Konponbideari begira. Baionako Bake Foruma

Eragileak baikor dira

Alderdi politikoen ordezkaritza zabala izan zen Bake Forumean atzo goizean, herriko hauteskundeetarako hautagai zenbait ereGaiaz interesatu norbanakoez gain, elkarte mundutik eta sindikatuetatik ere bazen

PSko senatari Frederique Espagnac, atzo, Baionan. IPARRALDEKO HITZA.
Iñaki Etxeleku.
Baiona
2014ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Baionako Unibertsitatera bildu ziren eragileen artean, arreta gehien piztu dutenetako bat Frederique Espagnac izan da. Ez zuen baieztatu etorriko zenik, baina, halere, bere buruaren erakustea erabaki zuen. Agertzea bai, baina ez hitz egitea. Prentsako kazetari guztiei erantzun bera eman zien senatari eta PS Frantziako Alderdi Sozialistako bozeramaileak: «Ez dut adierazpenik egingo». Baina beste sozialistarik ere bazen entzuleen artean; horietan, Colette Capdevielle eta Sylviane Alaux diputatuak. Ohargarria izan zen, bestalde, nola Max Brisson UMPko kontseilari nagusi eta Miarritzeko hautetsia, baita ere Jean Jacques Lasserre Modemeko senataria, hasierako argazki eta hitz hartzeen ondotik laster joan ziren anfiteatrotik. Brissonen kasuan, Brian Currinek sarhitza bukatu bezain azkar.

SYLVIANE ALAUX PSko diputatua

«Bide onean gara prozesua bururaino eramateko»

«Egun behar dena da gizarte zibilak segi dezan aitzina egiten, mobilizatzen, eta bistakoa da gertatuko dela memento bat Espainiako eta Frantziako estatuak behartuak izanen baitira lurralde honen, herriaren ahotsaren entzutera. Herriak eskatzen baitu legezko koadro bat emana izan diezaion bake prozesuaren aurrerapenari. Egia da, ene aldetik, diputatu gisa, ene burua franko bakartua sendi dudala gai honetan, aitortzen dut. Honek ez du kentzen deliberaturik jarraitzen dudala lurralde honen galde azkarraren entzunarazteko. Herri honek eskatzen du bake prozesuak aitzina egin dezan, estatuekin elkarrizketan, indarkeriaren orria behin betiko itzul dezagun. Uste dut bide onean garela prozesua bururaino eramateko»

ALICE LEIZAGEZAHAR Akitaniako kontseilari berdea EELV

«Segitu beharko da, alde bakar batetik bada ere»

«Nahi dut sinetsi estatuen blokeoa aldatuko dela. Erran da hemen gobernuan direnak herritarrok hautatuak izan direla. Baina egia da euskaldunak Espainiarentzat parte ttipi-ttipi bat direla, Frantzian oraino gutiago garela. Beraz, zer indar dugu hautetsi horien aitzinean... Baina uste dut, halere, segitu beharko dela, alde bakar batetik bada ere, eta memento batez, agian, behartuak izanen direla lotzera. Tokiko prentsak aipatzen badu prozesua, egia da Frantzia mailakoak ez duela biziki guti baizik egiten, ez bada Liberation artetan. Batzuek batere ez dute aipatzen. Beraz, jendeak ez dira jakinean, alderdi politikoak ere ez. Zaila da ezagutaraztea».

LAURA MINTEGI EH Bilduko legebiltzarkidea

«Haien kontra itzuliko da, demokrazia batean ezin delako edozer egin»

«Nik oso balorazio positiboa egiten dut gaurko foroaz, prozesuaren beste urrats oso garrantzitsu bat da, eta erakusten du, batez ere, gizartea ari dela mugitzen. Alde horretatik, aurre egiten zaio estatuen geldikeriari. ETAk ere urrats garrantzitsua egin du desarmatzeko bidean, eta erakutsi du ildo horretan gizartearekin batera doala. Hori izango da ere estatuak mugiarazteko pauso bat. Beste alde batetik, ikusten dugu zenbat eta gehiago mugitu gizartea are eta atzerago doazela estatuak. Penagarria da ikustea Frantziak Espainia mugiarazi ordez alderantzizkoa ari dela gertatzen. Beste alde batetik, ikusten dut Frantzian errotuta dagoen demokrazia hori harrituta dagoela lehengo egunean hemen gertatu zenarekin. Eta kontrako erreakzioa ere izan daitekeela, gizartearen aurrean agerian uztea zer-nolako geldikeria negatiboa dagoen Espainian, eta horren ondorioz Frantzia ere ari dela bide horretatik sartzen. Uste dut haien kontra itzuliko dela hori. Demokrazia batean ezin delako edozer egin. Guk bagenekien Espainia ez dela demokrazia bat, hori begien bistakoa da. Baina bai uste dugu Frantzian badela kultura demokratiko sendoa, luzea, errotua, eta Frantzian ezin da edozein gauza egin, are gutxiago Ipar Euskal herrian. Hemen alderdi politikoek ere lortu dute engaiatzea eta batera egitea».

JEAN PIERRE ETXEBERRI CFDT sindikatua

«Konponbidea hurbiltzen ari dela espero dut»

«Ohartzen gara jende gero eta gehiago interesatzen dela arazoari. Atzo gertatu dena aldiz harrigarria da, baina publizitate bat egiten du, eta horrela beharbada Frantziak eta Espainiak ikusiko dute Euskal Herrian ari garela zerbaiten egiten. CFDT sindikatuak hiru urte hauetan parte hartzen du prozesu honetan, eta segituko du. Konponbidea hurbiltzen ari dela espero dut, bai Iparraldean, bai Hegoaldean».

CAROLINE PHILLIPS Garapen Kontseiluko lehendakariordea

«Manu (Valls), ETA ari da egiten berea, eta guk nahi dugu gure kolektibitatea»

«Garapen Kontseiluan jadanik badugu bakearen desmartxa hogei urte hauetan, lurralde honentzat ekintzak eta proiektuak eraikiz. Eta aurten kolektibitatearen gaiarekin beste maila bat pasatu dugu abisuez haratago, zoritxarrez kolektibitatea ez badugu ere oraino. Baina gaurkoa interesgarria da zeren Manuel Vallsek esan zuen ETAk armak itzuliak ez zitueno ez zuela kolektibitaterik emango. Bada, nahi diot esan: Manu, hemen bazara, ETA ari da egiten berea, eta guk nahi dugu gure kolektibitatea».

EÑAUT ARAMENDI LAB sindikatua

«Bi estatuak behartuko ditugu guk aurrera eginez»

«Interesgarria izan da oso egungo foruma. Bagenekien aurrera asko dagoela egiteko, baina orain arte atzera begira bageunden, gaurkoak aurrera begira jartzen gaitu, nahiz eta bi estatuekin egin beharko dela jakin. Gizarte zibilak asko badu egiteko bere aldetik. Guk ere, sindikatuen artean sekulako lana badaukagu egiteko ondoko aste, hilabete eta urteetan ere, hain segur. Ez du beste erremediorik, bi estatuak behartuko ditugu guk aurrera eginez. Sindikatuen artean gauza bera da. Segituko dugu proposamenak egiten, eta espero dut ahal bezain fite lortuko dugula esertzen mahai beraren inguruan horretaz hitz egiteko. Hori izanen da lehen urrats bat gero aurrera egiteko, gatazkaren konponbidea bururaino eramateko. CGT sindikatuarekin bildu ginen duela bi urte. Ez dugu lortzen akordiorik, baina mugimenduak badaude, nahiz eta ez dugun lortzen oraindik nahi bezala hitz egitea. Baina aurrera eginen dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.