Eragile ugarik uste dute 13/13 auzia «iraganeko kontua» dela

Auzipetuek ondorio hori atera dute bilera errondatik. Bi manifestazio egingo dituzte 10ean

Julen Zelarain, beste auzipetuek eta zenbait herritarrek lagunduta, atzoko agerraldian, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2021eko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Uztailaren 12an zortzi euskal herritar epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, 2010ean euskal presoen eskubideen alde egiten zuten lana «ETAren manupekoa» zelakoan; orotara, 77 espetxe urte eskatzen dizkie fiskaltzak. Auzipetuen izenean Julen Zelarainek esan duenez, zenbait eragilerekin bilerak egin dituzte auziaren nondik norakoak azaltzeko, eta jaso duten iritzi orokorra izan da haien kontra abiarazitako auzibidea «iraganari» dagokiola eta «gainditutako egoera batera itzultzea» dela.

EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos alderdiekin batzartu dira, bai eta ELA, LAB eta UGT sindikatuekin eta EAEko Arartekoarekin ere. Laster biltzekoak dira CCOO sindikatuarekin eta Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko ordezkariekin ere.

Zelarainek azaldu duenez, bilera horietan eragileek egiaztatu dute «oinarrizko eskubideen urraketa larriak» gertatu direla: tortura salaketak, CNI Espainiako zerbitzu sekretuek auzi honetan dituzten agiriak desklasifikatu nahi ez izana eta non bis in idem edo akusatu bat delitu beragatik ezin dela birritan epaitu dioen printzipioa urratu izana.

Baina, horrez gain, eta Zelarainen hitzetan, eragile gehienak bat etorri dira «epaiketa honek orain zeri erantzuten dion» galdetzean: «Eragile horietako inork ez zukeen imajinatuko Aieteko Konferentzian ziklo berri bat ireki eta hamar urtera oraindik ere gai honetaz hitz egiten jarraituko genuenik, eta horrelako epaiketa bati heldu beharko genionik», azaldu du Zelarainek.

Auzipetuek uste dute sektore batzuk «erosoago» daudela «iraganeko agertokietan», eta ahalegin guztiak egiten ari direla gaur egungo egoera politikoa «desitxuratzeko». Horregatik, dei egin diete Euskal Herriko eragile politiko, sindikal, sozial eta instituzional guztiei beren desadostasuna ager dezaten epaiketa honen eta «jada gaindituta dauden egoerak berriro sortzeko» ahaleginen aurrean.

Uztailaren 10ean manifestazioak egingo dituzte Donostian eta Bilbon, Saguesetik eta Jesusen Bihotza plazatik abiatuta, hurrenez hurren, 13/13 epaiketari ez. Irtenbidera lelopean. Mobilizazio biak 12:00etan hasiko dira.

Tortura salaketak

Auzi honek 2010eko apirilean egindako sarekada batean du oinarria; gaur egungo Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak agindutako polizia operazio hartan, hamar lagun atxilotu zituzten, azkenean hamahiru auzipetu bazituzten ere. Atxilotuetako zenbaitek torturak eta tratu txarrak salatu zituzten.

Azkenik, zortzi izango dira uztailaren 12an epaituko dituztenak, den-denak euskal presoen abokatuak edo presoen aldeko mugimenduan aritutakoak: Arantza Zulueta, Iker Sarriegi, Jon Enparantza, Julen Zelarain, Naia Zuriarrain, Saioa Agirre Arauko, Nerea Redondo Otamendi eta Juan Maria Jauregi. Haietako zenbait delitu berberengatik epaituak izan ziren bere garaian, eta batzuek espetxe zigorra ere bete zuten.

Auzipetuek inoiz adierazi izan dute prest daudela fiskaltzarekin akordio bat egiteko «traba hau paretik kenduko badugu», baina Auzitegi Nazionaletik datozen zenbait zantzuk, adibidez Bateragune auzia berriro egiteko nahian tematzeak, ez dietela motibo askorik ematen baikorrak izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.