Zatiketa hotsak hasieratik izan ziren, baina goia jo dute orain, bost urteren ondoren. Gipuzkoako 96 apaizek gutun bat igorri diote Jose Ignacio Munilla gotzainari, haren jarrera itxiarekin kexu. Bost urteotako jokabidearen adibideak aipatu dituzte gutunean, eta ohartarazi dute herritarrak urruntzen ari direla Munillaren «estiloko» Elizatik. «Gure elizbarrutia zatitu besterik ez duzu egin». Areago, agintekeriaz jokatzea ere leporatu diote apezpikuari: «Elizbarrutia zure feudotzat hartua duzula dirudi, eta nahi duzuna nahi duzun eran egiteko ahalmenaren jabe bakarra eta osoa zarela». Munillari berari eskutitza ematera joan ziren, baina ez zegoen gotzaindegian atzo. Han utzi zioten gutuna.
Gipuzkoako elizbarrutian itzal handia duten apaizak daude sinatzaileen artean; besteak beste, Felix Azurmendi eta Patxi Aizpitarte bikario izandakoak, eta Jesus Maria Arrieta Donostiako seminarioko errektore ohia. 96 apaiz horien artean daude, orobat, Gipuzkoako elizetako 42 erretore eta bost artzipreste —parrokia hainbaten bilgunea da artziprestazgoa—. Eskutitza idaztea erabaki dute Donostiako elizbarrutia «norabide arriskutsuan eta irteera gabean» dagoelakoan, Munillak eraginda.
Frantzisko aita santuak Espainiako eta Hego Euskal Herriko gotzainei harrera egin zienean esandakoak hartu dituzte gogoan eskutitzean; aita santuak gotzainei ohartarazi zien ez jarduteko beren kabuz, bakardadean, eta aintzat hartzeko apaizen eta herritarren iritzia, «bai baitakite zein diren eguneroko behar eta kezkak». Munillak kontrakoa egiten duela salatu dute: orain arteko «haria» ez duela kontuan hartzen eta elizbarrutiko kontseiluei ez diela jaramon egiten. «Ez da onargarria».
Apaizak, Toledotik
Adibide asko aipatu dituzte: Donostiako seminarioa kendu eta apaizgaiak Iruñera bidaltzea, bakeari buruzko idazkiak, arduradun batzuk kaleratu izana, Bergarara kanpoko moja «neokontserbadoreak» ekarri izana... Elizbarrutia «desitxuratzen eta desegiten» ari da Munilla gotzaina, 96 apaizek ohartarazi dutenez.
Areago, apezpikuaren asmo batzuk ezagutarazi dituzte: kanpoko apaizak ekartzen hasiko da. Espainiatik ekarriko ditu, Toledotik. Seminario hori bereziki du gogokoa Munillak: han hasi zituen ikasketak, eta Gipuzkoako apaizgai batzuk hara bideratu zituen, Donostiakoa bazter utzita. Gipuzkoara itzultzen hasi dira han ikasitako apaiz batzuk. Apaizak ekartzea bere kabuz erabaki du gotzainak, gutunean diotenez.
Euskarak, toki eskasagoa
Apaiz berri horiek Munillaren «estilokoak» dira. Gainera, erdaldunak, «eta euskaraz ikasteko asmo handirik ez zaie ikusten». Hain zuzen, apaizek kezka agertu dute Gipuzkoa gero eta euskaldunagoa izan arren elizbarrutian leku gutxiago dutelako «euskarak, euskal kulturak eta Euskal Herriaren izateak eta egoerak». Eliztar asko «deseroso» daude.
Apaizak eta herritarrak aintzat hartzeko eskatu diote Munillari. «Hori kontuan hartzen ez duen gotzainak ezin du eliz elkartea bazkatu artzain onari dagokion eran».
Erabat «zatitu» da elizbarrutia
Munilla gotzainari gutuna bidali diote 96 apaizek: «Elizbarrutia zure 'feudotzat' hartua duzu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu