VII. Inkesta Soziolinguistikoaren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak astelehenean aurkeztu zituen Eusko Jaurlaritzak. Eremu euskaldunenetan erabilera apaltzen ari dela erakusten duten grafikoak ikusi dira berriro, eta datuok gaiaren gainean lehendik ere erakutsi izan duten kezka berrestera datozela onartu du Iraitz Lazkano UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakari eta Elgetako alkateak (1987, Elgeta, Gipuzkoa). Inkestan datu «positibo» hainbat agertu izana goraipatzekoa dela onartu du, baina atzerakada erakusten duten datuei ere tentuz erreparatu behar zaie: «Euskara hegemonikoa den inguru horiek poliki-poliki husten ari dira». UEMAn, hala ere, badituzte pozteko motiboak, sendotasun ezaugarriak; larunbat honetan Azpeitian (Gipuzkoa) egingo den ekitaldi batean, hain justu, beste lau udalerri sartuko dira mankomunitatean; ehun udalerriren langa gaindituko dute, eta ospakizun bat ere egingo dute horren harira.
VII. inkesta kalean da, labetik atera berriak dira datuak, eta, eremu euskaldunenetara begira, badira kezkarako motiboak. Zer interpretazio egiten duzue?
Gu aspaldi ari ginen esaten: moteltzen ari da udalerri euskaldunetan euskararen gorako joera, kasu batzuetan jaisten ere bai, eta erabileran beherako joera ikusi dugu. UEMAren ikuspegitik, uste dugu udalerri euskaldunak eta arnasguneak direla euskararen biziberritzerako giltzarrietako bat, ez bakarra, baina giltzarrietako bat dira; behar dira halako eremuak, zeintzuetan hizkuntza bat hegemonikoa den. Baina galtzen edo lausotzen ari dira.
Baina UEMAn pozteko datuak ere badira: 101 udalerri izango zarete laster mankomunitatean; 305.000 lagun bizi dira horietan.
Datu horiek UEMAren sendotasunaren isla dira. Are gehiago azkenaldian sartu zaizkigun udalerrien tipologia kontuan hartuta. Orain arte UEMAn sartzeko baldintzak betetzen ez zituzten herriak mankomunitatean sartzeko behar den euskara indizera hurbilduz joan dira poliki-poliki, eta horrek jarri gaitu erronka berri baten aurrean.
Zein dira erronka nagusiak?
Batetik, orain arte arnasgune izan diren udalerri euskaldun horiek mantentzea. Uste dugu euskararen biziberritzean ezinbestekoak direla; eta, bestetik, erronka da kontzientziazioa, ahalduntzea, eta, neurri handi batean, XXI. mendeak jarri dizkigun erronkak eta bizimodu berriak euskaraz ere egin daitezkeela frogatzea. Gero eta nabarmenago ikusten dugu ezagutzaren eta erabileraren arteko aldeari erantzun behar zaiola, eta ezagutzan egin dugun apustua, lortu diren emaitzak, erabileran jarri behar ditugula; erabilera da orain benetan indartu behar dugun esparrua.
Mankomunitatean sartzen ari diren tipologia berriko herriei begira, zein dira erronkak?
UEMAko herrien tipologia lehendik ere ez zen homogeneoa. Bagenituen herri txiki-txikiak, ehun biztanlekoak-eta, eta Bermeo edo Tolosaren antzekoak. Orain, sartzen ari diren herri hauetako datuei begira, ikusten ari gara hiztun askoren lehen hizkuntza ez dela euskara. Orain arte, UEMAko udalerriak arnasguneak izan dira askotan, eta, bereziki, etxeko transmisiotik jaso duten euskaldunak izan dira herritarrak. Orain, hori ez da kasua. Horrek dakarren erronka da nola eragin erabileran, eta hor hainbat giltza ikusten ditugu: kulturartekotasuna bultzatzea, hezkuntzan lanketa hedatzea, pantailetako kontsumora begira ere jartzea...
Erabilera duzue ardatz, baina saihestu beharrekotzat daukazue hiztunei leporatzea egon daitezkeen galeren gaineko errua...
Erabat. Sare sozialen eta pantailen inguruko erabilerari buruzko ikerketa bat egin genuen. Hau zen ondorioa: gazteek ez dute euskaraz kontsumitzen. Ados. Zergatik? Ez dutelako nahi? Edo ez dagoelako? Edo ez garelako gai euskararen mundutik behar diren erako edukiak sortzeko? Zergatik jo behar dute beste hizkuntza batzuetara? Beste hizkuntza oso indartsu batzuen erauntsiaren azpian gaude, eta horren kontra borroka egitea oso zaila da, eta ezin ditugu gazteak jo horren erruduntzat. Justu kontrakoa egin behar dugu: eskaini, motibatu eta ahaldundu egin behar ditugu.
Hori dena eginda ere, egun edukiz betetako mundu honetan erdaretan izango duten eskaintza beti izango da itsas zabala; euskaraz, dezente apalagoa...
Bai, eta erdarez ari garenean, ez gara ari soilik gazteleraz. Gazte gehienak ondo moldatzen dira hiru hizkuntzatan, eta abanikoa oso zabala da. Hor uste dut badagoela egitasmo oso garrantzitsu bat: Pantailak Euskaraz. Eta badagokigu instituzioei, UEMAri, eta bereziki beste batzuei eskaintza hori euskaraz bermatzea.
Zer babes klase behar da egun bidean aurrera jarraitzeko?
Ezinbestekoa da udalerri euskaldunen zaintza; behar-beharrezkoak dira, eta uste dugu hizkuntza politika eta politika publiko berezituak behar dituzten guneak ere badirela. Behin eta berriz nabarmendu dugu hori; legez ere babestu eta garatu beharreko eremuak dira, jendea bertan bizitzen gera dadin, eta toki bizigarriak izan daitezen. Bereziki-bereziki indarra hortxe jartzen dugu; babes eta zaintza horretan.
Eta zein da hori egiteko era?
Azpimarra jarriko nuke eragin linguistikoaren ebaluazioa egin behar horretan; hizkuntza zeharkako gisara ikusi behar da, eta erreminta horrek aukera ematen digu beste edozein proiektu egiten denean kontuan izateko proiektu horrek hizkuntzan ere izan dezakeen eragina.
Lege esparrua aski sendoa da hor aurrera egiteko?
EAEn Udal Legeak tresna dezente ematen ditu udalek hizkuntza politikak egiteko eta erabakitzeko zer hizkuntza irizpide erabiliko dituzten. Alde horretatik, lortu dugu lege babes bat. Baina garbi dago goragoko legeek babesten ez badute halako politikak aurrera eramatea, beti egongo dela helegite baten aurrean epaitegi bat kontrako sententzia bat eman dezakeena; azken urteotan egin diren aurrerapausoak bertan behera utziko ditu. Epaitegiak ari dira hizkuntza politika egiten; hein batean, instituzioek ez dutelako nahikoa botere edo nahikoa borondate hizkuntza politika horiek babesteko, eta udaloi behar den autonomia eta babesa emateko guk erabakitako hizkuntza irizpideak erabili ahal izateko.
Hizkuntza irizpideen kontrako epai ugari izan dira azkenaldian. Ezegonkorregia da egoera?
Orain, bai. Lege ikuspegitik ezer aldatu ez bada ere, orain daukagun ikuspegia da guztia kolokan dagoela, eta instituzioek tentuz ibili beharko dutela; adibidez, hizkuntza eskakizunekin-eta, edozein helegiteren aurrean atzera egin beharra izango dutelako, eta uste dut hori oso larria dela. Orain, zein instituziok babestu behar du hori?
Zuen ustez?
Denek, denek. Euskarak ez dauka esparru bat bera ere galtzeko: inguruko instituzio eta eragile guztiak beharko ditugu.
Iraitz Lazkano. UEMAko lehendakaria
«Erabilera da orain benetan indartu behar dugun esparrua»
UEMA handitzen ikusi du Lazkanok han kargua hartu zuenetik, harro: gainditzear dute ehun herriren langa. Kontrara, datuek erakusten dute, eta kaleetan ere sentitzen da, hiztun komunitateen trinkotasun galera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu