Eragina izan du Jaurlaritzak agindutako «doakotasunak»: %30 ugaritu dira A1 mailako ikasleak

Ikasturte hasieran, 5.300 ikaslek eman dute izena euskara ikasteko hastapeneko ikastaroetan. Jaurlaritzak handitu egin du ikasle horien laguntzetarako aurrekontu kreditua.

HABEk antolatuta, euskaltegietan matrikulatzeko kanpainaren aurkezpena, aurten. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
HABEk antolatuta, euskaltegietako matrikulazio kanpaina aurkezteko egin zen ekitaldia, aurten. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
arantxa iraola
2024ko azaroaren 15a
16:00
Entzun

HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak oraindik ez ditu eman ikasturte honetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako euskaltegietan matrikulatu diren ikasleen datuak, atontzen ari dira, eta behin bilketa osatu eta datuak aurkeztean egingo dute horien gaineko balorazioa. Baina BERRIAk jakin ahal izan duenez, ikasturte honen hasieran nabarmen ugaritu dira A1 mailan matrikulatu diren ikasleak: %30 inguru. Datu osoak oraindik jakinarazi ez arren, adierazi dute aurten 5.300 inguru direla, eta iaz ikasturtea hasi berritan 4.000 ikasleren langan zeudela; beraz, horixe da igoera. Justu maila horretan «doakotasunerako» urratsa egingo zuela jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak ikasturte hasieran, eta, datuak ikusita, ontzat jo dute hori. «Doakotasun politiken emaitza ona» nabarmendu dute. Baina datuak xeheago aztertu arte itxaron beharko da oraindik.

Igoera horren harira, HABEk erabaki du «gehitu» egingo duela A1 mailako ikasleentzako dirulaguntza deialdirako aurrekontu kreditua. «Gehikuntza» 898.882 eurokoa izango da.


Abuztuko elkarrizketa batean egin zuen iragarpena Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburu Ibone Bengoetxeak: jakinarazi zuen euskaltegi guztietan doan ikasi ahalko dela ikasturte honetan A1 maila. Apalena: hastapenekoa. Euskarak gizartea «kohesionatzeko» tresna izan behar duela gogoratu zuen agerraldi hartan: «Euskaratik urrun dauden edo ezer ezagutzen ez duten horiei aukera eman behar zaie euskarara etortzeko». Euskal Herrira kanpotik etorritako herritarrez ari zen, bereziki. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako iturriek orduan adierazi zutenez, A1 mailan matrikulatzen diren ikasleen %22 inguru dira jatorriz Euskal Herritik kanpokoak: «Gero eta gehiago». Gero eta agerikoagoa da, halaber, soslai horretako ikasleak euskalduntze-alfabetatzera erakartzeko ahaleginen gaineko kezka eta horientzat beren-beregi landutako estrategiak garatzekoa.

Orain da «merkea»

Ibone Bengoetxeak aurrerapena egin, eta handik aste batzuetara heldu ziren zehaztapenak, abuztuaren hondarrean, hain justu ere. Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako iturriek jakinarazi zuten hemendik aurrera ikasleek tasa bat ordaindu beharko dutela euskarako A1 mailan matrikulatzeko, baina «merkea» izango dela. Erabaki horren bidez, osatu egin nahi izan dute iazko ikasturte hasieran «doakotasunerako» bidean aurrera egiteko jakinarazitako beste bat; izan ere, laguntzak ezarri ziren C1 maila ikasi nahi duten 16 eta 18 urte bitartekoek «doan» ikasi ahal izateko, eta aurten eutsi egin zaie horiei.

Elkarrizketa batean, HABEko zuzendari Jokin Azkuek zehaztu zuen merkea adjektibo horren atzean zer dagoen. «120 orduko ikastaro bat euskaltegi pribatu batean 300 eta piko euro kostatzen bada, gutxi gorabehera 70 euro kostatuko da orain; kostu normalaren laurdena izango da. Udal euskaltegietan, prezioak apalagoak dira, baina horietan ere merkeagoa izango da», azaldu zuen. Zehaztu zuen ezartzekoa zuten laguntza hori orokorra izango zela: adin mugarik gabea. Gainerako mailetan gertatzen den bezala, hastapeneko maila hori gainditzea lortzen duten ikasleei matrikula itzuliko diete, erantsi zuenez.

Eusko Jaurlaritzako hizkuntza politikako arduradunek esana dute beren asmoa dela «doakotasunaren» bidean urratsak egitea aurrerantzean ere. A2, B1 eta B2 mailek orain arteko martxan jarraituko dute ikasturte honetan: ikasleek ohiko matrikula eta ikastaroa ordainduko dituzte ikasturte hasieran, baina ordaindutakoa itzuli egingo diete amaieran, baldin eta egiaztatzen badute lortu dutela maila gainditzea.

Hainbat bidetatik

«Doakotasunaren» alde egindako urrats hori ez da Eusko Jaurlaritzak berriki abiarazi duen bide bakarra euskara ikasteko aukerak handitzeko helburuz. Aurtengo martxoan, abian jarri dute euskara ikasteko plataforma digitala: Ingura. Orduan jakinarazi zuten A1 mailatik C1era bitarteko ikastaroak eskainiko dituztela hartan, era progresiboan. HABEk landu du tresna hori, euskara online ikasteko prestatua. Plataforma horren bidez, modua eman nahi dute euskara «eroso eta malgu» ikasteko, edozein gailutatik, noiznahi eta nonahi. Plataforma hori aurkeztu zutenean ere nabarmendu zuten «ia doakoa» dela hor jardutea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.