Auzitegietatik aldiro hizkuntza eskubideak murrizteko marra gorriak gaindituz doazen ustea are eta gehiago zabaldu da Espainiako Auzitegi Konstituzionalak jakinarazi duen epaiarekin. Eusko Jaurlaritzak «euskararen etengabeko judizializazioa» salatu eta «autogobernua errespetatzeko» eskatu du, ohar bidez. Euskalgintzako eragileek onartezintzat jo dute epaia, eta azaroaren 4an Kontseiluak Bilborako egin duen deia berritzera jo dute.
Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarentzat euskararen kontrako «mespretxuzko» erabakia da. Azken lau hamarkadetan gai horren inguruko adostasun sozial zabala egon da, Garamendiren esanetan, eta Auzitegi Konstituzionalak autogobernua higatzen du, Eusko Legebiltzarrean gehiengoz hartutako erabaki baten kontra eginda.
Garamendiren ustez, udal legeak ez du euskararen nagusitasuna ezartzen gaztelaniaren gainean, eta gogoratzen du Konstituzionalak berak ere ebatzia duela tokiko erakundeek euskara eta gaztelania normal erabil dezaketela. Euskararen judizializazioa gaitzetsi du.
Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak gogoratu du oldarraldi judizial hori ez dela berria. Horrek, hizkuntza eskubideak jomugan jartzeaz gain, euskararen biziberritze prozesuetan ere eragin zuzena du, haren esanetan.
Udal legeak adostasun zabala lortu zuen Eusko Legebiltzarrean, eta udalerrietan hizkuntza eskubideak garatzeko ateak ireki zituen. Jardun horri eragingo dio epaiak bete-betean. Eskisabelek udal horien garrantzia azpimarratu du, dituzten ezaugarri soziolinguistikoengatik eta jardunbideengatik euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuetan «trakzio indar handia egiten dutelako».
Voxen eskutik
Epaiak kontrako bi boto partikular izan ditu. Boto partikular horietan zehazten dute erakunde autonomikoek eta tokiko erakundeek badutela eskubidea egoera zaurgarrian ikusten duten hizkuntza ofizialaren aldeko neurriak hartzeko. «Hau da kasua, dekretu horretan abiaburuan esaten delako esplizituki euskara hizkuntza gutxiagotua dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; Europako hizkuntz eskubideen gutunari ere erreferentzia egiten zaio, eta aipatzen da zaurgarritasun horretan dauden hizkuntzen aldeko eskumena badutela, eta zilegitasuna aitortzen zaio normalizazio helburu horrekin». Espainiako Konstituzioaren arabera onargarria eta zilegia ere badela diote boto partikularra eman duten bi magistratuek, «baina gehiengoaren iritzia bestelakoa da, espainiarraren nagusitasunean oinarritzen dena».
Eskisabelek esan du ez dela ahaztekoa nola iritsi den Konstituzionalera: Vox alderdiaren eskutik, hau da, Eusko Legebiltzarrean ordezkari bat eta udaletan batere ordezkaririk ez duen alderdi baten eskutik.
Azaroaren 4an Bilboko kaleak betetzera deitu du Kontseiluak, eta zenbait euskaltzalek bat egin dute dei horrekin sareetan; Uemak, esate baterako. Uemaren ustez, hau ez da euskararen aurkako oldarraldiaren beste katebegi bat soilik. «Hau marra gorriak gainditzen dituen erabaki larria da». Horregatik, agerraldi jendetsu bat egitera deitu du biharko, alkateekin eta hautetsiekin, Usurbilen (Gipuzkoa).
Euskaltzaleen Topaguneak ere azaroaren 4ko deia ekarri du gogora: «Oldarraldi atzerakoi eta erdalzalea indartzen duen erabaki hori EAEko udal legearen kontrako epaia jauzi kualitatibo larria da», Topagunearen esanetan.
LAB sindikatuaren irudiko ere, «jauzi kualitatibo larria» ematen du epaiak, «erakusten duelako euskaldunok ezin dugula modu burujabean aplikatu euskararen egoerak eta euskaldunon hizkuntza eskubideek behar duten hizkuntza politika egokia».
Carlos Iturgaitz EAEko PPko buruarentzat, berriz, «albiste zoragarria da, lekuz kanpo zegoen inposaketa bat» amaitzen duelako.