«Hirugarren aro edo zuzendaritzaldia etorriko da, eta honek jarraitzen du. Ondo pentsatutako zerbaitetan gabiltzan seinale da hori». Euskalgintzaren Kontseiluak 25 urtetan iraun izana bera bada norabidea finkatua izatearen erakusle, Xabier Mendiguren erakunde horretako lehen idazkari nagusi izandakoaren arabera: «Argitasun bat badaukagu egin nahi dugun bidea egiteko. Orain falta dena da indartzea eta bizkortzea, baina helburuak nahiko garbi daude».
Etzi egingo du mende laurdena euskararen normalizazioaren aldeko gizarte erakundeen bilguneak, eta sortu zeneko helburu paretsuak dituela uste dute Mendigurenek berak, Pilar Kaltzadak eta Joanmari Larrartek: euskalduntze prozesua azkartzea. Sorreran eta ondoko urteetan elkarrekin aritu ziren eginbehar horretan hirurak, eta sarritan egiten du bat haien atzerako begiradak. Egindako bidearen aitortza gailentzen da, baita bidean aurkitutako harriei gain hartu izanarena ere. Hala ere, agertu dira bidera harri berriak, eta bat datoz hirurak: lehengo batzuk bere horretan jarraitzen dute.
Ikusi gehiago:Paul Bilbao: «Adostasun politikoek edukia behar dute; ez gaude argazkien garaian»
1997ko abenduaren 6an aurkeztu zuten Euskalgintzaren Kontseilua —Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua zuen hasierako izena—, Durangoko Azokan. Bi urte lehenago jada hasita zegoen mamitzen, ordea, eta euskalgintzako erakundeak hasiak ziren bateratzeko eta norabide berean jartzeko asmoez gogoeta egiten. Donostian, «Mirakruzetik gora, Egia aldera» zegoen frantziskotarren etxe bat aipatu du Mendigurenek, egitasmoaren balizko sorleku moduan. Leku «erreferentziala» zen hura, haren esanetan, euskalgintzaren bueltan zebiltzan hainbaten «topalekua».
Lehenago hasi zen kontua, ordea, Larrartek ñabartu duenez. Egunkaria Sortzen taldearen batzar baten ostean hartu zuen abiada egitasmoak, haren arabera. «Hasi ginen bilera batzuk egiten. Oker ez banago, lehenengoa Miramarren izan zen, jende dezenterekin. Han talde bat eratu zen, eta eta bi astean behin elkartzen ginen, Elgoibarren», ekarri du gogora. Talde eragile horren lana 1997ko martxoan amaitu zen: Euskararen Unibertsoa jardunaldiak egin ziren Donostian, eta han erabaki zuten Kontseilua eratzea. Batzorde eratzaileak hartu zuen lekukoa. Han onetsitako txostenean euskararen unibertsoa definitu zen —«euskaraz egin, berregin eta sozializatzen den kultura eta gizartea»—, eta euskararen unibetsoarean aldeko mugimendutik bereizi. Hain justu, mugimendu hori garatzeko asmotik etorri zen, ondoren, Kontseilua.
Beharrak eta garaiak, biek ahalbidetu zuten kezka horren bueltan euskalgintza elkartzea. Bazegoen, besteak beste, ahalegin kolektiboak lorpen bilaka daitezkeenaren sentsazioa, Kaltzadaren ustez; hein handi batean, Euskaldunon Egunkaria-ren aurrekariagatik —boikot instituzionala atzean utzita, martxa hartua zuen proiektuak—: «Esango nuke, neurri batean, garai hori euskalgintzarentzat fundazionala izan zela. Bazegoen sentimendu partekatu bat: 'Bagara. Ez bakoitza bere aldetik, baizik eta elkarrekin bagara eragile bat, eta badugu eragiteko gaitasuna'». Euskalgintza aurreko «normalizatze prozesu» batean zegoela uste du Larrartek. Kezka hizkuntzak berak ere sortzen zuen, ordea, egituretatik harago: «Azken batean, erakundeak tresnak dira. Gu sortu gara Euskal Herrian euskaraz bizi ahal izateko. Horretarako zer egin behar dugu? Gogoeta horrek eraman gintuen Kontseiluaren dinamikara, eta esatera: hemen bestelako politika baten beharra dago».
Unearekin «sinkronizatuta»
Momentuko giro politikoak ere aldeko haizea harrotu zuen, hein batean. Ajuria Eneko Itunak markatutako garaia amaitzen ari zen, eta Kontseilua sortu eta hilabete batzuetara izenpetu zuten Lizarra-Garaziko akordioa. «Benetako itxaropena zegoen, bai herri bezala, baina baita euskalgintzan ere. Ikusten zen bazela momentua eta garaia urrats handi bat egiteko, eta egon zitezkeela aukerak horretarako», azaldu du Larrartek. Ildo beretik, Kaltzadak uste du euskalgintza «sinkronizatu» egin zela «momentu sozial eta politikoarekin».
Testuinguruak erraztu zuen «diplomazia» lana. Horretan, Iñaki Zabaletaren ekarpena nabarmendu du Mendigurenek: «Garrantzia ematen zion zehazteari eta argitzeari gu denok nondik nora genbiltzan eta nora joan nahi genuen».
Kontseilua sortzeak ekarri zuen, era berean, «interlokuzio» berri bat sortzea administrazioarekiko, Kaltzadak azaldu duenez, eta aitortu du horrek «zailtasunak» ere eragin zituela. Hiru estilotako erreakzioak ditu gogoan Mendigurenek: «itxaropenezkoak», «animo handikoak» eta «mesfidantzazkoak». Erantzun «positiboa» gailentzen zen hala ere, zehaztu duenez. Garai aldaketak ere eragin zuen aldaketa erakunde publikoek Kontseiluarekiko zuten posizioan, Larralderen esanetan: «Lizarra-Garaziren amaierak ekarri zuen distantzia hartze bat». Orduan gertatzen zena egungo harremanean ere ikusten du islatuta: «Oraindik ez dugu asmatua herri bezala nola lan egin behar dugun instituzioek eta herri ekimenak elkarrekin. Herri ekimenetik indar bat hartzen denean, kezkaz hartzen da batez ere, eta, nolabait, kontrabotere bat bezala, gauzak aurrerabidean jartzeko aukera bezala bainoago».
Bai Euskarari kanpaina jarri zuen abian Kontseiluak, sortu eta berehala. Haren dimentsioak ematen du orduko itxaropen giroaren neurria: 888 gizarte eragile atxiki zitzaizkion akordio sozialari, eta euskararen normalizazioaren aldeko prozesuan aktiboki parte hartzeko konpromisoa adierazi zuten. Babes soziala ikusgarriago egin zuen, ordea, 1998ko abenduaren 26an Euskal Herriko bost estadioetan egindako ekitaldi sinkronizatuak. 120.000 lagunetik gora elkartu ziren Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Miarritzen. «Mugitu genuen jende mordo bat, gizarte eragile mordo bat, bilerak han eta hemen... Egia esan, jendeak erraztasuna ematen zuen eta erantzun egiten zuen; ez zegoen ekin eta ekin ibili beharrik», gogoratu du Mendigurenek. Eta Kaltzadak, atzetik: «Astakeria bat izan zen». Urrira arte-edo estadioen ekitaldia estadio bakarrean egiteko asmoa zebilkiten buruan, gogora ekarri duenez, eta gero aktibatu zuten B plana. «Erronka hain zen basatia, derrigorrez jende askorekin kontatu behar genuela. Horrek ekarri zuen herri mailako batzordeen sorrera, batzordeen koordinazioa, elkarlana...».
Euskararen gaineko pertzepzioa «positiboa» zela argudiatuta ere arrazoitu du Larrartek ekitaldiaren arrakasta: «Bazegoen sentimendu bat: 'denon artean egin behar dugu posible Euskal Herri euskalduna; edo euskaldunagoa, behintzat».
Akordioa herrietara eramateko lanean murgildu zen, ondoren, Kontseilua. Nazio mailan euskalgintza saretzeak eragin zuen tokian toki euskararen bueltan antolatutako norbanakoek eta eragileek harremanak sendotzea ere. «Herri batzordeak behar izan genituen jendea estadioetara eramateko. Baina gero konturatu ginen herri batzordeak izatea bera helburu bat ere bazela, elkartze horietatik hamaika proiektu sortu baitziren. Hasieran instrumentala zen horrek gero emaitza ederra eman zuen», azaldu du Kaltzadak. Gidaritza eskaintzen zuen, beraz, Kontseiluak. Horretan, momentu hartan zegoen giharra hobeto baliatzeko aukera egon bazegoela uste du Mendigurenek: «Behar zen gidaritza egoki bat, ondo pentsatua, bitartekoekin eta abar. Eta hori antolatzean, beharbada, hobeto jokatu genezakeen. Garbi zegoen gauza gehiago ezin zitezkeela, bizkorrago eta indar handiagoarekin, baina hori gerora ikusten duzu. Momentu hartan ikasten ari ginen geu ere».
Lehen urteetako indarrari forma eman beharra zegoen, eta egituratze lan horretan aritu zen Kontseilua ondoko urteetan. Ezinbestean lan ikustezinagoa izan zen, ez hain «zaratatsua», Kaltzadak aitortu duenez: «Oso momentu txinpartatsu batetik gentozen, eta hainbatentzat, horren hurbil ez zeudenentzat, ondoko fasea ikusi zen beheraldi bat bezala, baina esango nuke egituratzeak ez direla normalean oso ikusgarriak izaten, barne lan handia eskatzen baitute».
Metatutako indarrak eta herri ikuspegiak balio izan zuen, halaber, kolpearen aurrean erantzuteko. 2003an iritsi zen, Guardia Zibilak, Juan del Olmo epailearen aginduz, Euskaldunon Egunkaria itxi eta hamar lagun atxilotu zituenean. Horri emandako erantzunean Kontseiluak izandako papera ezinbestekoa izan zen, Mendigurenek dioenez; erantzuna artikulatzeko, batetik, eta euskalgintzaren ordezkaritza lana egiteko, bestetik: «Euskalgintza moduan, politikariei esaten genien zer behar zen eta nola erantzun behar zitzaion egoerari. Gauza horiek egiteko Kontseilua hor egotea ezinbestekoa izan zen». Egoera horren aurrean herri kontzientzia piztu zela uste du Mendigurenek, eta lagundu zuela horretan aurrez egindako lanak.
Kezka ere handia zen, Larrartek gogora ekarri duenez, eta egoera, egunkariarentzat berarentzat ez ezik, euskalgintzako gainerako eragileentzat ere, «zaila» zela oroitu du: «Gure artean zalantza zen: Eta hau non geratuko da? Edo zein izango da hurrengoa? Garai oso zailetatik igaro gara, baina eutsi egin zaio beti».
Eginez eragin
Egitea eta eragitea, biak egin beharra planteatu zuen hasieratik Kontseiluak, Larrartek azaldu duenez, baina, aldi berean, egitea bera eragitea ere bazela zehaztu du. Arloz arlo egitasmoak martxan jarri zituzten: hizkuntza eskubideen egoera azaleratzeko, Hizkuntza Eskubideen Behatokia sortu zuten; eremu sozioekonomikoan eragiteko, Bai Euskarari ziurtagiria... Euskal Herri osorako balioko zuen plan estrategiko baten baitako proposamenak ziren guztiak, alorrez alor prozesu hori ekarpena egitea helburu zutenak, Larrartek azaldu duenez: «Elementuak sortu nahi genituen herri ekimenak eta instituzioak elkar hartuta garatzea nahi genuen eta Euskal Herria euskalduntzera eramango zukeen plan estrategiko horretarako». Bi hankako prozesu hori hankamotz geratu zen, ordea, administrazioak ez baitzuen parte hartu. «Ehunka eragilek parte hartutako proiektu bat izan zen plan estrategikoarena, baina denok genekien benetan plangintza eraginkor eta egingarri bat izateko, beste hanka ere behar zela».
Hain justu, akordioak eta proposamenak maila sozialetik politikora eramateko ezintasuna izan da euskalgintza sozialaren bereizgarrietako bat. Hori aldarazteko lanean ari da Kontseilua egun ere. Hizkuntza politiketan eragiteko Batuz Aldatu adostasun soziala aurkeztu zuen iazko ekainean, eta itun sozial horrek zehaztutako norabiden egin ditu proposamenak ordutik, arloz arlo. Ehun eragiletik gora atxiki zaizkion adostasun sozial hori «adostasun politiko» bilakatzeko talde eragile bat aurkeztu du berriki. Ezagutzaren unibertsalizaziorako bidea egitea eta euskaraz «eroso bizitzeko» espazioak sortzea proposatzen du Batuz Aldatuk. Bada, bi zutabe horiek oinarrizkoak direla uste du Larrartek: «Horretan akordio bat gauzatzeko moduan ez bagaude gure herrian, ez daukagu etorkizunik».
Argi du euskarak behar duela, egun, «akordio politiko zabal» bat: «Helburua finkatuko dugu behingoz? Zeren uste dut falta zaiguna, bereziki, dela adostea nora iritsi nahi dugun. Nola iritsiko garen uste dut badakigula». Akordioaren ulerkeran ere egon daiteke arazoa, dioenez. «Askotan oso erraza da akordioetara iristea uste badugu mundu guztiak egon behar duela akordioan. Baina denen parte hartzea inoiz ez da lortuko». Instituzioek oraindik ere «beldurrak eta mamuak» dituztela uste du, horri lotuta, Mendigurenek. «Ez baita ikusten non dagoen arriskua, zertan legokeen tranpa. Zeri diote hainbesteko beldurra instituzioek?». Interlokuzioak joriagoa behar lukeela uste du, sarritan, euskalgintzatik eta Kontseilutik egindako proposamenei atea itxi ondoren, horretarako arrazoirik ere ez baita ematen. Hartu-eman horretatik harago, «gobernantza ereduaz» hitz egin beharko litzatekeelakoan dago Larrarte. Momentuz, ez du «borondaterik» ikusten horretarako. Edonola ere, akordio horretako baldintzak sortzen jarraitzearen beharra nabarmendu du.
Kaltzadak ere ez du beste biderik posible ikusten, ez bada «proposamenak egitea eta interlokuzio eta konfiantza giro hori lortzen beste behin saiatzea». Bada laguntzen ez duen zerbait, «herri honen» bereizgarri dena, haren irudiko: «Ez gara oso trebeak zeharkakoak, bizitzako esparru guztiak ukitzen dituzten gaiak, kudeatzen. Berehala zokoratzen ditugu, eta sekulako iraultzatzat ikusten ditugu pixkanaka gauzak aldatzea eragingo luketen aldaketak». Halaber, uste du akordiorako prozesua bera ere ez dela egiten sarritan. «Proposamen bat egiten denean, ez da egiten amaieran horixe bera izenpetu dezagun, baizik eta bidea egin dezagun. Badirudi halako prozesuak proposatzen direnean aldez aurretik ados egon behar dugula akordioaren terminoetan, bidea egin ahal izateko. Baina ikuskera okerra da hori, adostea bukaera baita, ez hasiera». Edozein modutan, herri ekimenaren eta euskalgintzaren artean lankidetzarako giroa hobetzen ari delakoan dago.
Egokitzeko gaitasuna
Akordioetatik harago, hiru mahaikideek aitortzen diote Kontseiluari eragiteko gaitasuna. Bere baitara esparru askotako norbanako eta eragileak bildu izanak, eta, horiekin batera, arloz arlo proposamenak egin izanak duen balioa nabarmendu dute, baina baita bere diskurtsoa hedatzeko eta besteena baldintzatzekoa ere. Larrarte: «Ez dut uste Bikain existituko litzatekeenik Bai Euskarari ziurtagiria sortu izan ez balitz, edo Elebide exisitituko zenik Hizkuntz Eskubideen Behatokia martxan jarri izan ez balitz. Are, duela 25 urte ez zen hitz egiten hizkuntza eskubideez. Behatokiaren sorrerak eta urteetako lanak ekarri du diskurtso batzuk mahaigaineratzea, bai gizarte mailan eta baita maila politikoan ere».
Beste bertute bat ere ikusten diote: garaira moldatzeko gaitasuna. 25 urte joanda hasierako helburuetan berresteak eragin dezake frustrazioa, hiru hizlariek aitortzen dutenez, baina gizarte mugimenduek izaten dituzten gorabeherak aintzat hartu behar direla uste dute, eta aldaketak, maila sozialean, denbora behar izaten dutela ere bai. «Nola liteke 25 urte eta gero esatea Kontseiluaren erronka lehengo bera dela? Bada, hala da. Eta nik uste dut falta zaigula bidearen zati oso garrantzitsu bat. Gizarte aldaketak motelak dira, baina, orokorrean, esango nuke euskararen aldeko posizionamendua ari dela aurrera egiten. Beste kontu bat da ea hizkuntza ohituretara eta eskubideen errespetura eramaten den». Dena den, momentuko erritmoan ez ezik, apur bat azkarrago joatea ere badagokio Kontseiluari, Kaltzadaren ustez, eta bere jakintza eta indarra baliatzea bide urratzaile izateko. «Indar metaketak ematen dio aukera lidergoaz jabetu eta egitasmoak planteatzeko eta proposamen gaitasunean ekimena erakusteko».
Edozein gizarte mugimendutan daude gorabeherak, Larrartek erantsi duenez; baita Kontseiluan ere. Zilegitasun faltak Kontseiluan nahiz haren baitako erakundeetan eragindako trabak aipatu ditu, besteak beste: «Euskalgintzak lortu zuen Kontseiluaren inguruan biltzea, baina ez zuen lortu eragile bezala behar bezalako onarpena izatea eta behar bezalako lan baldintzak izatea. Horrek Kontseiluaren garapena zaildu du». Edonola ere, Kontseilua tresna eraginkorra delako seinale da, harentzat, hasieran batu zitzaizkion erakundeek egun ere bertan jarraitzea. «Oraindik ere Kontseiluaren ekimena beharrezko ikusten dute aurrera begira, euskalgintzaren bilgune bezala, euskararen normalizazioaren alde akuilu lana egin dezakeen neurrian».
Bere lanari «ondorengotza» emateko izan duen ahala goraipatu dio Mendigurenek Kontseiluari: «Hiru fase izango ditu Kontseiluak epe laburrean. Horrek esan nahi du baduela azpikontzientzia bat bere ibilbide horretan etorkizunari aurre egiteko eta bide berriak antolatzeko».
Ikusi gehiago:«Euskarak izan behar du hezkuntza sistemako hizkuntza normalizatua»