«Eragindako mina aitortzea bizikidetzarako abiapuntua da»

Enrique Casas omendu du legebiltzarrak haren hilketaren 30.urteurrenean.«Bakearen garaia» dela esan du Barbara Durkhopek

edurne begiristain
Gasteiz
2014ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak gorazarre egin dio Enrique Casas legebiltzarkide eta senatari sozialistari, plaka oroigarri bat jarrita. Komando Autonomo Antikapitalistek hil zuten Casas, 1984ko otsailaren 23an, eta haren omenezko ekitaldia egin dute Gasteizen. Ekitaldian, Barbara Durkhop alarguna eta PSE-EEko eurodiputatu ohiak, eta Casasen lau seme-alabek parte hartu dute. Era berean, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, gobernuko sailburuak eta legebiltzarkide ia guztiak izan dira omenaldi jendetsuan.

Ekitaldian, Casas hil zuteneko garaia gogoratu du Durkhopek: «Berunaren garaia zen, balen berunaren garaia». Orain, ordea, «ETA amaitzea» lortu denean, «bakearen garaia» dela azpimarratu du: «Bakea bilatzeko garaia da, adiskidetzea eta bizikidetzaren garaia». Nolanahi ere, Durkhopek adierazi du aurrera egiteko ezinbestekoa dela iragana gogoratzea. «Eragindako mina aitortzea da adiskidetze eta bizikidetzarako abiapuntua», nabarmendu du. Memoria eta justizia eskatu du, gainera, etorkizuna eraikitzeko. Eta justiziaz aritu denean, «biktima eta biktimarioak» ez parekatzeko eskatu du.

Bestalde, biktima guztiek «egia, justizia eta erreparaziorako» eskubidea dutela azpimarratu du Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak; eta balio horiek aldarrikatu ditu «etorkizuna eraikitzeko» eta «iragana berrikusteko». Haren ustetan, elkarbizitzarako etorkizun berria eraikitzea «guztion» erantzukizuna da: «Balio batzuk ezarri behar ditugu pertsonen, ideien eta eskubideen errespetuan oinarrituta. Eta, hortik abiatuta, berriz ez gertatzeko bermeak finkatu behar ditugu». Casasen aldeko oroigarriarekin Eusko Legebiltzarrak «itxaropenari» ateak zabaldu eta elkarbizitza baketsuari alea jarri nahi izan diola azaldu du Tejeriak.

Bildutakoen txalo artean estalgabetu dute Casasen omenezko oroigarria Durkhopek eta Tejeriak. Apirilaren 8an erabaki zuen Eusko Legebiltzarrak Casasen eta Santiago Brouard Herri Batasuneko legebiltzarkidearen omenez plaka oroigarri bana jartzea. Brouard GALek hil zuen 1984ko azaroaren 21ean, eta egun horretan egingo diote omenaldia hari. Egun, beste bi oroigarri daude jarrita Eusko Legebiltzarrean: ETAk hildako Fernando Buesarena (PSE-EE) eta Gregorio Ordoñezena (PP).

Ika-mika Nafarroan

Nafarroako Parlamentuak, berriz, gaur eguerditik aurrera egingo die omenaldia ETAren biktimei. Ekitaldi horren atarian estatuaren biktimak aitortzeari bizkarra eman dio, beste behin, Nafarroako Gobernuak. Javier Morras presidentetzako kontseilariak jakinarazi du ez duela aintzat hartuko biolentzia guztien biktimak aitortzeko Aralar-NaBaik egindako eskaera.

Osoko bilkuran gertatu da ika-mika. Patxi Zabaleta Aralar-NaBaiko legebiltzarkideak Morrasieskatu dio indarkeria mota guztietako biktimen giza eskubideak aintzat hartzeko gaurko ekitaldian. Gobernuko kontseilariaren erantzuna, baina, irmoa izan da: «Hau da demokrazia. Zuk proposatzen duzu eta guk atzera botatzen dugu». Gai horri buruz gobernuak duen jarrera ez dela aldatu gogoratu dio, halaber. Zabaletarentzat, berriz, «tamalgarria» da gaurko omenaldian soilik biktima batzuk gogoratzea, eta giza eskubide guztiak aitortzeko exijitu dio gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.