Eusko Legebiltzarreko hauteskundeei begira, EAJrentzat erreferentzia bat da Think Next laborategia, baina Xabier Barandiaran (Ataun, Gipuzkoa, 1969) EAJko Berrikuntza politikoko arduradunak «arnasa luzeko» proiektu gisa azaldu du, eta bozetatik aldendu. Barandiaranek uste du «herritarrengandik gertu egotea» izango dela gako nagusi bat alderdientzat.
Politika publikoak, naziotasuna, molde berrituak eta abar aipatu dituzue proiektuari loturik. Zein da Think Nexten helburu nagusia?
Bi erronka nagusi ditu: batetik, politikari buruzko hausnarketa egitea; gure herriak dituen erronka politikoei aurre nola egin lantzea, alegia. Bestetik, etorkizuneko herri politikak eta agenda politikoa jorratzea. Adituekin ari gara, bai, baina batez ere herritarrekin, gizarte eragileekin. Finean, hausnarketa gune bat da, garai berri batzuetan baikaude eta horrek hausnarketa bat egitea eskatzen baitu.
Entzunez eraiki prozesuaren ondorioetako batzuk izan dira alderdi kontserbadore gisa ikusten dela EAJ, eta lagunkeriarekin lotzen dela. Think Nexten ari zarete aztertzen EAJk nola hobetu behar duen gizartearekiko hurbiltasuna?
Entzunez eraiki-ren emaitza nagusia izan zen EAJk konfiantza handia sortzen duela, kritikak ere azaldu ziren arren. Demokrazia liberalak krisian daude, ez bakarrik EAJri dagokionez, orokorrean baizik. Globalizazioaren eraldaketa dago horren oinarrian; beraz, demokrazian sakondu nahi badugu, herri politikak modu sendoan eginez, herritarrengandik gertu egon behar dugu, herritarrekin lankidetzan aritu. Herrigintza egiteko modu kolaboratiboak landu nahi ditugu.
Orokortasunetik harago, EAJk berak bultzatu zuen alderdia berrikusteko prozesua, eta ondorio jakin batzuk atera zituen. Zertan aldatu edo hobetu behar du?
Agenda politiko berri bat landu behar dugu, etorkizuneko erronkei erantzuteko, eta, zalantzarik gabe, eraberritze prozesu bat garatu behar dugu. Alderdi politiko guztiek egin behar dute, eta guk ere bai. Egun hauetan ikusi dugu eraberritze hori abian dela. Udal eta foru hauteskundeetan ere islatu zen. Gizarteari entzutea funtsezkoa da, eta hori bezain funtsezkoa da entzundakoak eragina izatea gero.
Imanol Pradalesen hautagaitza eraberritze horren barruan sartu du EAJk. Iñigo Urkullu baino gazteagoa dela alde batera utzita, politikoki zer eskain dezake hark, Urkulluk eskain dezakeenetik harago?
EAJk proiektu bat dauka, eta garai berrietarako ondoen ordezkatzen duena Imanol Pradales da, baldin eta alderdikideek hala aukeratzen badute; gaztea eta prestatua delako, eta badatozen garaietarako gakoak ondo ulertzen dituelako. Datozen hamar-hamabost urteetarako erronkei heltzeko, belaunaldi berri bateko norbait behar da; Iñigo Urkullu eta Imanol Pradales EAJren erantzule dira, baina garai desberdinetan.
«Imanol Pradales kudeatzaile ona da, eta gertuko pertsona bat, herritarrengandik gertu dagoen lider bat»
Egungo egoerarako Pradales hautagai egokiagoa dela aditzera ematen ari zara?
Datozen hamar-hamabost urteei begira ari bagara, belaunaldien erreleboa funtsezkoa da, hemen eta beste leku batzuetan.
Bizkaiko Sustapen diputatu gisa egin duen ibilbidean aurki daitezke Thin Next-en nabarmentzen dituzuen ezaugarriak?
Imanol Pradales kudeatzaile oso ona da, eta haren kudeaketa etorkizunari begira egindakoa izan da.
Hurbiltasuna hobetzeaz ere ari zarete, herrigintzaz. Pradalesek hurbileko kudeaketa egin du?
Bai, zalantzarik gabe, baina beste kontu bat da oposizioak zer esaten duen. Imanol [Pradales] gertuko pertsona bat da, herritarrengandik gertu dagoen lider bat.
Oposizioak ez du ikusten Urkulluren eta Pradalesen arteko alderik arlo politikoan. EAJren hautagai berria lehendakaria balitz, sumatuko lirateke desberdintasunak?
Konparazio bat egin nahi duzu, baina ez dira konparagarriak, garai desberdinetakoak baitira. Iñigo Urkulluk ekarpen handia egin du aro garrantzitsu batean, eta, orain, herriak eskatzen duen moduan, eraldatze bat egiteko garaia da. Hori ez da jo behar aurrekoarekiko kontraesantzat, geroari heltzeko borondatetzat baizik.
«Eraldatzea ez da aurrekoaren kontraesantzat jo behar, geroari heltzeko borondatetzat baizik»
Think Next plazaratzean, Andoni Ortuzarrek esan zuen «pertsonak erdigunean» jarri behar dituela politikak. Egungo Jaurlaritzak baino gehiago jarriko lituzke pertsonak erdigunean Pradalesek, lehendakari balitz?
Herri honetan eraiki diren gizarte politikak, Europako aurreratuenetakoak, EAJk eraiki ditu. Pertsonak erdigunean jarri behar dira, eta EAJk orain arte egin duen bideari jarraituko dio. Ez dezagun ahaztu eredu publiko-komunitarioa EAJk ezarri zuela. Orain, erronka berriak daude gure adinaren piramidearekin lotuak. Eskari berriak datoz, baina gure eredu publiko-komunitarioak eredu bat ematen digu etorkizunerako.
Eredu publiko-komunitarioa esatean, publiko-pribatua esaten ari zara?
Ez. Publiko-komunitarioa da erakundeak lankidetzan jartzea herri interesekin aritzen diren gizarte eragileekin, ez interes pribatuen baitan daudenekin. Beste eredua eredu publiko hutsa da, ezker abertzaleak nahi duena. Guk ez dugu nahi administrazioa osorik estatalizatu; hori ez da izan gure herriaren eredua inoiz ere. BERRIA eta ikastolak zer dira? Pribatuak ala herri interesarekin egindako egitasmoak? Gure herriak aspaldian finkatu zuen eredu publiko-komunitarioa.
Urkulluk goratutako publiko-pribatuaren ardatza proposatzen duzue garai berriei erantzuteko?
Lankidetza gobernantza bat proposatzen dugu, herritarrekin egiten den lankidetzan sakontzea.
«Eraikuntza nazionalaren buru izateko pertsona egokia da Pradales»
Donostia—Duela aste batzuk, Think Next proiektua ezagutarazteko ekitaldian, EAJko presidente Andoni Ortuzarrek «autogobernu berri» bati lotua marraztu zuen geroa, «euskal nazio aurreratua» eraikitzeko. Erantsi zuen «bere buruaren jabe» izan beharko zuela nazio horrek, «irekia, inklusiboa eta euskalduna». Barandiaranek eta haren taldeak naziotasuna jorratu dute ez alferrik geroari begiratzen dion laborategian. Pradalesek lortzen badu Eusko Jaurlaritzako lehendakari izatea, erakundeetatik gidatuko al du EBB marrazten ari den ardatz subiranistagoa? EAJko Berrikuntza arloko arduradunak hala ziurtatu du.
Nazio aitortzan aurrera egiteko liderra izango da Pradales?
EAJk izan dituen lehendakarigai eta lehendakari guztiek bultzatu dute nazio eraikuntza. Asko dago egiteko atal horretan, eta hurrengo lehendakariari ere, EAJkoa bada, egokituko zaio naziogintzan aurrera egitea. EAJ alderdi abertzalea da, eta, horrela den heinean, hark lideratzen duen gobernu batek urratsak egin beharko ditu naziogintzan eta herrigintzan.
Plurinazionalitateaz hitz egiten du EAJk sarri asko. Baliteke subiranotasunak pisu handiagoa izango lukeen beste ziklo politiko bat zabaltzea bozen ondoren. Pradalesen soslaian badago burujabetzaren aldeko ezaugarria?
Imanol Pradales Euzko Alderdi Jeltzalekoa da, abertzalea, eta, beraz, funtsezko aktibo bat da gure herriaren eraikuntza nazionalean. Hurrengo urteetan naziogintzan ematen diren pausoek adostuak izan beharko dute. Gure herriak adostasun zabala beharko du, naziogintza ezin baitute bakarrik erakunde publikoek egin, herriarekin lankidetzan egin behar da eta. Adostasun politikoarekin batera, gizarte eragileen adostasuna beharko da. Prozesu horren buru izateko pertsona egokia da Imanol Pradales.
Hilabete gutxi barru hauteskundeak datoz berriro. EAJk boto asko galdu ditu azken bi deialdietan. Think Next erreferentzia bat izango da kanpainarako?
Laborategia ez dago hauteskunde hauetara begira, aurrerago begira baizik. 2024 osoan dugu egitaraua, hausnarketa ezin baita epe jakin baterako bakarrik egin.
Baina alderdiak edango du hausnarketa horietatik?
Neurri handi batean, laborategiko hausnarketak proposamen izango dira herrigintzarako, bai.