Eragileek Madrili eskatu diote pasatzeko «hitzetatik ekintzetara»

«Senideen esperantzekin jolastea» leporatu dio Etxerat-ek Espainiako Gobernuari. Loza bat etorri da Marlaskak esandakoekin, baina «autokritika» eskatu dio berriz ere ezker abertzaleari

gotzon hermosilla
2019ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak espetxe politikaz esandakoek hautsak harrotu dituzte berriro ere. Presoen urruntzea «terrorismoaren kontrako neurria» izan zela esan zuen Marlaskak, eta, beraz, ETA desegin ostean horri «zentzurik» ez ziola ikusten. Baina ez da lehenengo aldia PSOE Espainiako Gobernura iritsi zenetik horrelako adierazpenak egin dituztela—presidente hautatu berritan, espetxe politika aldatuko zela iragarri zuen Pedro Sanchezek—, eta, horregatik, eragile gehienek adierazpenok zuhurtziaz hartu eta «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari.

Hori da, esaterako, Etxerat-en kasua. Presoen senide eta lagunen elkarteak uste du ez duela zentzurik Marlaskak horrelako adierazpenak egiteak presoak urrun atxikitzen dituzten bitartean, eta gogorarazi dute asteburu honetan 400 inguru lagunek bidaia egin beharko dutela preso dauden senide edo lagunei bisita egin ahal izateko, horrek dakarren arriskuarekin.

Etxerat-eko bozeramaile Patricia Velezek eta Urtzi Errazkinek esan dute ez dagoela inolako arrazoirik «preso guztiak Zaballako espetxera [Araba] ez ekartzeko eta adinekoak eta gaixotasun larriak dituztenak ez askatzeko». Horretan, gobernuak «Euskal Herriko gizartearen oso atzetik» doaz, Etxerat-en iritziz, eta joan den larunbatean Bilbon eta Baionan egindako manifestazioak aipatu dituzte horren froga gisa.

Espainiako Gobernuak iragarri zuen hamasei preso hurbilduko zituela. Etxerat-ek emandako datuen arabera, horietatik hamalau lekuz aldatu dituzte, baina bat bera ere ez dute Euskal Herriko espetxeren batera ekarri. «Espainiako Gobernuak bete ez dituen itxaropenak piztu ditu», esan dute. «Senideen esperantzekin jolastu dira, eta ez dute sufrimendua eten, baina euskal gizarteari hurbiltzeen inguruko arrasto faltsuak ematen ari zaizkio».

Beste eragile batzuk antzera mintzatu dira. EH Bilduko legebiltzarkide Maddalen Iriartek esan du «hitz politak» izan direla PSOE Espainiako Gobernura iritsi zenetik espetxe politikan egondako «aldaketa bakarra», eta espero izatekoa dela «hitz egiteaz» gain «egin» ere egitea.

Onda Vasca irratiari emandako elkarrizketa batean, Iriartek esan du Marlaska ministroak «entzun beharreko kritika guztiak» entzun dituela jadanik, eta orain «urratsak egiteko» ordua iritsi zaiola. «Politika egitera etorri da, ez hitz egitera», erantsi du.

Sortuk ere «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko eskatu du: «Salbuespeneko politika bertan behera utzi behar da, eta presoen eskubideak aintzat hartuko dituen beste politika batera igaro», esan dute.

Covite biktimen elkarteak, aldiz, oso bestelako interpretazioa egin du Marlaskaren adierazpenez. Elkarteko presidente Consuelo Ordoñezek eskatu dio ministroari argi dezala zeintzuk izango diren «baldintzak» presoak hurbiltzeko. Izan ere, Coviteren ustez, «ETA gaitzestea» ezinbesteko baldintza izan behar da, «marra gorria», Ordoñezen esanetan.

Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkaria, Jesus Loza, bat etorri da Marlaskak adierazitakoarekin. Hark ere uste du ETA indarrean zegoen bitartean espetxe politika «politika antiterroristaren atal bat» zela, baina ETA desagertuta «bizikidetzak» izan beharko lukeela espetxe politika horren xede nagusia.

Hala ere, uste du ezker abertzaleak «iraganaren autokritika» egingo balu horrek «izugarri» azkartuko lukeela prozesua.

Hiru preso, lekuz aldatuta

Etxerat-ek jakinarazi duenez, azken orduotan hiru preso lekuz aldatu dituzte: Iñaki Beaumont, Josu Ginea eta Jon Lopez. Kasu guztietan, Euskal Herritik gertuago dauden espetxeetara eraman dituzte, baina bat bera ere ez Euskal Herriko kartzeletara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.