Gernikako Estatutuaren 44. urtemugaren efemeridea baliatu du EH Bilduk adierazteko «ez duela burujabetza itzulgarririk nahi». Horretarako egin dute agerraldia Irungo Santiago zubiaren oinezko pasabidean Maddalen Iriartek eta Pernando Barrenak; bistarazteko, Hego Euskal Herria eta Ipar Euskal Herria lotzen dituen pasabidea itxita egon dela «euskal herritarrek hartu ez duten erabaki baten ondorioz». Irun eta Hendaia artean ibiltzen diren milaka pertsonari eragin die erabaki horrek egunero, eta «herri honetakoak ez diren pertsona eta erakunde batzuek hartu dute erabaki hori». Duela aste batzuk iragarri zuten irekiko zutela, baina, Iriarteren esanetan, «oso litekeena da ez betetzea, pasabideak itxita mantentzeko zeuden aitzakiak errepikatu egiten baitira».
Erabaki hori, egunerokotasunean euskal herritarrei eragiten dieten beste hainbeste bezala, Euskal Herrian hartzea defendatu du EH Bilduk: «Burujabetza itzulgarria dugula salatu nahi dugu, gaur duguna eta bihar ez duguna. Gaur mugak dira, eta bihar beste esparru batean izango da. Ez dugu subiranotasun itzulgarririk nahi, erabateko subiranotasuna nahi dugu. Izan ere, euskal herritarren gehiengo handi batek bere eguneroko bizitzan eragiten dioten kontu guztiak erabaki nahi ditu hemen».
Gogora ekarri du Euskal Herria bi estatutan eta hiru administraziotan banatutako nazioa dela: «Oraindik ere bere eskubideak aitortuak ez dituen eta subiranotasun itzulgarria duen nazioa da gurea». Eta nazio gisa aurkeztu eta eskubideak aldarrikatzeko azaroaren 18rako deia egin du, Bilboko manifestaziora: «Nazioa garelako».
Barrenak, aldiz, salatu du Santiagoko zubiak migrazio prozesuan dauden pertsonentzat duen eragina: «Irun-Hendaiako pasabideak ezin du funtzionatu Europar Batasunaren kanpo-muga bat bezala». Salatu du Frantziako Poliziak nola ukatzen dien pasabidea Hegoaldetik Ipar Euskal Herrira igaro nahi dutenei: «Jendarmeak migranteengana hurbiltzen dira beren larruaren kolore ilunaren arabera; beren kanporaketa ez da inongo protokolo edota berme legalaren menpe ematen, ez dago prozedura administratiborik, ez dago abokatu baten asistentzia, ez zaie asilo eskaera egiteko aukerarik ematen, eta honek guztiak berotan ematen diren bueltatze horiek guztiak erabat irregular bihurtzen ditu». Europako Batzordean egoera hori salatu badute ere, ez zaiela jaramonik egiten esan du. Adierazi du migratzea giza eskubidea dela eta «derrigorrezko harrera kuotak» ezartzeko unea dela esan du, «migranteei iristen uzteko beren gogoko helmugara asilo prozedura eskatzeko».
Eskea, ospakizunik gabe
Eusko Jaurlaritzak ez du agerraldi berezirik egin Estatutuaren urtemugaren harira. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak Espainiako Gobernuari eskatu dio Estatutua osorik betetzeko. Onda Vascan egindako elkarrizketan esan du hori dela egin litekeen «omenaldirik onena». Erkorekaren arabera, eskumen aldaketen prozesua denbora gehiago egon da geldirik lanean baino. «Rajoyren gobernuaren garaian ez zen hatzik mugitu, eta Pedro Sanchezek egin zuen lehen keinu bat eskumen batzuk esku aldatzeko, baina gero geratu egin zen denbora luzez». Bizitzeko gutxieneko diru sarreraren eskumena iragan zen duela urte eta erdi, «geroztik ez da transferentzien batzorde mixtoaren deialdi bat bera ere egon auzi honetan aurrera egin ahal izateko».
Alberto Nuñez Feijoo PPko buruarentzat ere izan zuen mezua, astelehenean Gernikan izan baitzen Estatutuaren urtemugaren harira hura goratzen eta adostasunerako gune gisa defendatzen. «Paradoxikoa da Nuñez Feijoo Gernikako Estatutuaren printzipioen adierazpen bat egitera etorri izana Gernikara, azken hilabete luzetan bai Kongresuan, bai Senatuan PPko ordezkariek ekinbideak aurkeztu dituztenean eskumen aldaketen aurka», esan zuen Erkorekak.
Ahal Dugu-k ere ez du aparteko ekitaldirik egin, baina adierazpen bat argitaratu du. Arlo publikoko langileek egin zuten greba deialdiari erreferentzia eginez lotu zuen autogobernuaren defentsa zerbitzu publikoen defentsarekin, eta uste du zerbitzu publiko horien defentsa langile publikoak egiten ari direla. «Kontraesana da Eusko Jaurlaritza eskumenen zaindari gisa agertzea eta ez gai izatea zaintzeko guztien ongizatea bermatzen duten tresna: zerbitzu publikoak». Egunerako ateratako oharrean azaldu du prest dagoela «autogobernu eredu demokratikoago batean sakontzeko».