Korsika, Irlanda, Katalunia eta Euskal Herriko zortzi diputatuk osatu dute taldea: Pernando Barrenaz (EH Bildu) eta Izaskun Bilbaoz (EAJ) gain, François Alfonsik (Regions et Peuples Solidaires), Chris MacManusek (Sinn Fein), Toni Cominek, Clara Ponsatik eta Carles Puigdemontek (Junts Per Catalunya), Diana Ribak eta Jordi Solek (ERC). Halere, sustatzaileek azaldu dute taldeak «ateak irekita» dituela «herrien eta berdinen arteko gizarte inklusiboen autodeterminazio eskubidearen alde» lan egin nahi duten eurodiputatu guztiei, horiek karguan egon edo legebiltzarkide ohiak izan.
Taldearen berri emateko adierazpenean, sinatzaileek nabarmendu dute azken urteotan «Europako hainbat komunitate nazionalek antzeko erronkak» izan dituztela «haien legezko estatus politikoa berrikusi eta erabaki demokratiko baten bidez eraldatzeko». Hori dela eta, uste dute aukera bat dagoela «lurralde eztabaidak dituzten Europako hainbat nazio eta estaturik gabeko nazioak lankidetzan aritzeko Europako erakundeen baitan, ikuspegi komunak sustatzeko, jarrera partekatuak adosteko eta Europa mailako 'Argitasun Lege' baten beharra defendatzeko, Europar Batasunaren barnean autodeterminazioari buruzko eztabaida demokratikoak ebazteko tresna gisa».
Taldea sustatu dutenetariko lauk -Barrenak, Bilbaok, Cominek eta Solek- Europako Batasunaren geroaz gogoetatu zuten uztailean, Eusko Ikaskuntzak, Coppieters eta Ezkerraberri fundazioek Bilbon antolatutako mahai inguru batean. Azaroan, berriz, Subiranotasunaren lurralde gatazkak konpontzeko jardunbide egokien kode bat prestatzeko oinarriak izeneko dokumentua aurkeztu zuen Eusko Ikaskuntzak, Euskal Herriko, Kataluniako eta nazioarteko hainbat unibertsitatetako ikerlariek elkarlanean osatua.
Taldeak «aniztasuna» du ardatz, sortzaileen arabera, autogobernu maila diferenteak eta helburu politiko askotarikoak dituztelako. Nabarmendu dute, hain zuzen, batzuek independentzia dutela helburu; besteek, berriz, autogobernu maila handiagoa. Baina komunean dute uste bat: lurralde gatazkak «elkarrizketaren, negoziazioaren, arau garapenen eta berrespen demokratikoaren bidez soilik landu daitezkeela». Kataluniako kasua jarri dute adibide agerraldian, eta adierazi dute gisa horretako gatazkak «errepresioaren» bidez baino elkarrizketari esker konpon litezkeela. Halaber, azpimarratu dute estatu baten barneko lurraldeetan gertatzen diren gatazkak ez direla lurralde horretako arazoa soilik: «Europarentzako eta Europaren arazoak dira» adierazi du Toni Comin europarlamentariak.
Caucus-a osatu dutenek, era berean, «Europar Batasunak dituen balioak» partekatzen dituzte, «demokraziari, zuzenbide estatuari eta oinarrizko eskubideen errespetuari buruzkoak».
Europako Etorkizunari Buruzko Konferentzia
Europako Batasunean, egiteko dago Europako Etorkizunari Buruzko Konferentzia. Iaz egitekoak ziren, baina pandemia eta desadostasun politikoak tarteko, oraindik ez da eztabaida hori gauzatu. Orain, 2021eko lehen seihilekoan, Portugali dagokio EBren presidentetza, eta asmoa da hilabeteotan eztabaida hori bideratu ahal izatea. Horri begira, europarlamentarien taldeak uste du konferentzia horrek «aukera aproposa» eskaintzen duela «beren estatua sortu edo osatu nahi duten estaturik gabeko nazioen eta lurralde gatazkaren bat dutenen egoera mahaigaineratu eta eztabaidatzeko», eta, horregatik, haren xedea izango da konferentzia egiteko proposamena babestea: «Konferentzia honetan lagundu nahi dugu, komunitate nazionalen ikuspegiak mahaigaineratuz, argitasunaren eta gardentasunaren izenean».