Adostasuna eta aliantzak ereiteko beharra nabarmendu zuen Kontseiluak 25. urteurreneko ekitaldian. Borondate hori bera erakutsi zuten han izandako eragileek ere. Aliantza horietan sakontzeko beharra nabarmendu zuten, adibidez, Emagineko, Gazte Euskaltzaleen Sareko eta ELAko ordezkariek, nork beretik.
AINARA SANTAMARIA
Emagineko kidea
«Izan dadila mugimendu feminista ere aliantza estrategiko horren parte»
Mugimendu feministarekin joan-etorriko harremana izateko eskatu zien Ainara Santamaria Emagineko kideak Eskisabeli eta Kontseiluari, oro har: kontuan hartzeko mugimendu feminista Euskal Herrian egiten ari den «eraldaketa prozesua» eta hori euskalgintzara eramateko, batetik, eta euskarak mugimendu feministan lekua izateko lan egiteko, bestetik. «Izan dadila mugimendu feminista ere aliantza estrategiko horren parte», adierazi zuen. Era berean, karguan «ahal beste disfruta» dezan ere opatu zion.
SUGOI ETXARRI
Gazte Euskaltzaleen Sareko kidea
«Gazteon beharrak eta ikuspegiak kontuan hartzea nahi genuke»
Bi eskaera egin zizkien Sugoi Etxarri Gazte Euskaltzaleen Sareko kideak Eskisabeli eta Kontseiluari: batetik, «gazteon beharrak eta ikuspegiak» kontuan hartzeko, eta, bestetik, gazteak «erabakiguneen» parte izan daitezen modua emateko.
PELLO IGEREGI
ELAko Euskara arduraduna
«Egin diezagula presio guri eta politikariei, euskaltzaleago izateko»
Kontseiluak «eragitea» nahi du Pello Igeregi ELAko kideak, eragitea eta politikariei eragitea: «Egin diezagula presio guri eta politikariei, euskaltzaleago izateko». Langileek «euskaraz lan egiteko eskubidea» izan dezaten indar egiteko eskatu zion, baita, lantokitik harago, herritar orok euskaraz bizitzeko eskubidea izan dezan lan egiteko ere.
Eragileak, luzatutako besoari heltzeko prest
Euskalgintzari eta eragile politiko eta sozialei mintzatu zaie Kontseilua. Azken horiek prest agertu dira harremana sakontzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu