Hezkuntza legea

Eragileek hamabost egun gehiago izango dituzte hezkuntza itunari ekarpenak egiteko

Eragileek eta alderdiek martxoaren 4ra arte izango dute aukera akordiorako aurkeztu duten lehen zirriborroari ekarpenak egiteko. Legebiltzarkideak hilaren 7an elkartuko dira zuzenketak eztabaidatzeko.

Eusko Legbiltzarrean hezkuntza akordioaren oinarriak zehazteko sortutako lantaldea bilduta, gaur. EUSKO LEGEBILTZARRA
Irati Urdalleta Lete.
2022ko otsailaren 17a
15:41
Entzun

Atzeratu egingo da hezkuntza akordioa. Aste honetan hainbat alderdik egindako eskaerei erantzunez, Eusko Legebiltzarrean itunaren oinarriak zehazteko sortutako lantaldea gaur eguerdian bildu da, eta aho batez hartu dute erabakia: lehen zirriborroari ekarpenak egiteko epea luzatuko dute. Hain zuzen ere, berez alderdi politikoek eta hezkuntza eragileek bihar arte zuten ekarpenak egiteko aukera, baina, gaur hartutako erabakiaren ondorioz, beste hamabost egun izango dituzte, martxoaren 4ra arte. Lantaldea martxoaren 7an elkartuko da zuzenketei buruz hitz egiteko.

Eusko Legebiltzarrak urrian erabaki zuen hezkuntza hitzarmenerako lantalde bat sortzea. Geroztik, ehun eragile inguru igaro dira bertatik, eta Kataluniara bisita bat ere egin zuten legebiltzarkideek, hango egoera bertatik bertara ezagutzeko. Gorka Alvarez (EAJ) lantaldeko presidenteak dokumentu bat osatu zuen agerraldietatik eta bidaiatik jasotako ekarpenekin, eta joan den asteartean eman zuen haren berri. Orduan, testuari ekarpenak egiteko tartea zabaldu zuten, berez, bihar arte. Ordea, aste honetan denbora gehiago eskatu du Elkarrekin Podemos-IUk, eskaera formal bat aurkeztuz —hilabete gehiago eskatzen zuten—, baita PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak eta Carlos Iturgaiz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPren buruak ere, prentsari egindako adierazpenen bidez. Halaber, EH Bilduk esana du berak berez ez zuela denbora gehiagoren beharrik, zuzenketak prest dituelako, baina akordiorako baliagarri izan badaiteke prest dagoela epea luzatzeko. Eusko Jaurlaritzak ere ez zion aterik itxi epea zabaltzeari.

Azkenean, halaxe egitea erabaki dute, eta eragileek eta alderdiek beste hamabost egun izango dituzte testuari ekarpenak egiteko. Behin ekarpenak egiteko epea amaituta, lantaldeko legebiltzarkideek haien inguruan eztabaidatu eta bozkatu beharko dute, behin betiko testua idazteko. Dokumentuak Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuratik igaro beharko du, eta, onespena jasoz gero, Eusko Jaurlaritzari igorriko diote. Hark hitzemana du testu hori oinarritzat hartuta onduko duela hezkuntza legea. Jaurlaritzaren asmoa da Gobernu Kontseiluak lege proiektua urrian edo azaroan onartzea eta, Eusko Legebiltzarretik igaro ostean, datorren urteko udaberrian onartzea legea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.