Eragileek ontzat jo dute EPPK-k harrerei buruz egindako iragarpena

Zenbaitek nabarmendu dute «berandu» datorrela eta oraindik «urrats gehiago» gelditzen direla egiteko. Sortuk aitortza eta erreparazioa eskatu du «biktimatzat hartzen ez dituzten biktimentzat» ere

Presoen aldeko mobilizazio bat, Martuteneko espetxearen aurrean, 2018an. JON URBE / FOKU.
Jon O. Urain - Gotzon Hermosilla
2021eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak presoei egiten zaizkien harreren inguruan plazaratutako iragarpenak askotariko erreakzioak sortu ditu albistea zabaldu eta berehala. Eragile gehienek ontzat eman dute EPPK-k azaldutako borondatea harrera ekitaldiak esparru pribatuan egiteko, eta «aurrerapausotzat» jo dute. Zenbaitek nabarmendu dute pauso hori «berandu» datorrela, eta haien ustez oraindik egiteke gelditzen diren urratsak aipatu dituzte. Eskuin politikoaren ordezkariek, berriz, «presoak askatzeko amarrua» ikusi dute adierazpen horretan.

Eusko Jaurlaritzak «balioetsi» egin du EPPK-k egindako iragarpena. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak balio berezia eman dio erabakiari, «sufrimendua eragin dutenek egina» izan delako: «Beste urrats bat da bizikidetza normalizatua eraikitzeko bidean». Hala ere, nabarmendu du oraindik «keinu gehiago» behar direla: «Eragindako mina eta ETAren indarkeria eta herri honetan izan diren gainerako indarkeriak bidegabeak izan zirela aitortu behar da».

Nafarroako Gobernuaren aldetik, Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollo «pozik» azaldu da: «Urrats garrantzitsua da». Espainiako Barne ministro Fernando Grande Marlaskarentzat, berriz, iragarpena «albiste ona» da: «Nahiago genukeen lehenago iritsi izan balitz», erantsi du.

EAJk «positibotzat» jo du

Andoni Ortuzar EAJren EBBren presidenteak «positibotzat» jo du iragarpena, «berandu iritsi bada ere», eta erantsi du ezker abertzaleak oraindik baduela egin beharreko beste urrats bat: «Aitortu behar da ETA ez zela inoiz existitu behar, eta haren ekintzek min bidegabea eragin zietela biktimei eta kalte konponezina gizarteari».

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren hitzetan, «lubakien ordez zubiak eraikitzea ezinbesteko baldintza da bizikidetza demokratikorako. EPPK-k gaur plazaratu duen erabaki politikoa esanahi eta balio handiko ekarpena da, eta norabide horretan egindakoa da».

Sorturen izenean, Arkaitz Rodriguezek esan du iragarpena bat datorrela ezker abertzaleak urriaren 18an egindako adierazpenarekin, eta gainerako eragileei «urratsak egiteko» eskatu die: «Ez dago bizikidetza eraikitzerik biktimatzat ere hartzen ez dituzten estatuaren milaka biktima horien aitortza eta erreparaziorik gabe».

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak eta Iñigo Martinez Zaton Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak begi onez hartu dute adierazpena. Ez, ordea, PPko Carlos Iturgaizek eta Navarra Sumako Javier Esparzak: azken horren aburuz, erabakia «presoak espetxeetatik ateratzeko lehentasunezko helburu horri begira egindako beste urrats bat» baino ez da.

«Adierazpen garrantzitsua»

Foro Sozial Iraunkorrak nabarmendu du «adierazpen garrantzitsua eta bizikidetza demokratikorako ekarpena» dela: «Erabaki horrekin, EPPK-k Euskal Herriko gehiengo sozial eta politikoarekin bat egiten du, indarkeriaren zikloaren ondorio guztiak konpontzeko helburu komunarekin».

Antzera hitz egin du Etxerat-ek ere. «Erabateko sintonia erakusten du euskal gizarteak nahi duenarekin, eta, beraz, uste dugu, euskal gizartearen nahiarekin bat etorriz ere, Espainiako eta Frantziako estatuek era berean eta maila guztietan amaitu behar dutela salbuespen politikarekin, askatasuna helburu izanik, euskal presoek beren ibilbide juridiko-penitentziarioarekin jarraitu ahal izan dezaten».

Sarek uste du euskal presoen kolektiboak emaniko pausoa «enpatia ariketa sendoa» izan dela, eta elkarbizitzaren bidean ekarpen garrantzitsua dela baloratu du. Halere, enpatiaz jokatzea guztien ardura dela esan dute; horregatik, Sarek espero du elkarbizitzan aurrera egiteko borondate hori euskal presoei eta senideei «horrenbeste min» egiten dien salbuespeneko espetxe politikaren aldaketan ere azaltzea.

Bake Bidea elkartearen eta Bakegileen ustez, «elkarbizitzari eta bakeari egindako beste ekarpen bat» da adierazpena. Buesa fundazioak eta Covitek ere ontzat jo dute iragarpena, baina «autokritika» eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.