Abortuaren Legea

Eragileek ontzat eman dute legearen edukia, urrats gehiago eskatu duten arren

Higiene menstrualerako produktuen BEZaren gaiari heldu behar zaiola azaldu dute. Emakundek txalotu egin du «eskubideak berreskuratu izana»

Aitor Esteban eta Mertxe Aizpurua, Espainiako Kongresuan. MARISCAL / EFE.
gotzon hermosilla
2022ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Iritzia eman duten euskal eragile politiko eta sozial gehienek ontzat eman dute Espainiako Gobernuak onartutako Abortuaren Legea, bestelako urratsak ere eskatu dituzten arren. Higiene menstrualerako produktuen BEZaren gaia aipatu dute zenbaitek hobetu beharreko atal gisa, eta, hileko minengatik gaixoaldia hartzeko aukerari dagokionez, lan osasunaren ikuspegi integralago bat eskatu dute beste eragile batzuek.

Orain arte gobernua sostengatu duten talde parlamentarioek begi onez ikusi dute legea, oro har eta ñabardurak ñabardura. Oniritzi hori garrantzitsua da, gobernuak talde horien babesa beharko baitu Espainiako Gorteetan legea aurrera atera ahal izateko.

EAJren diputatu Aitor Estebanek esan du positiboa dela legeak 16 eta 18 urte bitarteko adingabeei abortatzeko eskubidea aitortu izana gurasoen baimenaren beharrik gabe, eta gogorarazi du hori zela indarrean zegoen eredua 2010eko legea aldatu aurretik. Edonola ere, EAJren ustez oraingo erreforman puntu hori baino ez zen aldatu behar; ez du egoki ikusten bestelako aferak legean sartu izana. Estebanek iragarri du «apurka-apurka» joango direla legeak jasotzen dituen beste gai horien inguruan iritzia ematen.

EH Bilduren eledun Mertxe Aizpuruak ere ongi iritzi dio «16 urte baino gehiagoko emakumeen erabakitzeko eskubidea» berreskuratzeari. Osasun menstruala aipatzea, gai hori «tabu» ez izatea eta hilekoen minak aitortzea ere egokitzat jo ditu Aizpuruak. Higiene menstrualerako produktuei BEZa apaldu edo kendu ez izana, aldiz, ez du begi onez ikusi, hori «emakumeen bizkar negozioa egiten jarraitzea» delakoan.

Bestelako eragileei dagokienez, Emakundek txalotu du 16 eta 18 urte bitartekoei 2010eko legeak ematen zien eskubidea berreskuratu izana: «Gurasoen edo tutoreen baimena izatera behartzeak abortu klandestinora eta berme juridiko eta sanitariorik gabe jotzera bultza ditzake gazteak». Esan dutenez, datuek eta aurreko legearen esperientziak erakusten dute neurri hori onartzeak ez dakarrela abortu gehiago egitea.

Hileko mingarriak dituzten emakumeei lanera ez joateko eskubidea aitortzea eta «sexu heziketaren alde egiten den apustua» ere garrantzitsuak dira Emakunderen iritziz. Konpresa, tanpoi eta abarren prezioa jaisteaz, berriz, hori «mugimendu feministaren aldarrikapena» dela gogorarazi du Emakundek: «Lege honetan azkenean ez da sartu, baina espero dugu gauzatzea, beste modu batera edo beste bide batetik bada ere».

«Borrokaren emaitza»

LABek ontzat jo du hileko mingarria duten emakumeei lanera ez joateko eskubidea aitortu izana, eta erantsi du lorpen hori «mugimendu feministaren urteetako borrokaren emaitza» dela, baina horren arriskuez ere ohartarazi du: zehazki, laneko osasuna «modu integralean» ulertu ezean neurri hori «anekdotiko» bilaka daitekeela.

LABen ustez, «emakumeen gorputzen zikloak desestigmatizatzeko eta normalizatzeko aukera» dakar neurriak, baina zalantza batzuk ere agertu ditu. Esan duenez, ziurtatu behar da neurri horrek «emakumeen kontrako diskriminaziorik»ez dakarrela kontratazioan edo kontratuak berritzerakoan; emakumeen gorputzaren gainean «kontrol handiagoa» ezartzea, gehiegizko medikalizazioa edo auzia «medikuen borondatearen menpe» gelditzea ere ez du nahi sindikatuak.

LABek eskatu du baimen horiek ez daitezela gaixoaldi gisa har estatistiketan eta emakumeen lan ibilbideetan: «Hilekoa ez da gaixotasun bat, eta haurdunaldia ere ez», esan du.

UPNren balorazioa zeharo bestelakoa izan da. Haren iritziz, «zentzugabekeria» da 16 urtetik aurrera gurasoen baimenik ez eskatzea abortatu ahal izateko: «Ez du inongo logikarik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.