako gizartean behinik behin», Facebook erreminta erabilgarriagoa da, harreman «egonkorragoa eta zuzenagoa» baitu herritarrarekin. «Denborak ez du Twitterren bezalako eraginik.Hausnarketak pausatuagoak dira, eta ezinbestekoa da hori politikarako».

Arrizabalaga komunikazioa espazio bat okupatzearen garrantziaz mintzatu zen, «eta ez horrenbeste inor konbentzitzen saiatzeaz». Eskarmentuan oinarritu zuen argudioa: «Esperientziak esan dit konbentzituta daudenek konbentzituta jarraituko dutela. Aldiz, ez daudenak nekez konbentzituko dituzu». Ideien arteko talka «osasuntsu»bat egon dadin, iritziak eztabaidatzeko edo ados jartzeko beharrezkoa ikusten du elkarri «aurpegi biluziarekin» eragitea, alderdi baten aurkamodu «kamuflatuan» jotzen bada ez baita eztabaida errazten.

Ziberaktibismoa

Politikarien esanetan, denborak esango du sare sozialak positiboak izaten ari diren ala ez eztabaida politikorako. Lopez de Munainen ustez, esaterako, Internetek demokrazia ordezkatzailean oinarritutako sistema politikoa indartzen du, eta, horregatik, kolokan jarri du erreminta digitalek benetan murrizten ote duten ordezkariaren eta ordezkatua izan denaren distantzia: «Ez naiz x aldarrikapenen edota esloganen kontsumitzaile soila. Aktiboki parte hartu beharko lukeen pertsona izan beharko nuke.Sare sozialak jendea ahalduntzen ari al dira modu aktiboan? Zalantzak ditut. Ziberaktibismoak kaleko borroka desmobilizatu du. Maurak esan du 2014an jaio zela Podemos. Data garrantzitsua da. 2014az geroztik ez da greba orokorrik izan. Hori bai, sekulako ziberaktibismoa dago ordutik».

Romerok ere zalantza gehiago ditu ziurtasunak baino, sare sozialek «herria demokratizatu» dutela baieztatzeko. «Espainiako herritarrek presentzia handia izan dute azken bost urteetan sarean, baina sare sozialek ez dute balio izan nik espero nituen iraultzak gauzatzeko».

Hernandezek, aldiz, kolokan jarri du sare sozialen arrakasta. «Ikusteko dago. Politikak berari ez dagozkion lekuak bereganatu ditu berriz ere. Olatu hau igarotakoan, ziur nago herritar askok sare horiek bereganatu eta alderdi politikoak bota egingo dituztela zenbait espaziotatik», zioen Hernandezek.

Kontrako bidean, kaleko eskabideak sare sozialetara eramatea lorpena dela deritzo Lopez de Munainek, betiere beste sare sozial batekin loturik badoa: kalearekin, hain zuzen ere. Bide horretan, espero du sare sozialek ez balio izatea diskurtso politikoa transformatzeko. «Nik ez diet produktu politiko bat saldu behar herritarrei; nik proiektu transformatzaile bat daukat. Sare sozialek diskurtsoa modulatzen badute, arazo larria dugu politikan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.