Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak eta harekin batera Hamaika Gara plataforma osatzen duten 23 eragileek mobilizaziora deitu dute biharko, Hamaika Gara erreferendumaren alde lelopean, erabakitzeko eskubidearen aldeko«herri gogoa» adierazteko. Deialdia Bilboko Areatzaren, Erripa kaiaren eta udaletxeko eta Arriagako zubien artean izango da, 17:30etik aurrera.
Gure Esku-k nabarmendu duenez, «aktualitateko gaia» da estatus politikoari buruzko erreferenduma: «Azken hilabeteotan herritarron kezka nagusiak osasun krisia eta krisi sozial eta ekonomikoa izan badira ere, begi bistakoa da krisia hobeto kudeatzeko eta krisitik nola irtengo garen erabakitzeko burujabetza behar dugula, erabakitzeko ahalmena behar dugula. Begirada altxatzen hasteko garaia da, unean uneko urgentziek zerikusi handia baitute etorkizuneko erronkekin».
Dinamikaren iritziz, «Europan zein Frantzia eta Espainiako estatuetan, erreferendum bidez erabakitzea izango da lurralde auziei konponbide demokratikoa emateko tresna».Eztabaida «pil-pilean» nabari dute, baita Euskal Herrian ere, udazkenean Euskal Autonomia Erkidegoko estatus politiko berriari buruzko eztabaida berraktibatzeko asmoa iragarri dutelako hainbat ordezkari politikok azken asteotan: «Bada garaia herritarrok ere adieraz dezagun zein den gure nahia: erabakitzeko eskubidea lege bilakatzeko aukera historikoa daukagu, eta ez gaude hori baino gutxiago onartzeko prest».
Ibaia eszenatoki
Mobilizazioa 17:30ean hasiko bada ere, sarrera-irteeretan jende pilaketak saihesteko, 17:00etarako agertzeko eskatu diete herritarrei. Burujabetzaren aldeko aldarriak eramateko dei ere egin diete: «Nork eraman dezala bere kartela, eta nahi izanez gero, eskura ditzala www.hamaikagara.eus/uztailak-3/ webguneko atal berezituan dauden ereduak».
Bi eszenatoki egongo dira: uretan bata eta lehorrean bestea. Bilboko itsasadarrean ibiliko den itsasontzi batetik Zetak, Olatz Salvador, Dupla eta Itziar Ituñoren emanaldiak eskainiko dituzte, eta Areatzako eszenatokian lekutuko da diskurtso politikoa. Gainera, mobilizazioan parte hartzeko asmoa duen jendeari «konpromiso txartela» eskuratzea proposatu diote, osasun neurriak egokitu eta mobilizazioaren gastuei «modu kolektiboan» aurre egiteko. 5 euro balio du txartelak eta Hamaika Gararen dendan eskura daiteke.
Mobilizazioa 17:30ean hasiko bada ere, eragileek hitza hartuko dute 16:30etik aurrera; Hamaika Gara osatzen dutenek, baina baita beste batzuek ere.
BERRIAk herenegun argitaratu zuen Amalur Alvarez Gure Esku-ko bozeramaileari eginiko elkarrizketa, eta, bertan, azaldu zuen «aktibatzea tokatzen» dela, «gutxienekoak argi azaltzeko: prozesua herritarron parte hartzean oinarritu behar da, eta erabakitzeko eskubidea oinarri gisa jaso behar du».